Breadcrumb

Asset Publisher

Back 1.500 animalia artatu ditu Basabizik, basa-fauna berreskuratzeko zentroak

1.500 animalia artatu ditu Basabizik, basa-fauna berreskuratzeko zentroak

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak nabarmendu duenez, “herritarrek ingurune naturala zaintzeko duten kontzientziazioa lagungarria da ekimenak arrakasta izan dezan”.

2024/10/03
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Basabizi Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko zentroaren ibilbideari buruzko balantzea egin du gaur goizean. Zentroak 2022an ekin zion jarduerari, ingurune naturalean bizirauteko ezinduta dauden animaliak bildu, zaindu, mantendu eta berreskuratzeko, ondoren ingurune naturalera itzultzeko. Bi urte eta erdi hauetan 1.500 animalia baino gehiago artatu dira. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak agerraldia egin du gaur goizean komunikabideei Basabizira egindako bisita irekian. Xabier Arrutik azaldu duenez, urtero 600 animalia sartzen dira zentroan, eta kopuru hori handituz doa herritarren jardunari esker, “gure gizartea gero eta kontzientziatuago baitago gure ingurune naturala zaintzearen garrantziaz”.

Basabizin gehien artatzen diren animalia taldeak hegaztiak dira (% 85), ondoren ugaztunak (% 10) eta bukatzeko narrastiak (% 5). Nagusiki, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak nabarmendu duenez, “kristal edo eraikinen batekin kolpatu diren hegaztiak jasotzen dira, gehienbat, eta baita eta gaixotasunen baten, edota bere kabuz elikatzeko zailtasunen ondorioz ahuldutako animaliak ere”. Kasuen % 60an, animaliak sendatu egiten dira eta beren ingurune naturalera itzultzen dira. Beste kasu batzuetan, inguruko santutegietara bidaltzen dira, naturan bizirauteko zailtasunak dituztelako edo espezie exotikoak direlako.

Momentu honetan, zentroak hogei bat animalia ditu artatuta, horien artean hontz zuriak, urubiak, muxarrak, zapelatzak, koartza errealak, errentariak, ahateak eta saguzar nanoak daude. Animalia eta espezie kopurua egunez egun aldatzen da. “Garai batzuetan, zentrora sartzen diren animalien kopurua handiagoa da”. Hala, Arrutik azaldu du “Udazkenean, batez ere hegazti migratzaileak artatzen dira, udaberrian, berriz, kume asko hartzen dira, batez ere txitak eta hegazti gazteak. Neguan, eguraldi kaxkarrak ere eragina izaten du”.          

            Lurralde Oreka Berdeko diputatua pozik agertu da zentroan egiten ari diren lanaren emaitzen aurrean. “Animalien zaintzari eta berreskurapenari buruzko zifrek erakusten dute orain dela bi urte eta erdi, Basabizi zentroaren bidez gure lurralde oreka berdea zaintzearen alde egindako apustu hau guztiz egokia izan dela”. Ildo horretan, gaineratu du “Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurralde Oreka Berdeko departamentuaren bitartez, lanean jarraituko du gure ingurune naturaleko ingurumena eta biodibertsitatea babestuz”. Aurten 2,5 milioi euro bideratu dira lurraldeko fauna eta flora zaintzera.

Fauna berreskuratzeko eta babesteko proiektuak

Lurraldeko espezieen zaintzan aurrera egiteaz gain, Basabizi bezalako ekimenen bidez, foru-erakundeak arreta berezia ematen dio lurraldearen barruan galtzeko arriskuan dauden espezieen kontserbazioari eta berreskurapenari. Ildo horretan, zentroa bera helburu hori duten proiektuak hartzeko gunea ere bada.

Irailean, LIFE Lutreola programaren barruan, eta aldundiko teknikarien ezagutza aprobetxatuz, Basabizik leku itxian hazitako hiru bisoi europar hartu ditu eta hilabete batez ingurune naturalean biziraun ahal izateko prestakuntza eman zaie bertan. Hiru bisoi horiek Araba eta Errioxa aldean askatu dira, proiektuaren baitan, eremu horretan bisoi europarra berreskuratzeko ahaleginak egiten ari baitira.         

            Azken urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuak inguruko fauna eta flora berreskuratzeko eta kontserbatzeko Europako 6 proiektu baino gehiagotan sartzea lortu du. Nabarmentzekoa da 2022tik indarrean dagoen LIFE Kantauribai proiektua. Horren bidez, aldundiak ibai-ekosistemari lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzeko lan egiten du. Hobekuntza horiek Natura 2000 Sareko 15 gunetan garatzen ari dira, Bizkaiko golkora urak isurtzen dituzten ibai eta ibaiadarretan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitaniak partekatzen dituzten bost ibai-arrotan, alegia. Arro horien artean daude Oria ibaikoak eta Urumeakoak.

Duela gutxi, LIFE Kantauribai proiektu horren baitan, aldundiak finantzaketa lortu du muturluze iberiarra babesteko eta berreskuratzeko. Espezie hori desagertzeko arrisku larrian dago gaur egun bisoi europarrarekin edo katamotz iberikoarekin batera. Gaur egun, animalia horren ale gutxi batzuk hauteman dira Urumearen arroetan, eta datozen lau urteetan espezie hori ibaiko beste eremu batzuetan birpopulatzeko lan egingo da.  

Basabizi Kontaktua

Animalia zauritu bat topatuz gero, gomendatzen da ez ukitzea eta/edo manipulatzea, eta lehenbailehen horren berri ematea Mendietako eta Natura Ondareko Zuzendaritzako 943 000 420 telefonoan, zaintza zerbitzuak jaso eta zentrora eraman dezan, berreskuratu eta ahalik eta lasterren bere ingurune naturalera itzuli ahal izateko.

Basabiziko 5.000 metro karratuko instalazioek honako zerbitzu hauek barne hartzen dituzte: harrerako modulu bat, urteko 365 egunetan 24 orduz animaliak hartzeko aukera ematen duena, baita zentroa itxita dagoenean ere; modulu kliniko-administratibo bat, X izpiak, inkubagailuak, eta operazioak nahiz analisiak egiteko ebakuntza gela bat dituena; bulego bat; biltegi bat; eta boxen tren bat ugaztunak eta hegaztiak hartzeko.

Basabizik, halaber, fringilidoen familiako hegaztientzako kaiola berezi bat du, hegaztientzako espazio zabalak hegan egiteko ahalmena berreskuratzeko, bai eta uretako animalientzako biltegi bat ere. Aldundiaren mintegiak dauden Arizmendiko finkan hainbat lan egin ziren Basabizi zentroa egokitzeko. Adibidez, berotegietako batzuk hegaztientzako hegaleku gisa prestatu ziren. Lan horiek Europako ‘Interreg’ programaren finantzaketa izan zuten. Premia edo egoera berezien kasuan, instalazioek handitzeko espazio nahikoa dute.

Zentroak lankidetza-sare bat du beste berreskuratze-zentro eta santutegi batzuekin, baita erreferentziazko beste zentro zientifiko batzuekin ere. Ildo horretan, lurraldean aurkitutako animalia ale gaixoen eta hildakoen azterketa egiten du, Gipuzkoako basa-faunako espezieen osasun-egoeraren jarraipena egiteko.

  

4520