Breadcrumb

Asset Publisher

Back 2016ko Abadia Saria Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jasoko du

2016ko Abadia Saria Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jasoko du

Aitortu zaio ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egiten ari den ibilbidea eta, bereziki, euskarazko zinemari nazioartean bide bat ireki izana.

2016/11/15

Abbadia sariko epaimahaiak, tentuz aztertu ondoren bide ezberdinetatik proposatutako hautagaiak, aho batez proposatu dio Aldundiari 2016ko Abbadia saria ematea Moriarti Produkzioak zinema ekoizleari, aitortzeko ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egiten ari den ibilbidea eta, bereziki, euskarazko zinemari nazioartean bide bat ireki izana. Aldundiak ontzat eman du epaimahaiaren proposamena. Horrenbestez, Moriarti Produkzioak da 2016ko Abbadia sariaren irabazlea.

Sari ematea abenduaren 1ean egingo da, 19:00etan, Aldundiaren jauregian. Ekitaldian bertan azalduko ditu epaimahaiaren bozeramaile batek hautagaitza hau hobesteko izan dituzten arrazoiak. Aldundiaren partetik, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek zera adierazi du: “Oso pozik hartu dugu proposamena eta bere horretan ontzat eman. Ezaguna da ikus-entzunezkoen esparruan foru gobernu honek baduela egitasmo bat euskarazko sorkuntza sustatzeko, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan. Eta Moriarti etxeko taldea behin eta berriro ari da erakusten euskaraz eta baliabide mugatuekin egin daitezkeela ikus-entzunezko produktu duinak eta lehiakorrak. Adibide bikaina da”

Kide hauek osatzen dute Moriarti Produkzioak-en taldea: Jon Garaño, Xabier Berzosa, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, Asier Acha eta Jorge Gil Munarriz. Eta beraiek ekoiztutakoak dira ‘80 egunean’, ‘Loreak’ edota bidean den ‘Aundiya’, gehi hainbat film labur, Kimuak zirkuituan bide egin dutenak.

Urtero bezala artista gazte bat izango da sariaren egilea. Oraingoan Izaskun Alvarez artista oiartzuarra izan da aukeratua eta aurtengo berezitasuna da egileak propio egingo duela artelan bat sarituari egokitua.

  

1618