Breadcrumb

Asset Publisher

Back 2020-2021 ikasturtea hastera doa Elías Querejeta Zine Eskolan

2020-2021 ikasturtea hastera doa Elías Querejeta Zine Eskolan

Hirugarren promozioan 16 herrialdetako 27 emakume eta 17 gizon izango ditugu ikasle

2020/09/14

EQZEk irakaskuntza dualeko programa bat prestatu du, ikasle eta irakasleen presentzialtasunera egokituta, eta Covid-19aren aurreko prebentzio plana eguneratu du

Elías Querejeta Zine Eskola zabalik dago berriro, eta hirugarren promozioko ikasleei ongi etorria eta harrera egin die. 2020-2021 ikasturtea gaur hasi da, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2021eko abenduan, EQZEko ikasleek eskolan egindako lanen aurkezpenarekin.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak azpimarratu duenez, “eskola honetako ikasleen ezaugarrietako bat haien jatorri anitza da. Zehazki, ikasleak 16 herrialdetakoak dira. Ezaugarri horrek bereizten eta balio erantsiz betetzen du. Tabakaleraren eraikinaren bosgarren urteurrena ospatu berri dugu, eta egun gutxi barru Donostiako Zinemaldiaren edizio berria hasiko dugu. Lehen promozioko ikasle batek, Marina Palaciok, lehen filma estreinatuko du Zabaltegi-Tabakaleran; beste batek, Jaume Claretek, gauza bera egingo du Donostiako Zinemaldiko film laburren Nest Film Students lehiaketan.

Zuzendaritza Akademikoak (honako hauek osatzen dute: Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta EQZE eskolak) hautatu ditu 2020-2021 ikasturteko ikasleak, onarpen-fasean aurkeztutako 183 hautagaien artetik: 27 emakume eta 17 gizon dira, 5 EAEkoak (2 bizkaitarrak eta 3 gipuzkoarrak), 15 Estatuko gainerakoak eta 24 atzerritarrak. EQZEko ikasle horien jaioterriak Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Estatu Batuak, Holanda, Hungaria, Mexiko, Peru, Portugal, Erresuma Batua, Suitza eta Uruguai dira. Batez besteko adina 30 urte da, gutxi gorabehera.

Ikasleen profilari dagokionez, jaialdietan estreinatutako eta saritutako obrak (film labur eta luzeak) eta galerietan ikusgai egondako obrak dituzten errealizatzaileak dira; zinemako eta arteko beste eskola batzuetan –LAV, ESCAC, EICTV, ECAM, Lisbon Theatre and Film School (ESTC), KASK School of Arts, Slade School of Fine Art, Geneva University of Art and Design (HEAD), Zinema Unibertsitatea (FUC), EFTI (Argazkilaritza eta Zinema Nazioarteko zentroa), Pratt Institute…– ikasitakoak; Ikus-entzunezko Komunikazioan, Komunikazio Sozialean, Zinema eta Telebistan, Filosofian, Artearen Historian, Arte Ederretan, Ondarearen Zainketan, Arkitekturan, Zientzia Politikoetan eta Filologia eta Literaturan gradudunak; produkzio eta banaketa zinematografikoan espezialistak; zinema jaialdi, filmoteka, ziklo, programa edo erakusketa eta instalazio artistikoen produkzio, kudeaketa programazioan komisarioak; erredaktoreak, kolektibo zinematografiko independenteetako kideak, ikertzaileak, hainbat esparrutan (edizioa, argazkilaritza, soinua, diseinua…) esperientzia handia duten profesionalak.

Gaur hasi da ikasturtea, Donostia Zinemaldiaren 68. edizioa baino lau egun lehenago; gure ikasleek (bigarren promoziokoek, baita promozio berrikoek ere) agenda berezia izango dute Zinemaldi horretan: proiekzioetara joango dira, eskola magistraletan parte hartuko dute, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan, beste hainbat jardueratan, eta Zinemaldia barrutik ezagutzeko aukera ere izango dute. Zinemaldia amaitutakoan, irailaren 28an hasiko dira ohiko eskolak.

Irakaskuntza dualeko programa

Covid-19aren ondoriozko egungo egoerak eragina du bai ikasleengan, bai irakasleengan, eta gorabeherak izan ditzakete haien presentzialtasunean. Egoera konplexua izaki, eskolaren filosofiari eta hezkuntza komunitatearen kohesioari eustearren, EQZEk irakaskuntza dualeko plana prestatu du lehen modulurako (2020ko irailaren 14tik azaroaren 8ra bitarte), baina pandemiaren bilakaeraren arabera, eta ikasleen zati bat modu mailakatuan nola txertatzen den arabera, agian luzatu egin daiteke.

Hona hemen irakaskuntza duala arautzen duten printzipio nagusietako batzuk:

* Irakaskuntza duala ez da presentzialaren ordezko, harekin batera gertatzen baita, egoeraren arabera.

* Eskolak modu ez-presentzialean jasotzen ari diren ikasleak ikasturtearen uneren batean eskolara etortzen hasiko dira; ideia hori du abiapuntuko oinarri. Zentzu horretan, ikasleak modu mailakatuan eta pertsonalizatuan txertatzea ere aurreikusten da planean.

* Programa akademikoa arautzen duen egutegia eta haren zirkunstantzia guztiak etengabe berrikustea eta eguneratzea biltzen dira programan.

Irakaskuntza dualeko programaren aplikazioa hiru fasetan egituratuta dago. 1. fasea ikasturtea irailaren 14an hasi aurreko asteei dagokie, eta informazioko eta prebentzioko fasea izan da; ikasleek lehen moduluan egingo dituzten jarduerak planifikatu beharko dituzte ikasketa-sailarekin batera eta, behar izanez gero, nola egokitu.

2. fasean, ikasleen eta irakasleen presentzialtasuna eta balizko ez-presentzialtasuna uztartu beharreko aldia identifikatzen da plan akademikoan. Pandemiaren bilakaera nolakoa izango den ezin denez jakin, aldi horretan lehen modulua sartzen da (irailaren 14tik azaroaren 8ra bitarte). Betiere metodologiak ahalbidetzen badu, eskolak irakaslea gelan dagoela emango dira. Irakasleak ezin badu bertan egon, saioa online izango da eta grabatu egingo da, gerora kontsultatu ahal izateko. Horren osagarri, irakasleekin eta koordinatzaile akademikoarekin banakako indartze saioak egingo dira online, eta irakasgai bakoitzari dagozkion berariazko alderdiak lantzeko saio kolektiboak antolatuko dira.

Azkenik, 3. faseari dagokionez, eskolara etortzen hastea atzeratu duten ikasleek jarduera presentzialari ekiten dioten unea izango da. Ikasleak etortzen hasteko plan hori pertsonalizatua izango da, eta pertsona bakoitzaren berariazko premiei erantzungo die. Planaren helburua abian den ikasturteko dinamiketara eta erritmo akademikoetara ahalik eta errazen txertatzea da.

Prebentzio Plana

Bestalde, Elías Querejeta Zine Eskolaren prebentzio plana eguneratu dugu, eta eskolako komunitateko kide guztiak inplikatzen dituzten protokolo, neurri eta gomendioak bildu ditugu. Besteak beste, jarraitu beharreko prebentzioko eta higieneko neurriak arautzen dira dokumentuan, eskola irekitzeko eta ixteko orduak, garbiketa, edukiera eta eskolako ikasgela, instalazio eta ekipamendu teknikoen erabilera.

Plan horretan, alarma egoera amaitu ondoren eskolara itzultzeko ekainean abiarazi genuen protokoloa eguneratu dugu, eta dinamikoa da, osasun krisialdiak irauten duen bitartean berrikusi eta eguneratuko baita, osasun agintariek ezarritako jarraibideei jarraikiz.

Elías Querejeta Zine Eskola Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua da. Proiektu pedagogiko paregabe eta berezia dauka, graduondoko hiru programez eratua (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programa horiek berau kontzeptualizatzen parte hartzen duten hiru erakunde zinematografikoren ezagutza arloetatik abiatuta osatzen dira; hain zuzen ere, erakunde hauenak: Euskadiko Filmategia, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. 2019az geroztik, EQZE Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako ikastegia da.

  

1682