206 milioi euro gizarte zerbitzuen sarea eusteko eta sendotzeko
206 milioi euro gizarte zerbitzuen sarea eusteko eta sendotzeko
Lankidetza hitzarmenak arlo hauetan berrituko dira: mendeko adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, babesik gabe dauden adingabeak eta gizarteratzea
Gipuzkoako Foru Aldundiak 206.218.356 euro bideratuko ditu aurten gizarte zerbitzuen sarea eusteko eta indartzeko, Gizarte Politikako Departamentuan funtsezkoak diren lau jardun eremuetan, hau da, iaz baino 16 milioi euro gehiago. Hitzarmen eta kontratu horien argitan, guztira 8.410 plaza beteko dira -245 plaza berrirekin, 302 zentrotan. Hala jakinarazi du gaur goizean Markel Olano diputatu nagusiak, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñarekin batera Donostiako Ategorrieta auzoan dagoen Aita-Etxe adinekoen egoitzara egin duen bisitan. Hitzarmenaren berritzea onartu du Diputatuen Kontseiluak, Aldundiaren eskumenekoak diren gizarte zerbitzuak emateko, 2018ko aurrekontuaren baitan. Olanok adierazi duenez, honako eremuetan berrituko dira lankidetza hitzarmenak: «mendekotasuna duten adineko pertsonentzako zerbitzuak; desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuak; babesik gabe dauden adingabeak pisuetan nahiz beste zentro espezializatu batzuetan artatzea; eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzen eta laneratzen, eta indarkeria matxistaren biktimekin jarduten diren hainbat entitaterekin sinatutako lankidetza hitzarmenak».
Luzatutako hitzarmen eta kontratuen arlokako banaketari dagokionez, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaldu duenez, 115.563.935 € bideratuko dira mendeko adinekoei hainbat zerbitzu eskaintzeko (6.122 plaza), hala nola, egoitzetan (4.565 plaza —horietatik 545 unitate psikogeriatrikoetan—, 66 zentrotan) eta eguneko zentroetan (1.557 plaza, 63 zentrotan).
Bigarrenik, 43.563.935 € bideratuko dira desgaitasuna duten pertsonei zerbitzuak emateko (1.576 plaza hitzartu), zehazki, egoitzetakoak (863 plaza, 62 zentrotan) eta eguneko zentroetakoak (713 plaza, 32 zentrotan). Hirugarrenik, 28.472.535 € erabiliko dira babesik gabe dauden adingabeak pisuetan nahiz beste zentro espezializatu batzuetan artatzeko, 317 plaza, hain zuzen ere, 9 entitatek kudeatutako 33 zentroetan.
Azkenik, Peñak aurreratu du 18.617.951 € euro bideratuko direla lankidetza hitzarmenak berritzeko, bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak gizarteratzean eta laneratzean, eta indarkeria matxistaren biktimekin diharduten entitateekin. Guztira, 645 plaza izango dira, 9 entitatek kudeatutako 59 zentroetan.
Egoitza zerbitzuei eta eguneko zentroari dagokienez, azaldu du gastua kalkulatu dela plazen «erabileraren aurreikuspenaren» arabera, betiere lankidetzan ari diren erakundeek onartutako tarifei jarraituz, hitzarmen bakoitzerako bizikidetzarako «aukerak kudeatze aldera».
Diputatuak nabarmendu du, bestalde, Aldundiak hartuko duen beste neurri bat dela «kalitatezko» ebaluazio sistema bat «diseinatu eta ezartzea» gizarte zerbitzu eta zentroetan. «Azken helburu gisa, kalitatezko ebaluazio sistema bat nahi dugu, finantzarioki nahiz operatiboki jasangarria izango dena. Ebaluazio sistema horren bidez, zentroetan egiten diren ikuskapenetatik datozen kalitate datuak erabiltzaileek betetzen dituzten inkesten emaitzekin erlazionatzeko aukera egongo da». «Zentzu horretan, asebetetze galdetegi uniforme bat proposatuko da, adineko pertsonentzako zentro asistentzial guztietarako, eta, dagokionean, arreta mota desberdinak (egoitzakoa edo egunekoa) eta plaza modalitate desberdinak (psikogeriatriakoak, eta abar) bereiziz», adierazi du Peñak. Gainera, aurreratu du jadanik lanean ari direla, «modu esperimentalean urte honetan zehar ezarri nahi dugun sistema honen diseinuan».
Aita-Etxe: 17 plaza hitzartu
Aita-Etxe egoitzak 15 urte daramatza jardunean. Etxe erromantiko bat da, XX. mende hasierako xarma mantentzen duena. Ategorrietako erlojuaren ondoan, egoitza txiki eta oso familiarra da. 27 lagunentzako lekua du (17 plaza hitzartu eta 10 pribatu), eta erabiltzaileen batez besteko adina 88 urte da. «Gure politikak pertsona jartzen du erdigunean, eta egoiliar bakoitzari egokitutako arreta pertsonalizatua ematen dugu. Pertsonekin egiten dugu lan, baina baita familiarekin ere, ingresatzen duten unetik bertatik. Hori horrela, familien parte-hartzea sustatzen dugu, egoiliarraren zaintzan inplikaraziz», azaldu du bisitan zehar Belen Gutierrezek, Aita-Etxe egoitzako zuzendariak. Erantsi du hori guztia «lan talde egonkor, trebatu eta inplikatu bati» esker lortzen dutela. «Eta etxeari dagokionez, saiatzen gara ospitale itxura ez izatea. Horregatik, logela guztiak desberdinak dira. Egongelatik 600 m2ko lorategira atera daiteke, eta lorategitik, oztoporik gabe, oinezkoentzako eremu lasai eta oso ongi komunikatu batetara iritsi gaitezke».
Amaitzeko, diputatu nagusiak nabarmendu du lankidetza hitzarmen horien berritzeak irudikatzen duela Aldundiak egin duen “apustu sendoa” gizarte politikak “indartzeko eta jasangarritasuna lortzeko”. Horren harira, gaineratu du gure lurraldeak gaur egun eta etorkizunean izango dituen hiru erronkei heldu diela horrela foru erakundeak: “Lehenengoa, biztanleriaren zahartzeak dakartzan egoerei aurre egitea. Bigarrena, hainbat arrazoirengatik gizarte bazterkeriako arriskuan dauden edo egon daitezkeen pertsonak babestea. Horretarako, Elkar-EKIN Gizarteratze Plana daukagu, zeinaren bidez 4.000 pertsonetara iritsiko garen aurten. Eta hirugarrena, sistemaren iraunkortasuna bermatzea». «Azken buruan, pertsona eta bere ingurune gertukoena erdigunean jartzen dituen eredu baten aldeko apustua egiten du Aldundiak, eta hori da hain zuzen Aita-Etxe egoitzak egiten duena», azpimarratu du Olanok. Azkenik, esan du «eredu gipuzkoar horren aldeko apustua egiten dugula», maila goreneko konpromiso politiko baten bidez, aitortuz pertsonak direla gizarte gipuzkoarraren garapenerako «eragile nagusiak» eta «giltzarria».
Halaber, Aldundiak kalitatezko ebaluazio sistema bat diseinatu eta ezarriko du gizarte zerbitzu eta zentroetan
1926