2022ko foru aurrekontuak onartu dira, etorkizun “sozial, berde eta lehiakorrago baterantz” aurrera egiteko
2022ko foru aurrekontuak onartu dira, etorkizun “sozial, berde eta lehiakorrago baterantz” aurrera egiteko
2022ko foru aurrekontuak onartu dira, etorkizun “sozial, berde eta lehiakorrago baterantz” aurrera egiteko
Oposizioaren 31 gehitze-emendakin jaso dituzte aurrekontuek, 7,6 milioiko guztizko balioarekin, legegintzaldi honetan adostutako zifra altuena.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi berdea eman diete gaur 2022rako foru aurrekontuei, EAJ-PNV eta PSE-EEren babesa jaso ondoren. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dute, eta PP abstenitu egin da. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere kontuak balioztatu ditu datorren ekitaldirako eta bere historiako aurrekonturik handiena izango du: 1.041,8 milioi euro guztira, aurten baino 59 milioi gehiago (+ %6). Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, azpimarratu duenez, onartu berri den aurrekontuari esker, etorkizunera begira lurralde “sozialagoa, berdeagoa eta lehiakorragoa” eraikitzen jarraitzeko aukera izango du foru erakundeak, horiek baitira aurrekontuen ardatz nagusietako hiru.
2022ko aurrekontuak onartu dituen Osoko Bilkuraren amaieran, Batzar Nagusietan elkartutako hedabideei adierazpenak eskaini dizkie foru arduradunak. Azpimarratu duenez, “anbizio handiko” kontuak dira, “etorkizuneko desafioei begira” diseinatu direnak. “Inbertsio soziala handitzen dugu, pandemiaren ondorioak gehien sufritu dituztenak babesteko eta susperraldia pertsona guztiengana iristeko; baliabide gehiago bideratzen ditugu susperraldi ekonomikoa sustatzeko eta etorkizuneko ekonomiaren oinarriak jartzeko; eta iraunkortasunarekin, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta ingurumena zaintzearekin dugun konpromisoa areagotzen dugu”, azaldu du. “Hain zuzen ere, hiru norabideetan martxa bat gehiago sartuko dugu, aurrekontu hauek tresna indartsua eta egokia izango dira horretarako”, nabarmendu du.
COVID-19aren pandemia oso presente dagoen arren, diputatu nagusiaren iritziz, ekonomiak krisialdia gainditzeko bidean jarraitzen du. Ekonomiaren hobekuntza horrek, diru-bilketa handitzeak, Aldundiaren gastu-hazkundea ahalbidetu du, erakunde honen historiako aurrekonturik handienak osatzeraino. “Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azken bileran adostutakoaren arabera, Gipuzkoak 52 milioiko defizita du eskuragarri, eta horietatik 21 udalei laga dizkiegu”, gogorarazi du foru arduradunak.
51 emendakin
Diputatu nagusiak, halaber, aurrekontuek oposizioaren 7,6 milioi euroko emendakin jaso izana aintzakotzat hartu du. Zehazki, 51 zuzenketa adostu dira guztira, 31 gehitzeko eta 20 murrizteko. Batzarkide taldeen arabera, gehitze emendakinak honela banatu dira: EH Bilduk 14 zuzenketa adostu ditu (horietako lau Elkarrekin Podemosek partekatuak eta bat PPk, baita ere) 7,3 milioi euroko balioarekin (2,7 milioi Elkarrekin Podemosekin partekatuak eta milioi bat PPrekin); Elkarrekin Podemosek 11 zuzenketa hitzartu ditu (lau EH Bildurekin partekatuak) 2,8 milioiko balioarekin (2,7 milioi EH Bildurekin partekatuak); eta, azkenik, PPk beste 11 emendakin adostu ditu (horietako bat EH Bildurekin), 1,2 milioi euroko balioarekin (milioi bat EH Bildurekin partekatua).
Olanok adierazi duenez, aurrekontuen negoziazioan zehar, Foru Aldundiak beti izan du jarrera irekia eta akordiorako borondatea, eta une oro bilatu du ulermena aurrekontuak hobetzeko. Nabarmendu duenez, legegintzaldi honetan lehen aldia da oposizioko talde guztiekin zuzenketak transakzionatzen direla, eta, gainera, talde horien balioa ere ziklo politiko honetako altuena da. “Aurrekontuen negoziazioari esker, gure 2022ko aurrekontuak duela bi hilabete baino indartsuagoak dira orain”, gaineratu du.
Zuzenketen ondorioz, aurrekontuaren sail-banaketak aldaketa txiki batzuk izan ditu. Hala, Ekonomia Sustatzeko Sailaren barruan, hainbat laguntza-ildo sortu edo indartu dira: kalitatezko enplegua (milioi 1), trantsizio ekologikoa (milioi 1), merkataritza eta autonomoentzako trantsizio digitala (1,5 milioi) eta ETEentzako trantsizio digitala (0,5 milioi). Horrekin batera, Gizarte Politiketara eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren zuzkidurak 3 milioi eta 0,13 milioi handitu dira, hurrenez hurren. Maite Peñak zuzendutako arloaren kasuan, prestazio ekonomikoak indartzen dira eta etxean zaintza sustatzeko plan pilotu bat ezartzen da, onartutako zuzenketen ondoriozko jarduera nagusi gisa. “Aurrekontu-proiektuaren aurkezpenean esaten bagenuen historiako sozialenak zirela, orain are gehiago indartzen dugu esparru hori. Funtsezko elementua da, batez ere pandemiaren egungo testuinguruan, non kolektibo ahulenak babestearen aldeko apustu irmoa egiten dugun, Olanok laburbildu du.
3132