“Topagune izan dadila leku hau eta gure herriak, gure ohiturek, izan dezatela hiru hagin hauek bezala sustrai, enbor, adar eta hosto sendoak”
Volver “Topagune izan dadila leku hau eta gure herriak, gure ohiturek, izan dezatela hiru hagin hauek bezala sustrai, enbor, adar eta hosto sendoak”
“Topagune izan dadila leku hau eta gure herriak, gure ohiturek, izan dezatela hiru hagin hauek bezala sustrai, enbor, adar eta hosto sendoak”
Gipuzkoako armarrian ageri diren hiru haginen oroigarri gisa landatu dute hagin bana Batzar Nagusietako lehendakariak, diputatu nagusiak eta Altzoko alkateak, “Ipuscua” izena idatzirik ageri den 1.025 urteko agiria gorde duen herriari Batzar Nagusiek egindako oparia.

Haginen landaketa
Agintariek hitza hartu dute haginak landatu aurretik. Lehenik, Xabier Ezeizabarrenak. Aurrena gogoan izan du ostiralean hil zen Jon Esnal, Batzar Nagusietako lehendakari izana 1991tik 1995era eta ondoren, Gipuzkoako armarriko hiru zuhaitzen esanahia aletzean, Gipuzkoaren eraketatik abiatu da. “Herriek beren borondatez erabaki zuten elkartzea Gipuzkoa eratzeko. Erabaki horren sustrai sakonak elkartasuna eta berdintasuna dira”. Hiru haginak Gipuzkoako hiru bailaren ikur direla azalduz, “Batzar Nagusiak izendatutako herrietan egiten zituzten, berdintasun zentzuz” eta balio horren gaurkotasuna azpimarratu du, “aldi odoltsuenetan ere, bagenuen zeri heldu gipuzkoarrek giza duintasunera itzultzeko eta zapalketak gainditzeko, onginahiz eta itxaropenez. XXI. mendean ere asko balio du berdintasunean elkartasuna eraikitzeko kultura propioa izateak, gizarte politika edo zerga antolaketa bidezko batzuk garatzeko, kanpokora adi eta geureari eutsiz”.
Zuhaitzek “iraupena, politikaren helburua” eta “askatasuna” ere iradokitzen dituztela adierazi du Batzar Nagusietako buruak. “Ezin dut ahaztu, 1000 urteko historia honetan, Gipuzkoak herri ikuspegia duela eta Euskadiko parte dela, bere borondatez” eta “Gernikako Arbola” aipatuz erantsi du “gure zuhaitzek askatasunaz hitz egiten” dutela, “lur honetan aske eta bakean bizitzeko eskubidea dugun jendeaz, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen herriaz” eta euskararen defentsa egin du “gurea delako, antzinako gipuzkoarrena zen bezala, eta gure ondorengoei utzi nahi diegulako beste ezerek ez bezala elkar ezagutzen eta batzen gaituena: gure hizkuntza zahar eta berria, euskara”.
Batzar Nagusiek Altzoko herriari Aiako Harritik, Herniotik eta Aralartik ekarritako hiru haginak oparitzea nabarmendu du Xabier Olano Altzoko alkateak, eta begirada zabaldu du: “Altzotik abiatu eta Nafarroako Azkaratera doan mendi-bidearen albotan hamarnaka, ehunka hagin topa genitzake”. “Gipuzkoa eta Nafarroaren artean mendez mende izan diren harremanen lekuko dotoreak dira, artadi, pagadi eta hariztiekin batera” esanda, orainaldira eta gerora begiratu du Xabier Olanok, adieraziz gaur landatutako hiru haginak “izan daitezela nafar eta gipuzkoarron harreman naturalen lekuko. Goza dezatela hementxe bertan Altzoko umeak, helduak eta adinekoak, euskara naturalki erabiltzen dugunean. Poztu daitezela bisitariek euskal kultura eta euskara errespetatzen dituztenean”.
Amaitzeko Eider Mendoza diputatu nagusiak berretsi du Euskal Herrian oso errotua egon den ohitura izan dela esanahi berezia duten zuhaitzen “babesean batzartu, hitz egin, elkarri entzun, eztabaidatu eta, ondoren, komunitatearen mesedetan erabakiak” hartzekoa. “Hain zuzen ere, Gipuzkoa hitzaren aipamen zaharrenaren milurtekoa ospatzen dugun honetan, erakundeok ere bat egiten dugu komunitatea indartzeko helburuan. Munduan zehar indibidualismoa eta kontsumismoa hedatzen ari den honetan, guk kontrako norabidean eragin nahi dugu”. Diputatu nagusiak hari horretatik laburbildu du bere mezua: “hagin hauek landatuz adierazi nahi dugu gipuzkoarron eta euskal herritarron komunitate balioak indartu nahi ditugula: elkartasuna, ekimena, berdintasuna, ausardia, berrikuntza, euskara, kultura… Mundura zabalik, baina gure sustraiak zainduz eta indartuz aurrera egin nahi dugula, alegia”.
Ospakizuna txalaparta soinuarekin girotu dute Juan Mari Beltranek eta Aitor Beltranek, Xabier Olano alkateak eta udalbatzak Gipuzkoakoei ongietorri eginda. Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako buruarekin batera ziren Mahaiko kide Zelai Amenabarro, Jesus Zaballos eta Jorge Mota, eta alderdi guztietako batzarkideak, besteak beste, Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVrena, Alberto Albistegi PSE-PSOErena, PPko Iñigo Manrique eta Elkarrekin Gipuzkoako Miren Etxebeste. Foru Aldundiaren ordezkaritza Mendoza diputatu nagusiak eta foru gobernuko lau diputatuk osatu dute: Irune Berasaluze Gobernantzakoak eta bozeramaleak, Felix Urkola, Bide Azpiegituretako diputatuak, Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdekoak, eta Goizane Alvarez, Kulturakoak.
4422