Breadcrumb

Asset Publisher

Back 200 gaztek eman diote amaiera Aniztasunetik Eraikiz proiektuari, festa handi batean

200 gaztek eman diote amaiera Aniztasunetik Eraikiz proiektuari, festa handi batean

Aniztasuna aldarrikatuz, Gure Zirkuan amaitu da Aniztasunetik Eraikiz programaren hiru urteko ibilbidea. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da, eta lurraldeko zazpina ikastetxek eta gizarte erakundek hartu dute parte.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Azpeitira iritsi da gaur Gure Zirkuko karpa handia, eta emanaldiak hasi aurretik, Aniztasunetik Eraikiz programaren amaiera-festa egin da bertan, ‘Gorroto mezuei lekurik ez!’ lelopean. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021. urtean martxan jarritako proiektua da, helburu bezala duena “gazteen artean berdintasuna eta bizikidetza bultzatzea, eta Giza Eskubideen inguruko hausnarketa eta konpromisoa sustatzea”, azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, ekitaldiari hasiera emanez. Lurraldeko zazpi ikastetxetan programa zabala burutu da azken hiru urteetan, eta gaur DBHko laugarren maila amaitzear diren 200 gaztek hartu dute parte Aniztasunetik Eraikiz programari amaiera eman dion festa handian.

DBHko bigarren mailan hasi ziren diskriminazio egoeren gaineko kontzientzia lantzen, zuzeneko partaide izanda, aniztasunaz jabetuz, esperientzia desberdinak ezagutuz eta, azken finean, diskriminazioaren aurkako “agente aktibo” bilakatuz. Diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie parte hartu duten ikasle, irakasle eta ikastetxeei: Azpeitiko Ikasberri Ikastola, Hondarribiko Egiluze Ikastetxea, Urnietako Egape Ikastetxea, Orioko Zaragueta Herri Eskola, Soraluzeko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxea, Oñatiko Elkar Hezi Ikastetxea eta Anoetako Herri Ikastola. Ikastetxe bakoitzeko ikasle taldeek, hiru urteko programari amaiera emateko bina bideo-lan aurkeztu dituzte gaur, gorroto mezuen kontra, ikasitakoak islatzeko helburuz.

Era berean, Mendozak azpimarratu du Aniztasunetik Eraikiz proiektua garatu ahal izateko “ezinbestekoa” izan dela hainbat eta hainbat gizarte eragileren, elkarteren eta norbanakoen parte hartzea ere. Proiektuaren parte izan dira SOS Arrazakeria, Begisare, Aita Mari, Gehitu, Zehar Errefuxiatuak, Kale Dor Kayiko eta Gautena. Hiru urte hauetan zehar, baita Gure Zirkuan egin den ekitaldian ere, parte hartu dute Juncal Cepedak, German Urteagak, Aita Mariko Izaskun Arriaranek, Harrera Sareko Malen Garmendiak eta Kale Dor Kayikoko Palmira Dualek. Ekitaldiaren gidari aritu dira Joseba Usabiaga eta Iker Galartza, eta zirkuko magia eta kontorsionismo emanaldiak eta malabare tailerra ere egin dira.

Aniztasunetik Eraikiz programa Aniztasuneko Bizikidetzarako II. foru planaren ekintzetako bat da, jatorria lehen planean du, eta jomuga gazteengan jartzen du batez ere. “Populismoen oldarraldi nabarmenen aurrean denon betebeharra da halako mugimenduei balio demokratiko eta integratzaileekin erantzutea”, nabarmendu du Mendozak, eta jarraitu du gaineratuz programa hau “oso lagungarria” dela Gipuzkoan “berdintasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren aldeko gizarte jabetu eta aktiboa eraikitzeko. Aniztasuna balio errotua da gurean, eta zentzu horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko apustu irmoa eta partekatua egiten jarraituko dugu”.

Hala, Mendozak gogorarazi du atzo Chillida Lekun Foru Aldundiak gizartearen aurrean aurkeztutako bide orri estrategikoaren helburu nagusietako bat dela “ongizate sistemari, partekatutako balioei eta gizarte kohesioari eustea eta haiek guztiak indartzea ahalbidetuko duten formulak bilatzea, aintzat hartuta eraldaketa demografikoko prozesu batean murgilduta gaudela, eta horren adierazle direla, esaterako, gizartearen zahartzea, belaunaldi erreleboa, immigrazioa eta gero eta aniztasun handiagoa”.

Hori horrela, iragarri du lanketa berezia egingo dela “konfiantza, justizia soziala, komunitatea, berdintasuna eta elkarlanaren balioak” indartzeko. “Egitasmo honek bete-betean egiten du bat helburu horrekin, gazteak direlako etorkizuna, eta oso garrantzitsuak direla errespetuan, diskriminaziorik ezan eta aukera berdintasunean oinarritutako komunitate horri eusteko. Aniztasunetik Eraikiz bezalako proiektuen bidez lekukotza esanguratsuak jaso, eta gaiaren inguruan gogoeta egiten dute, oso aberasgarria dena pentsamolde etikoa garatu eta diskurtso baztertzaileei aurre egiteko, sare sozialen bidez jasotzen dituzten asko, esaterako”.

  

1402