Breadcrumb

Asset Publisher

Back 23,4 milioi euro gizarteratze eta adingabeen babeserako hitzarmenak berritzeko

23,4 milioi euro gizarteratze eta adingabeen babeserako hitzarmenak berritzeko

Gizarte desberdinkeria murriztea da foru erakundeak duen helburu estrategiko nagusia.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak babesgabetasun egoeran dauden adingabeei eskaintzen zaizkien zenbait zerbitzu eta gizarteratze ekimenak bultzatzeko dituzten hitzarmenak berritzea onartu du gaur. Guztira, 23,4 milioi euro bideratuko ditu foru erakundeak bi esparru hauetako akordioei jarraipena emateko. Eider Mendoza foru bozeramaleak Kontseiluak onartutako erabakien dimentsioa eta balio kualitatiboa azpimarratu ditu, eta bi neurriak Aldundiak duen helburu estrategiko nagusia bultzatzera bideratzen direla gaineratu du: “Hau da, desberdinkeria borrokatzea, eta Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldeen artean kokatzea. Daukagun ongizate mailari eusteko, ezinbestekoak da gizarte politika, eta bide beretik jarraituko dugu”.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, foru Gobernuaren aste honetan bileran onartutako erabakien berri emateko. Gizarte politika arloko lehen erabakiari helduz, honi esker babesgabetasun egoeran dauden adingabekoei zerbitzuak eskaintze aldera hainbat erakunderekin sinatutako kontratu programen eta lankidetza hitzarmenak luzatzen dira. Guztira 12.802.194,48 euro bideratzen dira alor honetara, eta adingabeen zaintzan aritzen diren itundutako zortzi erakundeen zerbitzuak finantzatzen dira partida honekin, 10 udalerritan banatzen diren 155 plaza kudeatzen dituztenak. Une honetan, guztira, Aldundiak 777 adingabe ditu babesgabetasun egoeran, hauetatik 431 egoitza sarean eta gainera 346ak harrera familietan.

          Mendozak lerro honen bidez finantzatzen diren bi programa aipatu ditu, adibide gisa, biak ere Gurutze Gorriak kudeatzen dituenak. Alde batetik, Crono programak akonpainamendu sozio-hezitzailea eskaintzen die adingabeei, eskolan lagunduz eta lan mundura bideratutako formakuntza ikasketetan babesa eskainiz. Bigarren ekimena Eskutik programa da, eta honen bitartez, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak boluntario batekin jartzen dira harremanetan, erreferente egonkor eta esanguratsua izan dezaten. “Boluntario hauek ikasketekin laguntzen diete, aisialdian eta denbora librean akonpainamendua egiten diete, eta baita ere eskola kirolean”, azaldu du foru diputatuak.

          Bestalde, Diputatuen Kontseiluak hartutako bigarren erabakia gizarteratze programen atalean kokatzen da. Honen ondorioz, mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei eta bazterkerian dauden edo arriskuan egoteko dauden pertsonei hainbat zerbitzuko eskaintzeko hitzartutako hitzarmenak luzatzen baitira. Guztira 10.569.381,39 euro bideratzen ditu Aldundiak lerro hau finantzatzera, eta baliabide hauekin 14 hitzarmen berritu ditu foru erakundeak. Hauen bitartez, eguneko zentroetan eta egoitzetan arreta zerbitzu ezberdinak eskaintzen dira: esku hartze psiko soziala, familietan esku hartzea, akonpainamendu espezializatua, esku hartze psiko-hezitzailea… Guztira alor honetan Aldundiak 457 egoitza plaza ditu eta 186 eguneko zentroetan, gaur berritutako plazak barne hartuta.

 

4 milioi lehen sektorera

Lehen sektorearekin zerikusia duten dirulaguntza deialdiak ere onartu ditu gaurko Diputatuen Kontseiluak: alde batetik, mendi zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako titularrei zuzendutakoa; eta bestetik, nekazaritza ingurumenaren eta klimaren arloko, eta nekazaritza ekologikorako laguntza. Bi erabakien artean, 4 milioi baino gehiago bideratzen ditu Aldundiak alor honetara. Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkideko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan (LGP) jasota daude. Hori horrela Landa Garapenerako Nekazaritzako Europar Funtsetik (FEADER), %75ean finantza ditzake Europar Batasunak.

          Lehen deialdiari dagokionean, mendi nekazaritzako zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan lan egiten duten nekazariei laguntzeko, 2.975.000 euro bideratuko dira guztira aurten. Pasa den legealdian txertatutako berritasunari jarraiki, elkarteak ere hartu dira kontuan oinarrietan. “Ustiapenetako titularrei zuzendutako kalte ordain orekatzaile gisa planteatzen dira laguntza hauek, jasotzen dituztenen lurrak dauzkaten mugengatik. Modu honetan, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen laguntzen da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu”, azaldu du foru bozeramaileak.

          Bigarren deialdia, berriz, beste bi azpi programatan banatzen da: alde batetik, nekazaritza ingurumena eta klimaren arloko laguntza lerroak, 1.090.000 euroko aurrekontua duenak. Ekoizpen integratua, Euskal Herriko sagardoetarako sagarrondoen tokiko barietateak kontserbatzea, bertako abere arrazen kontserbazioa, eta erlezaintza biodibertsitatea hobetzeko, zein mendiko larreen aprobetxamendua kudeatzeko neurriak bultzatzea da honen helburua. Bigarren programak nekazaritza ekologikoa mantendu eta  sustatzea ditu jomuga, eta 265.000 euroko aurrekontua dauka. “Diru laguntza deialdi hauen bitartez, nekazaritza habitatak zaintzea, biodibertsitatea mantentzea, bertako eta kalitatezko produktuak sustatzea… dira jorratzen ditugun alorretako batzuk”, adierazi du Mendozak.

          Foru arduradunak nabarmendu duenez, neurri hauek lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dute, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu aipatutako sektorea garatzen jarraitzea. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada”, aldeztu du. Mendozak gaineratu du lehen sektore honek enplegua eta kalitatezko produktuak ere sortzen dituela eta, hau guztiagatik, Foru Aldundiak ezinbestekotzat jotzen duela Gipuzkoako baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jarri, babestu eta sustatzen jarraitzea.

 

Partaidetza sustatzeko laguntzak

Azkenik, pasa den asteko Diputatuen Kontseiluan hartutako erabaki bat osatu duen beste erabaki baten berri eman du Mendozak, herritarren partaidetza sustatzea helburu duena. Pasa den astearteko Kontseiluan Gipuzkoako udalentzako eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeentzako diru-laguntza deialdiak onartu ziren herritarren partaidetza sustatzeko, 350.000 euroko aurrekontuarekin; orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu duenez, helburu berdina duen baina elkarteei zuzentzen zaioen deialdia onartu da, 150.000 euroko zuzkidura duena.

          Ondorioz, 500.000 euro bideratu ditu Aldundiak berriki herritarren partaidetza sustatzera. “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan inkorporatzea lagungarria da herritarrei erakundeenganako konfiantza sortzeko, hainbat arrazoi direla medio: gobernuak indartzea, politika publikoak legitimatzea, gizarte aniztasuna integratzea, gizarte interesak agenda publikoan sartzearen alde egitea, herritarrak bizitza publikoa ordenatzeko prozesuetan tartean sartzea, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotzea”, adierazi du Mendozak. Hortik, Aldundiak bultzatzen duen gobernantza-eredu ireki eta elkarlanekoaren aldeko apustua, herritarren partaidetza aktiboa baitu ardatz nagusietako bat.

  

2093