Breadcrumb

Asset Publisher

Back 2018-2019 Neguko Bidezaintza Planari baliabide gehiagorekin ekingo dio Gipuzkoak

2018-2019 Neguko Bidezaintza Planari baliabide gehiagorekin ekingo dio Gipuzkoak

Foru Aldundiak elurra kentzeko sei kamioi gehiago izango ditu: hiru Urola-Deba zonaldean, bi gehiago Donostialdean eta bat Goierriko zonaldean.Ia 1 milioiko inbertsio berriak 2018-2019 neguko planean

2018/11/08

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018-2019 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du eta aurten, inoizko baliabide gehien  izango direla aurreratu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak. “Iazko negu gogorraren ondoren bidezaintzarako ditugun baliabideak berrantolatu ditugu eta datorren negurako sei kamioi gehiago izango ditugu Aldundiak kudeatzen dituen hiru zonaldeetan”, aurreratu du diputatuak. “Urola-Deba zonaldean elurra kentzeko hiru makina gehiago egongo dira, bi gehiago Donostialdean eta bat Goierriko zonaldean”, zehaztu du Oiarbidek. Guztira, 84 kamioi egongo dira Bidezaintza Planean eta, urteroko legez, Eusko Jaurlaritzak garabiak jarriko ditu N-I eta A-15 errepideetan. Ahalmen handiko garabi horiek erabiliko dira ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuz gero edo arazoren bat izanez gero. Plana, ofizialki, azaroaren 15ean aktibatuko da, eta apirilaren 15era arte egongo da indarrean.

 

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gatz silo berria izango du Andoainen, aurrekoak baino 1.000 tona gatz gehiago pilatzeko gaitasuna duena. Guztira, 9.700 tona gatz egongo dira 38 biltegitan banatuta eta 675.000€ ko inbertsioa suposatu du.

Urtero bezala, erakunde arteko koordinazioa funtsezkoa da Neguko Bidezaintza Plan honek funtzionatu dezan. Hala bada, Bide Azpiegituretako Departamentua lankidetzan jardungo da hainbat erakunderekin: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua eta Araba eta Bizkaiko aldundiak. “Arrisku kotak egokitu egin ditugu, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskalmetekin bat egiteko eta 0 Arriskua 700 metrotara elurra iragartzen denean aktibatuko dugu”, azaldu du Aintzane Oiarbidek, “plana aktibatzen duenarekin bat etortzeko eta gure errepideen kotekin bat egiteko”.

Azpimarratu behar, Gipuzkoako Foru Aldundia bere sareko errepide nagusien mapa termiko bat osatzen ari dela. “Aplikazio honek izotz plakak agertzeko arriskuaz aldez aurretik ohartaraziko du, erabaki egokienak hartzeko denborarekin. Gainera, ibilbideko leku hotzenak atzemango ditu, bertan, aurreikuspenetan hobekuntza nabarmenak eragingo dituen sentsoreak jartzeko aukera emanez. Mapa termikoa amaitzear gaude eta kanpaina honetan martxan jarriko dugu”, adierazi du Bide Azpiegitura diputatuak.

          Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du Gipuzkoak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela erabiltzaileei ahalik eta "segurtasun eta erosotasun handiena bermatzeko" eta errepideak hondatzea "saihestu edo minimizatzeko". Plan honen helburua da Gipuzkoako errepide sarea erabilera baldintza egokietan mantentzea: Izotzik eta elurrik gabe. Hala ere, baldintza meteorologikoak oso txarrak direnean, autoa hartzea saihestu behar da, eta hori ezinezkoa denean, ibilgailua ahalik eta egoera onenean dagoela egiaztatu behar da", erantsi du Oiarbidek, ahal dela arriskuak saihestu egin behar direla gogoraraziz. Azpimarra berezia jarri du diputatuak kamioilariei deialdia eginez, “ezkerreko erraietik joatea debekatuta dago eta errespetatu egin behar dira seinaleak. Ertzaintza da debeku hau errespeta araziko duena. Bestelako ibilgailuei ere esango nieke errepidea egoera txarrean dagoenean ezker erreia libre uzteko larrialdietako ibilgailuak eta elurra kentzeko kamioiak pasa daitezen, bestela ezin dute lana behar bezala egin”, esan du Aintzane Oiarbidek.

2018-2019 Neguko Bidezaintza Planak 2,8 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino 300.000 euro gehiago, eta horretaz gain, 675.000 € inbertsioa gatz deposituan. Jaurlaritzak aktibatuko du Euskal Meteorologia Agentziak izotzagatiko (edozein kota) edo elurragatiko (1.000 metrotik behera) abisuak ematen dituenean.

  

1698