Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Zentro teknologikoek ezinbesteko papera jokatzen dute gure industriaren desafioei aurre egiteko garaian”

“Zentro teknologikoek ezinbesteko papera jokatzen dute gure industriaren desafioei aurre egiteko garaian”

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua IK4-Lortek zentroan izan da

IK4-Lortek

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru IK4-Lortek zentro teknologikoaren Ordiziako instalazioetan egon da gaur, eta bertatik bertara ezagutu ditu zentro honek lotura teknologien arloan instalatu berri dituen punta-puntako ekipamenduak.  Inbertsio berriek esker Gantry motako portale robot bat eta i-laser monitorizazio sistema bat erosi dira, eta horrela indartu egin da IK4-Lortek zentroaren ikerkuntza jarduera, Estatuko beste inon ez baitago halako azpiegiturarik.

Bisitan parte hartu dute, baita ere, IK4-Lortekeko zuzendari nagusiak eta presidenteak, Jose Antonio Etxarrik eta Iñaki Otañok, hurrenez hurren. Bertan izan dira Berrikuntza eta Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariak,  Garikoitz Agote eta Antton Tomasena.

Lotura teknologien arloko IK4-Lortek zentro teknologikoan 70 lagunek egiten dute lan, talde desberdinetan banatuta. 2002an sortu zen, lotura teknologien arloko erreferentziazko zentro eta ezaguera sortzaile bilakatzeko xedearekin. Testuinguru honetan, laser bidezko lotura teknologiei esker doitasun handiko loturak egin daitezke, ohiko teknologiak erabiliz sortzen dena baino bero gutxiagorekin, eta 1 mm baino gutxiagoko lodiera duten soldadurak egiteko gaitasunarekin. Laser bidezko lotura prozesuak gero eta gehiago erabiltzen dira arlo hauetan: automozioa, aeronautika, trenbideak, pieza unitario handiak, soldadura kordoi luzea dutenak edo produktibitate handiko serieak.

IK4-Lortek zentroaren inbertsio proiektu berri honen helburua izan da bi ekipamendu berri eskuratzea, Foru Aldundiaren laguntzarekin, tamaina handiko piezen arteko loturak egiteko eta laser bidez soldatutako loturak monitorizatzeko. I-laser monitorizazio sistemarekin, laser bideazko fabrikazio sistemetan monitorizazio sistema aurreratuak txertatuko dira, prozesuaren kalitatea bermatzeko eta ikerketan ere aurrera egiteko.  Bi ekipo berri horiei esker, laser bidezko fabrikazio integratua aztertu ahal izango da, sistema bakarrean, prozesua osorik gainbegiratzeko aukerarekin.

Testuinguru honetan, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak 70.000 euro jarri ditu bi ekipamendu horiek eskuratzeko, 210.000 euroko aurrekontuaren gainean, Zientzia eta Teknologiako Euskal Sarea laguntzeko programaren esparruan. Aldi berean, Goierri Berrikuntza Gunean kokatutako zentro honek garatutako zenbait ikerkuntza proiektu ere diruz-lagundu dira.

IK4-Lortek, hain zuzen ere, Fabrikazio Aurreratuko Gipuzkoa 4.0 Sarean dago. Hori horrela, hemendik gutxira jardunaldi bat antolatuko du, laser teknologiaren potentziala eta aplikazioak ezagutu nahi dituzten enpresa txiki eta ertainei zuzenduta.

Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk gogorarazi duenez, “berrikuntza da Gipuzkoako ehun ekonomikoaren lehiakortasuna bultzatzen duen motorretako bat” eta, beraz, IK4-Lortek bezalako zentro teknologikoak “funtsezkoak” dira. “Zentro hauei laguntzen jarraitu behar dugu, beharrezkoa den ezaguera sortzen jarrai dezaten, industriarekin elkarlanean, gure enpresei erronka teknologikoak gainditzen laguntzeko, eta fabrikazio eredu lehiakor eta berritzaileetarantz aurrera egiteko".

  

1912