2022ko Piztu META! ekimenak abian jarri du Gipuzkoan 15 kultura proiektu sustatzeko crowdfunding kanpaina
2022ko Piztu META! ekimenak abian jarri du Gipuzkoan 15 kultura proiektu sustatzeko crowdfunding kanpaina
2022ko Piztu META! ekimenak abian jarri du Gipuzkoan 15 kultura proiektu sustatzeko crowdfunding kanpaina
Kanpaina irailaren 30ean hasiko da, eta Kultura Sailak 70.000 € bideratuko ditu herritarrek kultur proiektu horiek finantzatzeko egindako ekarpenak osatzera.
Harkaitz Millan, Kulturako diputatua: «Meta kulturan parte hartzeko programa gisa finkatu da, eta edizio honekin ehun baino gehiago izango dira crowdfunding bidez bildutako baliabide ekonomiko berriekin finantzatutako kultura proiektuak».
Zazpigarren urtez jarraian egingo da META! crowdfunding deialdia; 2016an abian jarri zenetik, 92 proiektu finantzatu ditu guztira, 886.871 €-tik gora banatuz. Aurtengo 15 proiektuak gehituta, ehun baino gehiago izango dira finantzatutako kultura ekimenak. Urte hauetan, kultura eragileen ekimena sustatzeko, herritarren partaidetza bultzatzeko eta kulturarako finantzaketa bide berriak irekitzeko tresna gisa finkatzea lortu du META! programak. Azken alderdi hori bereziki garrantzitsua da krisialdietan, eragin berezia baitute kultura proiektuetan.
Lehen txandaren epea azaroaren 7an bukatuko da eta azaroaren 8tik 2022eko azaroaren 27ra, bigarren txanda. Beraz, 40 eguneko finantziazio-erronda bat dago, eta 20 eguneko bigarren txanda, proiektuaren gutxieneko aurrekontuari eta aurrekontu optimoari lotuta.
META! programaren formula honetan datza: hautatutako proiektuek gaur hasten den crowdfunding kanpainaren bidez bildutako euro bakoitzeko, Kultura Departamentuak beste euro bat jarriko duela bermatzen da. Kultura Departamentuaren ekarpenaren muga 4.700 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko. Herritarrengandik crowdfunding bidez bildutako ekarpenen eta ekarpen publikoaren batura horri matchfunding deritzo.
Dokumentalak, opera euskaraz, reggaea genero musikal gisa, moda berrerabilpenetik abiatuta, liburuak, musika, txotxongiloen antzerkia, film laburrak eta ipuin ilustratuak… horra hor mikromezenasgoaren edo crowdfunding bidezko finantzaketa kanpaina honetan parte hartuko duten proposamenetako batzuk. Uztailaren 13tik irailaren 28ra bitartean, 15 proiektu horien sustatzaileek finantzaketa kolektiboari buruzko prestakuntza eta aholkularitza jaso zuten, eta irailaren 30ean hasiko dira kanpainak.
Gainera, Piztu META! programaren bitartez, herritarrek eta eragile sozialek proiektu eta politika kulturaletan parte har dezatela sustatzen da; proiektu eta ekimen kulturalen babes soziala arakatzen da, Interneteko plataformetan aurkeztuz; finantzaketa pribatua lortzen da, dirulaguntza publikoak proiektu bakoitzaren jarraitzaileen ekarpenen bidez osatzeko; eta babes sozial handieneko proiektu eta ekimenetara bideratzen da finantzaketa publikoa.
Goteo Fundazioaren plataformak laguntza espezifikoa eman die hautatutako proiektuei, ekimenak egituratzeko, haien indarguneak nabarmentzeko, zabaltzera emateko eta funtsak biltzeko crowdfunding kanpainak planifikatzeko aholkularitza emanez.
Hautatutako 15 kultura proiektuek gaur bertan jarriko dute abian matchfunding kanpaina. Hauek dira:
La última oportunidad- NERVIO SL ekoiztetxe independentea
Ingurumen krisi globala azaltzeko telesail dokumentala. Lehen istorioa Pasaiako portuan aurkituko dugu, Gipuzkoan. Ekosistema naturalen kolapsoaren aurrean, MATER, egurrezko azken euskal atunontzi handia, Ontzi Museo Ekoaktibo bihurtu da: eraldaketa eta sentsibilizazio tresna paregabe bat, gizartea gure ingurumenaren kontserbazioan inplikatzeko. Gainera, itsasoan dauden mikroplastikoen errealitate gogorra eta guztiontzat dituen ondorioak azaltzen dizkiguten aditu eta zientzialari batzuen iritzia adieraziko da.
PUDENTE, euskarazko lehen opera - Donostiako Opera Zaleen Elkartea
Osorik euskaraz egindako lehen opera berreskuratu, berreraiki, antzeztu eta zabaltzeko proiektua. Donostia Operaren helburu nagusia eta oinarrizkoa operarako eta, oro har, lirikarako zaletasuna sustatzea da, eta Donostiako eta Gipuzkoako biztanleen artean hari buruzko ezagutza bultzatzea.
BAT - TᴉRÅꓭᴉЯÅ (reggae taldea)
BAT proiektua REGGAE musikaren inguruko lan diskografiko bat da, bi disko izango dituena, formatu fisiko horretan, jatorrizko musikarekin eta euskaraz. Lan honetan, norbanakoa eta kolektiboa aurkaz aurka jartzen direnean agertzen diren erabaki onak eta tirabirak islatu nahi dira, reggae erritmoan, gogoeta gizarte osoarentzat baliozkoa izango delakoan.
HERRIAN XALTOKA - Xalto ta Brinko Animazio Elkartea
Proiektu fresko, dinamiko eta dibertigarri bat, gure herriaren kultura, euskara eta ondarea transmititzeko. Zabalkunde digitala eta presentziala uztartzen ditu: astero, Lezoko erreferentziak dituen euskarazko bideo labur bat grabatuko du Xalto pailazoak eta Youtube-ra igoko du, 40 programa osatu arte (ikasturte osoa), eta tarteka ere zuzeneko emanaldiak egingo ditu eskoletan, antzerkian, kalean…, interakzioa sustatzeko.
Saharako Herriaren Askatasunerako Abestiak - Juan Soroeta / Club 44 Kultur Elkartea
Espainiako estatuko musikarien abestiak, hizkuntza ofizial guztietan, Saharako herriaren autodeterminazioa bultzatzeko. Helburua da pairatzen duen egoeraren berri ematea, Espainiako estatu osoko musikariek hizkuntza ofizial guztietan (gaztelania, euskara, katalana eta galiziera) aukera honetarako idatzitako abesti batzuen bidez.
GuÑun - Maider Gaztelumendi
Guñun integraziorako eta elkarrekin ikasteko espazio bat izango da, baita aukera bat ere, euskal komunitateak eta senegaldarrak elkar ezagut dezaten eta begiradak, ikusmoldeak, egiteko moduak eta sentitzeko moduak parteka ditzaten. Euskal eta senegaldar komunitatearen arteko loturak eta guneak sortzeko esperientzia erakargarri bat.
RENOUS PROIEKTUA - Clara Virgili Flor
Renous proiektuak modaren industrian eta hura kontsumitzeko moduan hain beharrezkoa den aldaketa sustatzen du. Egunero, baldintza kaskarretan eta inolako etika sozial edo ingurumenekorik gabe kopuru handitan ekoitzitako milaka eta milaka jantzi baztertzen dira. Proiektu hau jantzi horiei beste bizitza bat emateko sortu da.
AMAPATXA. Amets bat, bide bat - Ion Brakamonte
«Amapatxa» liburuak gomendio gida baten moduan balioko du, Amerikara bidaia egiteko asmoa dutenentzat. Helburua da euskaraz irakur dadila.
Aiama - Lara López Ansorena
Proiektuaren helburua da ipuin ilustratu bat sortzea, hori bakarrik izango ez dena: material bat, aukera emango duena, alde batetik, ama berrien ezinegona ikusarazteko, anbibalentzia normalizatu eta ez estigmatizatzeko, eta, bestetik, baliabide bat emango diena, egoera horiek igaro eta beren txikiekin partekatzeko, dramatizatu gabe, minimizatu gabe, behar duten espazioa emanez.
Nor - Xabi Salaberria Gonzalez
Identitate sexualari eta transexualitateari buruzko liburu bat, bigarren hezkuntzako gazteentzat. Hausnarketarako leiho bat irekitzea du helburu nagusia; hartara, elkarrizketa filosofikoetarako abiapuntu gisa balio du.
Kaixo Gilda! - Gilda Kultur Elkartea
Espazio bat, arte plastikoei eta bisualei lotutako erakusketetan eta tailerretan zentratutako kultura programa aktibo bat hartuko duena. Horrela, Gros auzoan kultura eta sormena sustatuko dira.
U(da)KOAK - Izpiak azala zuritzeraino - Ane Cuesta
U(da)KOAK fikziozko bost film laburrez osatutako multzo bat da. Kritikatik eta udako beroarekin, bakoitzak ukazio bat ateratzen du argitara. Oilo-ipurdia jarri arte. Euskaraz, «uda» eta «ukoak» baturik, «u(da)koak» ateratzen dira. Horixe da proiektu honen helburua: bi kontzeptuak uztartuko dituzten bost istorio kontatzea.
MITXOLETAK - Zuri guztiak ez dira irina - Mitxoletak
Mitxoletak film laburra: ipuin baten kontrakoa da. Distopikoa, ukaezina, desatsegina… betiko ipuinaren narratibaren eta estetikaren atmosferan bildua. Aspertuta gaude egia ezkutatzen eta gezurra esaten duten kontakizunez. Gauzak ez direlako ez zuri ez beltz; horregatik, alde batetik ipuin baten edertasuna eta xalotasuna eta bestaldetik errealitatearen krudeltasuna aprobetxatuz, Mitxoletak gure gris eskala sortu du. Xarmak ezkutatuko ipuin gordin bat.
EL ELEFANTITO - Mila Along
«El elefantito» 2 eta 7 urte bitarteko haurrentzako txotxongilo antzerki bat da, familia osoarentzat ezin hobea. Pertsonaien, erabilitako materialen eta eszenaratzearen kalitateak gutxirekin asko lor dezakegula gogorarazten digu, eta horrekin gaur-gaurkoak diren kontzeptuen barruan hezten gaitu (hala nola zirkulartasuna eta jasangarritasuna), haur zein heldu liluratuko dituen istorio bat erabiliz orobat.
NANAS para grandes. Handientzako ABESTI TTIKI - Julia~Cristina
Etxeko mantrak, eguneroko lo kantak eta haiku songak dituen disko-bilduma bat. Proiektu honen bereizgarria da letretan nahiz musiketan xumea eta hurbila denaren aldeko apustua egiten duela, zertarako eta entzutean, alderdi inkontzientean eta emozionalean libreki mugitzeko.
3305