225,8 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen iaz Ogasunak
225,8 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen iaz Ogasunak
Perona diputatuak azaldu duenez, zerga iruzurraren kontrako jarduketak egokitu behar izan zituen foru erakundeak, pandemia zela eta.
Gipuzkoako foru Ogasunak 225,8 milioi euro azaleratu zituen pasa den urtean, zerga iruzurraren aurkako borrokan egindako jarduketen ondorioz. Azaleratutakoa zergaz zerga xehatuta, 106,5 milioi euro azaleratu ziren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan; 55,6 milioi euro Sozietateen gaineko Zergan; 57 milioi euro Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); eta, azkenik 6,7 milioi euro gainerako zergetan. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jokin Peronak azaldu duenez, zenbateko osoa 2019 urtekoa baino zertxobait txikiagoa da, eta honen atzean dago 2020koa “ezohizko urtea” izan zela, COVID-19 gaitzaren pandemia medio.
Foru diputatuak Gipuzkoak Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean agertu da gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin batera. Bertan eman dute pasa den urteko zerga iruzurraren kontrako jarduketaren berri, eta baita ere aurtengo urterako egiaztapen plana gizarteratu dute. “2020 urtea pandemiaren urtea izan zen eta, testuinguru horretan, gure lehentasun nagusia herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea izan zen. Hala ere, eta gaur aurkezten ditugun datuek adierazten dutenez, ez dugu alboratu iruzurraren kontrako borroka, jarduketekin jarraitu dugu, baina betiere egoerara egokituta eta sentsibilitate berezia izanez”, adierazi du.
Pasa den urtean egindako esku hartzeei erreparatuta, foru erakundeak 75.489 jarduketa egin zituen zerga iruzurraren aurka, 2019 urtean baino % 37 gutxiago. Hau da, egunean 200 jarduketa baino gehiago. Zergaz zerga banatuta, 30.188 jarduketa egin ziren PFEZan edo Ondarearen gaineko Zergan; 3.860 Sozietateen gaineko Zergan; 35.896 BEZan; eta 5.546 gainerako zergetan. Foru diputatuak beste zerga administrazioekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin duten elkarlanean jarri du azpimarra. Esan duenez, “Ogasunak ezin du isolatuta egin lan, gutxiago alor honetan”. “Beste zerga erakundeekin eta eragileekin sare partekatuak eraikitzen jarraitu behar dugu eta, zorionez, azken urteetan esan dezakegu pausu garrantzitsuak eman ditugula alor honetan. Lan honi esker, zerga iruzurrak baliatzen dituen espazio eta tarteak gero eta estuagoak dira”, nabarmendu du.
Perona diputatuak 2020 urtearen irakurketa positibo egin du zerga iruzurraren atalean. “Zailtasunak zailtasun, eta jarduketak asko jaitsi izanda ere, emaitzak onak izan direla esan dezakegu”, nabarmendu du. Aurrera begira, foru diputatuak esan du Ogasunak orain arteko bide-orriarekin jarraitzen duela: “Informazio iturriak zabaltzen jarraitzen dugu, beste eragileekin ditugun akordioen edota TicketBAI bezalako proiektuen eskutik, eta datu hauek kudeatzeko eta ustiatzeko pertsonetan eta teknologian inbertitzen jarraitzen dugu, esaterako, aste honetan bertan aurkeztu dugun Estrategia Teknologikoko Unitatearen eskutik”. Hala ere, gogoratu du prebentzioa dela iruzurrari aurre egiteko modurik eraginkorrena eta, horregatik, Gipuzkoako foru Ogasunak kontzientziazioaren eta kultura fiskala hedatzearen aldeko egitasmoekin duen konpromisoa berretsi du. “Herrialde aurreratua izan nahi badugu, zerga iruzurrak ezin du tokirik izan gure artean. Eta, hori lortzeko, Ogasunak lanean jarraituko du”, nabarmendu du.
2021eko Egiaztapen Plana
Bestalde, aurtengo urteari begiratuta, foru diputatuak gogoratu du errealitatea pandemiaren baldintzapean jarraitzen duela eta, ondorioz, Ogasunak egoera honi egokituta segi beharko duela lanean zerga iruzurraren kontra. Gogoratu duenez, zerga iruzurraren aurkako jarduketak hiru kategoria handitan sailkatzen dira, eta horrela daude jasota 2021eko Egiaztapen Planean ere: lehenik, informazio lortzeko jarduketak; bigarrenik, prebentzio jarduketak; eta, hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketak.
Lehen lerroari helduta, informazioa lortzeko jarduketena, hemen jasotzen dira zergen ikuspegitik garrantzia duen informazio lortzera bideratzen diren edozein esku hartze. Arlo honetan, Ogasunak mundu mailan egingo du lan, informazio trukatzeko nazioarteko akordioak ustiatzen eta nazioartean diharduten zergadunak zaintzen, eta arreta berezia jarriko du 2021 urtean indarrean jarriko diren zerga berrietan (zerbitzu digitalen gaineko zerga eta transakzio finantzarioen gaineko zerga). Honekin batera, informazio iturriak zabaltzeko egingo du lan, esaterako gaineko zerga administrazioekin edo bestelako elkarteekin harremanak sendotuz.
Aldi berean, informazio lortzeko beste bide batzuk esploratuko dira (eredu informatiboak, esaterako), eta behar izanez gero informazio bilketa masiboak ere egingo dira. Bestalde, jarduera ekonomikoak dituzten zergadunen etekinen kontrol integrala egitea ere aurreikusten du Ogasunak, betiere COVID-19aren pandemiak ezarritako neurriei egokituta. Azkenik, kontutan izango da baita ere negozio eredu berrien analisia, ekonomia digitala kasu. “Administrazioak haietan sortzen diren negozio berriak aztertu, ulertu eta haien gainean jardun behar du, haien betebehar fiskalen bidez modu zuzen eta ekitatibo batean ekarpena egin dezaten”, esan du Peronak.
Bigarren lerroari dagokionean, prebentzio jarduketak, jarduera ekonomikoak egiten dituztenen fakturazioari buruzko informazioa lortzean jarriko du Ogasunak arreta berezia. Horretarako, Berehalako Informazio Hornidura (BIH), TicketBAI eta SILICIE proiektuak izango dira oinarria. Honekin batera, teknologia berriak aplikatuko dira arrisku fiskalen analisia etengabe hobetzeko, Estrategia Teknologikoko Unitatea bultzatzen ari den ekimenen eskutik. Ogasunak unitate didaktikoaren bitartez jarraituko du eskoletan prebentzioa lantzen, eta zerga betebeharrak borondatez betetzeko ekintzak sustatzen eta bideak irekitzen jarraituko du.
Hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketei dagokionean, enpresa taldeen, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen edota Ondare sozietateen kontrolean jarriko da arreta. Aldi berean, behartuta egonda ere zergen autolikidazioak aurkezten ez dituzten zergadunak edota eragiketa bolumenagatik, hainbat zerga administrazioetan aritzen direnak kontrolatuko dira, eta arreta berezia jarriko da edozein irregulartasun aurkezten dutenetan. Puntu honetan, zerga guztietan arituko da foru Ogasuna zerga iruzurraren kontrako lanean.
2479