Breadcrumb

Asset Publisher

Back ‘San Sebastian Region’ markak International Travel & Tourism Awards-ek emandako ‘Best Food Destination’ bigarren saria eskuratu du

‘San Sebastian Region’ markak International Travel & Tourism Awards-ek emandako ‘Best Food Destination’ bigarren saria eskuratu du

Maite Cruzado Turismo Departamentuko foru diputatuak jaso du Foru Aldundiari bere Txotx! kanpainagatik emandako saria, zehazki, helmuga gastronomiko hoberenaren bigarren saria, Gipuzkoako lurraldea sustatzen duelako sagardotegien tradizio gastronomikoari lotuta.

2018/11/07

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak "International Travel & Tourism Awards" edizioaren helmuga gastronomiko hoberenaren bigarren saria jaso du euskal erritu gastronomikoa den Txotx! kanpainagatik; kanpaina horretan Gipuzkoar Sagardogileen Elkartearen, Sagardoaren Lurraldearen eta Behemendi Donostialdea Bidasoako Landa Garapenerako Elkartearen laguntza izan du.Kanpainan benetako sagardotegia irudikatu nahi izan zen, eta sustapenerako elementu berritzaile bat erabili zen, «cider truck» ibiltaria, Madril, Galizia eta Frantziako Bretainian zehar ibili zena. Kanpainaren helburua zen turismoa sustatzea Gipuzkoako sagardotegietan. Horretarako, funtsezkoa izan zen sagardoaren kultura sustatzea atzerrian, haren balio nagusienak azpimarratuta. Alde batetik, Txotx! kanpainak sagardoaren ospea indartu zuen eta, bestetik, eskaintza gastronomikoa sustatu zuen.

Denis Itxaso lehen diputatu nagusiordeak positiboki baloratu du errekonozimendu hori, eta hau adierazi du: «sagardoa, eta produktu horrek lurrarekin nahiz tradizioekin duen lotura estrategia egokitzat hartu da, arreta jartzen duelako benetako ohituretan, gure destinoa diferentziagarri egiten duten balio berezietan. Sari horrekin indartu egin da Explore San Sebastian Region estrategia, argi ikusten delako Donostiak ospea eta kokagunea dituela nazioarteko gastronomia arloan, eta egoera hori aprobetxatu behar dugu Gipuzkoa ezagutzera emateko eta hiriburuak dituen sukaldaritzako ezaugarri berberekin aitortua izateko.  Foru diputatu honen iritziz, sari hori lehen mailako laguntza da, turismoaren sustapenari lotutako lurralde politikek emaitza ona dutela baieztatzen duelako eta hiriburuaren eta eskualdeen artean lan egiteko beharra berresten duelako,  betiere eskaintza aberatsa, desberdina eta integratua emate aldera».

Maite Cruzado Turismo Departamentuko foru diputatuak jaso du sari hori, turismo alorreko profesionalei zuzendutako nazioarteko topagune nagusienetako bat den World Travel Market-en barruan kokatzen den saria, hain zuzen. Topagune hori urtero egiten da Londresen azaroan, eta, bertan, 180 herrialde baino gehiagoko bost mila erakustoki inguru elkartzen ditu, guztira bidaia industriako 50.000 profesional baino gehiago. Profesionalei zuzendutako azoka da, negozio gune bat, non sektoreko profesionalen arteko lan bilerak, hitzaldiak eta aurkezpenak egiten diren. WTM-en helburua da industria turistikoaren garapena sustatzea mundu mailan.

Aurten, WTM topagunea azaroaren 5tik 7ra egiten ari da, eta formatu berri bat estreinatu da urteko sariei begira.  "The International Travel & Tourism Awards" izeneko sarien bitartez, erakundeek nahiz marketing kanpainen edo ekimen berritzaileen bidez sustatutako kasu arrakastatsuak aitortu dira. Guztira, 13 sari kategoria daude, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak «Best Food Destination» helmuga gastronomiko hoberenaren bigarren saria eskuratu du 2017. urtean egindako TXOTX! kanpainagatik.

 

  

1497