14 gaztek lehen sektoreari lotutako proiektuak garatuko dituzte Aldundiaren laguntzarekin
14 gaztek lehen sektoreari lotutako proiektuak garatuko dituzte Aldundiaren laguntzarekin
Foru erakundeak 611.831 euro bideratu ditu GazteNek programaren bidez nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueraren belaunaldi-erreleboa bultzatzeko.
Lehen sektorean jarduera bultzatzea eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta gainerako aldundiek sustatutako GazteNek programaren helburua. Gipuzkoako Aldundiak 611.831 euro bideratuko ditu aurten, 2024an GazteNek programan izena eman duten lurralde honetako 14 gazteei. Bost urtez lan egingo dute, tutorearekin batera, lehen sektorean sartzeko, beren enpresa-proiektua garatuz eta ezarriz.
Eider Mendoza diputatu nagusiak parte hartu du, gaur goizean, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin, programan parte hartzen edo parte hartu duten gazteekin eta sektoreari lotutako eragileekin batera Pagoetako Iturrarango Parketxean egin den aurkezpen jardunaldian. Mendozak programa honek duen esanahia azpimarratu du, horrela, “Dagoeneko abian den ustiategi bat hartzen duen edo lehen sektoreko proiektu berria abiarazten duen gazte bakoitza, hazi berri bat da landa ingurunearen etorkizunaren alde, elikadura jasangarriaren alde, ingurumenaren zaintza orekatu baten alde”, adierazi du.
Gaineratu duenez, baina, “ezin da ahaztu lehen sektorearen oinarrian pertsonak” daudela, “testuinguru ekonomiko oso konplikatuan apustuak” egiten ari direnak. “Ekarpen horrek merezitako ordaina eta errekonozimendua behar du eta, guztion artean, bidezkoa den aitortza hori oztopatzen duten trabak gainditu behar ditugu”, azaldu du, azken hilabeteotan lehen sektoreko ordezkariak plazaratzen ari diren aldarrikapenei erreferentzia eginez. “Nire konpromisoa duzue, ez bakarrik ahalegin horretan laguntzeko, baizik eta gerora begira egiten dituzuen apustuetan modu berritzailean laguntzeko”, berretsi du.
GazteNek programa 2005ean sortu zen, eta, ordutik, 343 baserritar baino gehiago trebatu eta beren proiektua abian jarri dute ekimen horri esker. Hala, 197 gazte hasi dira beren familia-ustiategiaren kudeaketa beren gain hartzen, eta 123 gazte nekazaritza eta abeltzaintzako proiektu profesionala martxan jartzera animatu dira. Gaur egun, “ekimen horien % 90ek funtzionatzen jarraitzen dute”, adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta pozik agertu da programa horrek lehen sektoreari egiten dion ekarpenagatik. Horrela, datozen urteetan ere bide beretik jarraitzea espero du, “sektorearen belaunaldi-erreleboa bermatzeko”. Arrutik bere hitzaldian adierazi duenez, “jardun honen alde apustu egitea eskuzabaltasun handiko ekintza da herritarrentzat, gure lurraldean ekoitzitako kalitatezko elikagaiak gure komunitateari emateko lan egitea baino gauza eskuzabalagorik ez dagoelako”.
Horrela, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei bere “bokazioagatik” eta horrelako “proiektuak ezartzeko ahalegina egiteagatik”, eta gaineratu du “Foru Aldunditik, eta, zehatzago, Lurralde Oreka Berdea departamentutik, lanean jarraituko dugu, ez bakarrik GazteNek arrakastatsua izaten jarrai dezan, baita ere sektoreko etorkizun jasangarri eta oparoa bermatzen laguntzeko tresna berriak inplementatuz”.
Gazte parte-hartzaileen profila eta proiektuak
14 dira GazteNek programaren 2024. edizioan parte hartuko duten gazteak. 28 eta 40 urteko pertsonak dira, horietako bi emakumeak direlarik eta gainerako 12ak gizonak, Gipuzkoako hainbat lekutatik datoz: Aia, Aizarnazabal, Andoain, Aretxabaleta, Berrobi, Bidania-Goiatz, Errezil, Getaria, Idiazabal, Orio eta Zerain.
Aurkeztutako proiektuei dagokienez, frutagintzara eta haragitarako behien hazkuntzara bideratutakoak nabarmentzen dira bereziki, eta horiei esne-behien abeltzaintzarekin eta gazta egiteko ardien hazkuntzarekin eta arrautzak ekoizteko hegaztien ekoizpenarekin lotutakoak gehitzen zaizkie. Era berean, adierazgarria da aurkeztutako hamalau proposamenetatik sei elikagaien ekoizpen ekologikoari lotuak daudela.
Arabara irteera
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere, Iturrarango ekitaldiaren ondoren, parte hartu duten gazteek Legution, Domaikian eta Luquianon dauden Arabako hainbat ustiategi bisitatuko dituzte. Bi eguneko egonaldiaren bidez, lurralde horretan garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko eta sektoreko beste gazte batzuekin harremanak estutzeko aukera izango dute.
4574