1.025.000 euro enpresetan pertsonen parte-hartzea sustatzeko
1.025.000 euro enpresetan pertsonen parte-hartzea sustatzeko
Kudeaketaren erantzunkidetasunari, erabaki estrategikoei, emaitzei eta kapitalari lotutako proiektuak bultzatuko ditu.
Gipuzkoako enpresetan pertsonen parte-hartzea sustatzeko programaren laguntzak aktibatu ditu Foru Aldundiak. Programa horretara 1.025.000 euro bideratuko dira: 628.512 euro, langileen parte-hartzean oinarritutako enpresa ereduak bultzatzen dituzten proiektuak finantzatzeko, eta 396.488 euro, eredu horiek garatzen lagunduko duen ekosistema bat bultzatzeko. Laguntzak % 75ekoak izango dira lehenengo lerroan, eta % 100ekoak bigarrenean. “Programa honen bitartez eta Gipuzkoako ekonomia eta gizarte sarearekin bat eginez, kalitatezko enplegua, errotzea, eta enpresen lehiakortasuna, jarraipena eta jasangarritasuna sustatzen jarraitu nahi dugu, enpresako pertsona guztien parte-hartze aktibo, eraginkor eta erantzunkidearen bidez ", nabarmendu du Imanol Lasak, Ekonomia Sustapeneko diputatuak.
Lehenengo lerroak partaidetza maila handiagoko enpresa ereduak sustatuko ditu, pertsonak oinarritzat hartuta kalitatezko enpleguaren, balio sozial partekatuaren eta jasangarritasun hirukoitzaren (ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa) funtsezko osagai gisa. Gipuzkoan kokatutako enpresak izan daitezke onuradunak, eta enpresetan pertsonen parte-hartzea ezartzeko prozesuak bultzatzen dituzten proiektuak lagunduko dira, konpromisotik eta erantzunkidetasunetik abiatuta, honako eremu hauetan: kudeaketa, erabaki estrategikoak, emaitzak eta kapitala. Proiektu horiek proposatu eta garatu daitezke helburu hauetara zuzendutako jarduketa baten ikuspegitik: antolaketa eraldaketa, lehiakortasuna eta jasangarritasuna, jarraitasuna eta belaunaldi aldaketa, transmisioa, gizarte ekonomia, eta enpresa berregituratzeko eta berrabiatzeko prozesua.
Bigarren lerroari dagokionez, Gipuzkoako ekonomia, gizarte eta lurralde eragileen arteko lankidetza eta esperimentazioa bultzatuko da, baldin eta, ikuspegi partekatu baten bidez, ideia, balio eta ekintza eraldatzaileak sortzen eta garatzen badituzte, eta pertsonetan oinarritutako enpresa ereduak sustatzen, orokortzen eta zabaltzen laguntzen badute. Enpresez gain, enpresa elkarteek, sindikatuek, unibertsitateek, ikerketa zentroek eta hezkuntza, ekonomia, gizarte, toki eta/edo eskualde izaerako entitateek ere parte hartu ahal izango dute. Diruz laguntzeko moduko jarduketak izango dira enpresetan pertsonen partaidetza eremu hauetan bultzatzea helburu duten proiektuak: ikerketakoak eta arlo hauen garapenekoak: tresnak, metodologiak, lanabesak, ebaluazio sistemak, hedapena, sozializazioa eta balorizazioa, eta esperimentazioa.
Laster argitaratuko dira GAOn informazio hori jasotzen duten oinarriak. Deialdi bakoitzaren informazioa eta eskaera inprimakiak eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren webgunean (https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia-), eta eskaerak helbide honetan aurkeztu beharko dira: http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa. Joan den urtean, 38 enpresak bultzatu zituzten partaidetzan oinarritutako antolakuntza ereduak, lehen lerroaren barruan, eta 17 eragilek 25 proiektu gauzatu zituzten aipatutako ereduetan oinarritutako enpresa garapenaren aldeko ekosistema bat sortzeko, bigarrengo lerroan.
Lasak iragarri duenez, Gipuzkoak "bere onena" eman beharko du pandemiak behartutako "berreraikuntza ekonomiko eta sozialerako" prozesuari ekiteko, eta, horretarako, "lehiakortasun ekonomikoaren eta kohesio sozialaren arteko loturan erreferente izatera eraman duten ezaugarrietan sakondu beharko du". Langileen parte-hartzea aipatu du, “metodologia zein forma juridiko desberdinetan gauzatua, 'Making Gipuzkoa' horrek berezko duen balio gisa, betiere kontuan hartuta egiteko modu horiek indartu egin behar ditugula krisi une hauetan, garai berri honetako erronka ekonomiko eta sozialei arrakastaz aurre egiteko, jarduera ekonomikoa eta enplegua sendotuz eta aukera berriak sortuz".
Gaineratu duenez, parte-hartzean oinarritutako antolaketa, jabetza eta kudeaketa eredu aurreratuen aldeko apustuak eragin positiboa du "lan baldintzetan, enpleguaren kalitatean, enpresak gure lurraldean errotzean, eta belaunaldien arteko erreleboaren bidez proiektuekin jarraitzeko ahaleginean. Baina gure sare ekonomikoa eraldatzeko baldintzak ere sortzen ditu alderdi hauen ikuspegitik: kontziliazio erantzunkidea, berrikuntza, moldagarritasuna, ikerketa, etengabeko ikaskuntza eta barne ekintzailetasunaren aldeko orientazioa errazten du”.
Gipuzkoan 800 kooperatiba baino gehiago daude, tartean munduko handiena, Mondragon Korporazioa, eta, halaber, 32.000 enplegu baino gehiago sortzen dituzten lan sozietateak. Kultura parte-hartzailea sare ekonomiko osora zabaltzearen aldeko apustua egin du diputatuak, elkarlanean arituta "ahalik eta enpresa parte-hartzaile gehienekin, lehian bereizteko asmoz. Pertsona ardatz duen enpresa eredu baterantz aurrera egiten jarraitu behar dugu, non pertsona izango den aktibo nagusia, eta proiektuarekiko eta ingurunearekiko erantzunkidetasuna funtsezko elementua. Proiektu kolektibotzat hartzen dugu enpresa, eta hori osatzen dutenen hazkundean oinarritu behar da bere hazkundea, aukera emanez kideei hainbat erabakitan parte hartzeko: berehalako lan zereginetik hasi eta lanaren antolaketari buruzko gai zabalagoetara edo erabaki estrategikoetara iritsi arte (inbertsioa, estrategia, etab.)", azaldu du.
Era berean, Aldundiak ezarritakoaren arabera, lan hau bideratuta dago 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak betetzera. Horrela, enpresei eskatzen zaie beren sormena eta berrikuntza erabil dezaten garapen jasangarriaren erronkei aurre egiteko. NBEren ustez, funtsezkoa da jasangarritasuna enpresen jarduera nagusian eta gobernantzan txertatzea, eta garapen jasangarrirako xedeak haien funtzio guztietan sartzea. Beraz, helburu partekatuak lortzeko edo erronka sistemikoei aurre egiteko, enpresak gero eta gehiago inplikatu behar dira balio-katearen bidezko aliantzekin, beren sektorearen barruan edo administrazioekin eta gizarte zibileko antolakundeekin. "Gipuzkoa oso ondo kokatuta dago erronka hori aurrera eramateko", esan du Lasak.
2145