“Gaur gure finantza egoera indartzea funtsezkoa da biharko gizarte politika bermatzeko”
“Gaur gure finantza egoera indartzea funtsezkoa da biharko gizarte politika bermatzeko”
Diputatu nagusiak nabarmendu du foru erakundearen zorra krisi aurreko mailara jaitsiko dela datozen bi urteetan.
Zorra murriztu eta finantzen ikuspegitik indartzeko Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den ahalegina nabarmendu du gaur Markel Olano diputatu nagusiak. Azpimarratu duenez, foru erakundeak %31,25 murriztu du zorra 2015 urtetik hona, hau da, 175 milioi euro gutxiago. “Bi urte hauetan, 2020 eta 2021, gure zorra krisi aurreko mailara itzuliko da”, adierazi du. Diputatu nagusiak esan du jasangarritasuna “politika publikoetan funtsezko elementua” dela, bereziki alor sozialean: “Gaur gure finantza egoera saneatzea ekarpen oso garrantzitsua da etorkizuneko gizarte politika eta ongizatea babesteko, eta baita gure eskumenen erabilera librea bermatzeko ere”.
Foru arduraduna Batzar Nagusietan agertu da gaur, Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako batzordean, atzo Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Topagune honek urtean bi ohiko bilera egiten ditu, bata urrian eta bestea otsailean. Kasu honetan, atzoko topaketan aurreko urteko likidazioa egin zen, eta itunpeko zergen bilketaren behin betiko banaketan egin zen EAEko administrazioen artean.
Diputatu nagusiak 2019 urtearen balorazio oso positiboa egin du. Pasa den urtean, lurraldeak 5.024 milioi euro bildu zituen, aurreko urtean baino %3,9 gehiago. Lehen aldia da 5.000 milioien langa gainditzen dela eta, gainera, hirugarren aldiz jarraian zerga bilketa errekor berria ezartze da. Diputatu nagusiak adierazi du urtean zehar lurraldeak bi elementu negatibori aurre egin behar izan diola, zerga-bilketaren hazkundea murriztu dutenak: alde batetik, amatasun eta aitatasun prestazioei lotutako itzulketak, 30 milioi euro baino gehiagokoak direnak; eta bestetik, BEZaren itzulketen igoera (+% 11), esportazioak igo izanaren ondorio zuzena.
Olanok azaldu duenez, zerga bilketaren emaitza onak agertoki ekonomiko positiboaren ondorio dira: “Enpresek gehiago saltzen dute, enplegu gehiago dago, eta hau, gainera, kalitate hobeagokoa da”. Atzera begiratuz gero, nabarmendu du Gipuzkoak 2015ean biztanleria aktibo berbera zuela, baina gaur egun 22.000 langile gehiago eta 22.000 langabetu gutxiago dituela. Hori dela eta, Foru Aldundiak ekonomia sustapenaren alde egiten ari den apustuari jarraipena ematearen alde egin du. Hala ere, zuhurtzia mezu batekin itxi du atal hau: “Albiste onetara ohitzen ari gara, baina haizeak edozein momentutan aldatu dezake norabidea”.
Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen duten erakundeek pasa den urtean onartu zuten Ezohikoz Funtsa ere izan du hizpide diputatu nagusiak, aurten aktibatu baita lehen aldiz. Funts hau, Egokitzapenerako Funts Orokorra ez bezala, %50era finantzatzen da Eusko Jaurlaritza eta aldundien artean, eta Egokitzapenerako Funts Orokorraren zuzkidura lurralde guztiak beraien koefizientearen %99ko estaldurara iristeko nahiko ez denean aktibatzen da. “Orduan esan genuen bezala, akordio hari esker desbiderapenak zuzentzeko erreminta gehigarri bat lortu genuen, gure lurraldearen interesek hobeto defendatzeko. Eta agerian geratu da aurtengoan”, aldeztu du.
2303