Breadcrumb

Asset Publisher

Back "Zuen talentua inoiz baino beharrezkoagoa da etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko"

"Zuen talentua inoiz baino beharrezkoagoa da etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko"

Aldundiak antolatutako Gipuzkoa Talent Forum topaketaren bigarren edizioaren irekiera ekitaldian, diputatu nagusia "Gipuzkoako erakundeen eta eragileen arteko lankidetzaren alde" agertu da, 2018a "talentuaren urtea" izan dadin

"Giza talentua hazkundea, lehiakortasuna eta berrikuntza lortzeko faktorerik garrantzitsuena izango da XXI. mendean. Gipuzkoa gogotik ari da lanean erronka horiei aurre egiteko eta gizarte moderno gisa aurrera egiteko, jarduera ekonomiko berriak sortuz eta herritarren ongizatea bermatuz. Horretarako, zuen talentua, ezagutza eta sormena inoiz baino beharrezkoagoak dira etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko". Markel Olano diputatu nagusiak hitz horiekin eman dio hasiera, gaur goizean, Gipuzkoa Talent Forum topaketari, Miramon Teknologia Parkean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako topaketa honen bigarren edizioaren asmoa da giza kapitala sustatzea eta bultzatzea lurraldean, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko kapital horren beharra duten enpresekin konektatzea. Gaur goizeko topaketan bildu dira Euskaditik kanpo lanean ari diren 300 profesional baino gehiago, eta beren lan taldeetan talentu berria txertatu nahi duten 30 enpresa gipuzkoar. Enpresek beren proiektuak aurkeztu dizkiete bertaratu direnei eta, ondoren, topaketa bat egin da, non parte hartzaileek aukera izan baitute bertan zeuden enpresekin elkarrizketak egiteko eta beren ibilbide profesionalak aurkezteko.
Jardunaldiaren irekiera ekitaldian, diputatu nagusiarekin batera egon dira Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, eta Ainhoa Otaegui, 
nazioarteko proiektuen kudeaketa arduraduna Gipuzkoa eta Alemania artean lan egiten duen multinazional batean, zeinak hitz egin baitu talentuak gaur egungo gizartean duen garrantziaz.
Diputatu nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoa Talent topaketaren bidez Foru Aldundiak lortu nahi duena da "aukerak" sortzea, batetik, orain arte bere lanbide profesionala atzerrian egin duten gipuzkoarrentzat, eta, bestetik, enpresentzat, "etorkizuneko erronkei heldu ahal izateko behar duten talentua identifikatu" dezaten. "Gure ehun ekonomikoaren eraldaketari berme osoarekin aurre egin nahi badiogu, eta ekonomia gisa eta gizarte gisa dugun lehiakortasunari eutsi nahi badiogu, beharrezkoa da lurralde gisa lan egitea, talentu berria erakartzeko eta atxikitzeko", adierazi du. 
Horretarako, Ekonomia Sustapeneko Departamentua estrategia bat eta lan bat bultzatzen ari da, eta diputatu nagusiak aurreikusten duenaren arabera, laster emaitzak ematen hasiko da. "Gipuzkoako erakunde eta eragile guztiek lagundu behar dute horretan. Gogotik ari gara lanean, eta gure nahia da 2018a talentuaren urtea izatea Gipuzkoan", ziurtatu du diputatuak, lankidetza horretan sakontzeko deia eginez.
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak Gipuzkoa Talent Forum topaketaren bigarren edizioa antolatu du Ekonomia Suspertzeko 2015-2019 Planaren barruan. Gaur egun atzerrian lanean ari diren, nazioarte mailan esperientzia zabala eta prestakuntza maila ere handia duten 300 lagunek aukera izan dute Gipuzkoako 30 bat enpresen lana zuzenean ezagutzeko, eta beren profil profesionalak ezagutzera emateko. Modu horretan, topaketa gune bat sortu da profesionalen talentuaren eta enpresek bilatzen dituzten profilen artean.
Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatuak gogorarazi du lurraldea apustu nabarmena egiten ari dela etorkizunean ahalmen handia izango duten sektoreen alde: fabrikazio aurreratua, energia eta mugikortasuna, biozientziak, eta gastronomia eta elikadura sektorea. "Etorkizuneko sektore horietara hurbiltzeko, eta gure industriak norabide horretan aurrera egiteko, behar beharrezkoak dira pertsonen jakintza, lana eta gaitasuna, bide horren oinarrian baitaude. Asmo horrekin jarri genuen abian Gipuzkoa Talent ekimena, talentuari eutsi eta aukera gune berriak sortu ahal izateko", laburbildu du.

  

2844