Apririlaren 22a, Lurraren Nazioarteko Eguna
Apririlaren 22a, Lurraren Nazioarteko Eguna
Lurra ez da gure gurasoen herentzia, gure seme-alaben mailegua baizik.
José Ignacio Asensio, "lurraren aldeko borrokak mundua COVID 19aren pandemiaren atzaparretatik askatzea du helburu".
Gaur, 2020ko apirilaren 22an, berrogeita hamar urte betetzen dira Lurraren Eguna lehen aldiz ospatu zela. Ospakizun hori gainpopulazioak, kutsadurak eta biodibertsitatearen galerak eragindako arazoei buruzko mundu mailako kontzientzia pizteko sortu zen, lurra babesteko eta salbatzeko helburuarekin. Aurten, berriz, apirilaren 22an, mundua konfinatuta eta koronabirusaren aurka borrokan ari da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkartasun eta batasun mezua bidali nahi die gipuzkoar guztiei Lurraren aldeko borroka honetan.
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak adierazi duenez, "duela mende erdi, 1970eko apirilaren 22an, Lurraren Lehen Egunean, mundua kalera atera zen planeta salbatzera, eta keinu hori urtero errepikatu da orduz geroztik; gaur egun, ordea, gure etxeetan eta funtsezko lanetan, lurraren aldeko borrokak mundua COVID 19aren pandemiaren atzaparretatik askatzea du helburu".
Joan den urtarrilaren 1ean, 20ko hamarkada berria hasi genuen, garapen jasangarriko helburuen ekintzarako hamarkada izan zedin. Hala ere, hilabete batzuk geroago, ondo baino hobeto konturatu gara denok krisi sanitarioak eta ekonomikoak inflexio puntua ezarriko duela Agenda 2030ean.
Gaur egun, gure helburu nagusia pertsonen osasuna da, baina krisialditik nola ateratzen garen ikusita jakingo dugu benetan nora goazen, nahi dugun mundurantz ala planetak ia itzulbiderik izango ez duen puntu baterantz. Horrela, Lurraren Egunaren benetako balioa mundu mailako elkartasuna da; izan ere, ingurumenak, uren tratamenduak, elikadura ohitura osasuntsu eta osasungarriek, aire garbiak, higiene baldintzek edo planetako edozein tokitako osasun sistemak berebiziko eragina dute planetaren eta bertan bizi garenon osasunean.
"Gaur geure buruari galdetzen diogu ea birusa mendean hartzen dugunean, hobeto prestatuta egongo garen osasun larrialdiei, larrialdi klimatikoei eta jasangarritasunarekin lotutako gainerako erronkei erantzuteko. Nik ez dut zalantzarik, gaur egun inork ez baitu zalantzan jartzen elkarrekin erabat konektatuta bizi garela eta gure bizilagunen osasuna gure osasuna ere badela. Beraz, ez dago inolako zalantzarik Lurraren osasuna eta zaintza gure osasuna zaintzeko erabat lehentasunezkoak direla", adierazi du amaitzeko Jose Ignacio Asensiok
2058