2016ko Errenta Kanpainarako 86 erdi mailako teknikari kontratatuko ditu Aldundiak
2016ko Errenta Kanpainarako 86 erdi mailako teknikari kontratatuko ditu Aldundiak
Aldi baterako lan poltsa deitu du, urte fiskal honi dagokion kanpainaren garapenean Ogasun eta Finantza departamentua indartzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak hautapen probetarako deialdi irekia egin du, errenta kanpainetan laguntzeko erdi mailako teknikarien lan poltsa bat sortzeko. Poltsa aldi baterako izango da, eta aukeratutako langileak 2016ko Errenta Kanpainaren exekuzioan arituko dira, eginbehar teknikoetan, jendaurreko arretan, edota zalantzak argitzen, laguntza gehigarri gisa. Neurri honekin, aurre egingo zaio Ogasun eta Finantza departamentuan, zerga aitorpenen tramitazioa dela-eta, sortzen den personal beharrari, modu horretan zerbitzu “modernoa, efizientea eta kalitatezkoa” bermatuz, Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratutakoaren arabera.
Hala, aurreikusten da 86 pertsonek inguruk Ogasun saila indartzea, apiriletik uztailera, kanpainaren garapena erraztu eta arintzeko. Foru gobernu berria Aldundiaren giza baliabideen kudeaketaren arloan ezartzen ari den etengabeko hobekuntza prozesuaren baitan kokatzen da neurria: “Apustu sendoa egiten ari gara administrazio eraginkorraren alde, herritarren bizimodua eta Aldundiarekin duten harremana erraztu eta arintzeko”, jakinarazi du.
Gogorarazi duenez, poltsa honen deialdia urtero egiten zen, baina aurreko foru gobernuak deitu gabe utzi zuen 2014an, eta egungo gobernuak, berriz, aktibatu egin zuen 2015ean, “neurri garrantzitsua” zela iritzita. Legealdi honetan antolatzen den bosgarren lan poltsa da dagoeneko. Aipatutakoa izan zen aurrenekoa. Harrez gero, administratiboena (apirila, 2.071 parte-hartzaile), zerga iruzurrari aurre egiteko teknikariena (uztaila, 313 lagun), eta Administrazio Orokorreko Teknikariena (iraila, 277 lagun) etorri dira.
1589