"Trafikoak errekuperatzen ari dira, eta COVID-19 baino lehenagoko zifretara hurbiltzen ari dira"
"Trafikoak errekuperatzen ari dira, eta COVID-19 baino lehenagoko zifretara hurbiltzen ari dira"
Zuhurtziaz bada ere, Gipuzkoako ahalmen handiko errepideetako trafikoen datuek joera positiboa islatzen dute Gipuzkoako ekonomian.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak prentsaurrekoa eman du, Alfredo Etxeberria Bidegi foru elkarteko zuzendari nagusiarekin batera, Gipuzkoako autobideetako trafikoek eta diru-bilketak azken hilabeteetan izan duten bilakaeraren berri emateko. Diputatuak adierazi duenez, "COVID-19ak herritarrak etxean konfinarazi dituen hilabeteen ostean, trafikoak suspertzen ari dira eta pandemia baino lehenagoko kopuruetara hurbiltzen ari dira". Oiarbidek gaineratu duenez, 'aurreko ekitaldietako aurrezkiari esker, Bidegik Gipuzkoako ahalmen handiko errepideen kontserbazioan eta mantentze lanetan inbertsio erritmoari eusteko adinako likidezia du'.
2020k portaera positiboa izan zuen lehen bi hilabeteetan, baina COVID-19ren agerpenak ziurgabetasun handiak ekarri zituen, prebentzio-neurri sanitarioetan islatzen zirenak, eta horiek, aldi berean, trafikoen beherakada handia eragin zuten. "Prebentzio-neurrien aplikazioak isla zuzena du, bai neurri horiek aplikatzerakoan, bai neurri horiek baretzerakoan. Aste Santu inguruan, jai egunak eta konfinamendua batera eman ziren, eta ibilgailu arinetan izan zuen eragin nagusia", adierazi du Aintzane Oiarbidek. "2019an bildutako datuekin alderatuta, ibilgailu arinen trafikoa %85 jaitsi zen une latzenean. Esanguratsua izan zen, halaber, nahiz eta pixka bat txikiagoa izan, kamioien intzidentzia; izan ere, kamioien trafikoa% 60 jaitsi zen Astunak 1etan (3,5 T- 12 t) eta% 42 Astunak 2etan (12 tonatik gora) ".
Konfinamendu-aldia amaitu ondoren, arin eta astunen trafikoak gora egin du pixkanaka. Irailaren 6tik 12ra bitarteko astean AP-8 eta AP-1 autobideetako Astunak 2 (+ 12 tonakoak) ordainduz egindako joan-etorriak adibide gisa hartuta, 85.237 ibilgailu zenbatu dira, iazko epe berean baino %1,23 gutxiago. "Susperraldi nabarmena, COVID-19ren aurreko parametroak lortu genituelako ia, eta Aste Santu bete-betean izan genuen %42,57ko jaitsieratik oso urrun", adierazi du Aintzane Oiarbidek.
Iraileko datuak agertoki egonkorra erakusten ari dira, baina ez behin betikoa, 2021eko aurrekontuak diseinatzeko erreferentzia fidagarri gisa balioko diguna". Datuek islatzen dute, halaber, epe labur eta ertainean inpaktu handiena hurbileko garraioan edo banaketan izango dela (Astunak 1), ostalaritzarekin, merkataritzarekin, aixialdiarekin eta abarrekin zerikusia baitute. "Errekuperatzea gehien kostatzen ari zaion sektorea da, eta kontsumoa gehien eragiten ari zaiona", adierazi du Oiarbidek. "Bestalde, ibilbide luzeko salgaien garraioa jarrera sendoa erakusten ari da, eta gaur egun 2019koen pareko bolumenetan dago".
"Oro har, iraileko datuak agertoki egonkor bat erakusten ari dira, nahiz eta behin betikoa ez izan. Trafikoak bat datoz aurtengo martxoan, pandemiaren berri izan genuenean, egindako aurreikuspenarekin, eta, beraz, kalkulatzen dugu 2020a ixteko diru-sarrerak % 21 murriztuko direla 2019arekin alderatuta. Diru sarrerei eta datuei dagokienez, gure aurreikuspena da Bidegiren aurreko ekitaldietan aurreztutako 13,2 milioi erabiliko ditugula hemendik urte amaiera bitarte", aurreratu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
Trafikoen beherakadaren ondorioz, diru-sarrerak % 27 jaitsi dira 2020ko urtarriletik abuztura bitartean, 2019ko aldi berarekin alderatuta. AP-8 eta AP-1eko kanona batuta, Bidegik 80.538.946 € jaso ditu, eta 2019an 110.390.794 € jaso zituen. "Bidegiren finantza-egoera sendoak aukera ematen digu egoera horri aurre egiteko, aurreikusitako inbertsioei eta finantza-betebeharrei dagokienez plangintza aldatu gabe, eta mantentzeko eta kontserbatzeko estandarrak mantenduta", nabarmendu du Oiarbide diputatuak, eta gaineratu du bidesarien bidez jasotzen diren diru-sarreren %100 autobideak kudeatzera, mantentzera eta hobetzera bideratzen dela. Hala ere, datuek egoera positiboa erakusten badigute ere, Aintzane Oiarbidek zuhurtziaz jokatzeko eskatu du, izan ere, "ez dakigu nola eboluzionatuko duen COVID19aren osasun krisiak eragin duen krisi ekonomikoak".
“2021era begira, 2020ko azken hiruhilekoan bezala, ziurgabetasun nagusia egoera ekonomikoak eta telelanak autobidearen erabileran izango duten eragina da. Baina, bestalde, 2021ean ez ditugu jasango udaberri eta uda honetan izan ditugun gorabehera zakarrak. Hori horrela, diru-sarrerak berreskuratzea espero dugu, eta egoera ezkor batean, 2017ko ekitaldiaren itxieran kopuru baliokideetan mugitzeko aukera emango digute ", esanez amaitu du Aintzane Oiarbidek.
1694