2015eko txostenak erakusten du Aldundiak “aurrerapen handiak” egin dituela gardentasunaren arloan
2015eko txostenak erakusten du Aldundiak “aurrerapen handiak” egin dituela gardentasunaren arloan
2015eko txostenak erakusten du Aldundiak “aurrerapen handiak” egin dituela gardentasunaren arloan
Diputatuen Kontseiluak onartu egin du gardentasunari eta informazio publikorako irisgarritasunari buruzko foru arauaren betetze mailaren inguruko 2015eko txostena. Kontseiluan aurkeztu eta gero, Batzar Nagusietara bidaliko da eta, bertan tramitatu ondoren, publiko egingo da txostena. Imanol Lasa foru bozeramaileak datu eta ondorio batzuk aurreratu ditu, ordea, eta horien artean nabarmentzekoa da bai Aldundiak, bai foru organoek, bai Batzar Nagusiek “gutxienez % 90ean” betetzen dutela gardentasunez edukiak argitaratzeko hartutako konpromisoa”.
“Herritarrek zehaztasun osoz jakin behar dute zein erabaki hartzen ditugun eta horiek nola hartzen diren. Eskakizun hori betetzeko erabaki sendoa hartua dugu. Etxe honetako ateak eta leihoak irekitzeko apustua abian da eta ez da geratuko”, esan du Lasak. Txostenak “aurrerapen handiak” erakusten ditu edukiak publiko egiteari begira: “Esaterako, goi kargudunen soldatak, curriculumak, ondasunak eta ondarea; erakundearen kanpainak; lantzen ari diren arauak; esleitzen diren kontatuak eta diru-laguntzak; erabaki politikoak hartzeko prozedurak, edo ekonomiari, finantzei eta aurrekontuei dagokien informazioa”. Azken horri dagokionez, esaterako, bai Aldundiak bai bere organoek eta Batzar Nagusiek % 100ean betetzen dute Foru Araua”.
Bultzada horren bidez, Aldundiak 100etik 81,9ko puntuazioa du Nazioarteko Gardentasunak lehengo urteko abenduan argitaratu zuen txostenean; 2013an, aldiz, 63,8koa izan zuen. Txosten hori bi urtean behin egiten da. Era berean, gogoan izan behar da Aldundiak lehen postua lortu zuela gardentasun publikorako Dyntra elkarteak 2015eko uztailean argitaratu zuen estatu mailako indizean, eta gardentasuna eta gobernu irekia neurtzeko 183 adierazleetatik 151 bete zituela (% 81).
2101