Breadcrumb

Asset Publisher

Back 23 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin

23 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin

Foru erakundeak 988.024 euroko laguntza eta aholkularitza teknikoa emango ditu proiektu horiek garatzeko, belaunaldi aldaketa xedetzat hartuta.

GazteNek

Gipuzkoako 23 gazte lehen sektorean hasiko dira lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Horretarako, Aldundiak dirulaguntza deialdia egin du, 40 urtez azpiko nekazariek enpresa berriak sor ditzaten: 20 gazte lehendik abian ziren ustiategien kargu egingo dira, eta 3k, berriz, ustiategi berriak zabalduko dituzte. Foru Aldundiak 988.024 euro bideratuko ditu 2023an programa honetara, ongi prestatu eta kualifikatutako gazteak jarduera hauetan has daitezen, belaunaldi aldaketa sustatuz, eta garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresa berrien sorkuntza bultzatuz.

“Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorerik gabe eta zuek zarete etorkizuna. Ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak, ingurumenarekin bat eginda elikadura jasangarri eta osasuntsua eskaintzeko lanean jarraituko dutenak, balio horiei guztiei eutsi ahal izateko”, adierazi du Eider Mendoza Diputatu Nagusiak Iturraran Parketxean egin den ekitaldian. Ekitaldi horretan egon dira programan parte hartuko duten gazteak, Aldundiko ordezkariak, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua Xabier Arruti, Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Arantxa Ariztimuño, eta, nekazari gazteei beren proiektuak aurrera eramaten lagunduko dieten zenbait teknikari eta lehen sektoreari lotutako hainbat eragile.

Aurten ere, topaketa hau sektorean lanean hasiko diren gazteei aitortza egiteko, eta haiekin sektorearen etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko helburuarekin antolatu da. Hori horrela, Aldundiak espresuki adierazi die bere babesa lehen sektoreko ekintzaileei, gure lurraldeak landa inguruneari eta landa inguruneko jarduerari ematen dion balioan azpimarra jarriz. Solasaldi emankorra izan da, eta gazteen eta lehen sektoreko eragileen ekarpenak, gogoetak eta proposamenak jaso dira bertan. “Egin duzuen apustuak merezi du horren berri ematea eta gure aldetik gogor lan egingo dugu lehen sektorea bistaratu eta sustatzeko, guztion artean eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan sektorea indartsu eta osasuntsu izan dadin”, azpimarratu du Xabier Arrutik.

Deialdira aurkeztu diren gazteak hainbat herrietatik datoz: Abaltzisketa, Amezketa, Belauntza, Eibar, Hondarribia, Orexa, Zarautz… Proiektuen jarduerari dagokienez, berriz, baratzagintza eta haragi-behiak dira nagusi, baina erlezaintza, basogintza eta mahastigintza ere badira. Horietako zazpi transformazio jarduerak egingo dituzte, eta zazpik ekoizpen ekologikoa. 7 nekazari emakumezkoak dira, eta 16 gizonezkoak. Aurtengoan, onuradunek jasoko duten batez besteko kopurua 43.005 euro da. Bost urtez, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, teknikarien aholkularitza eta laguntza ere jasoko dute.

2004. urtean programa hasi zenetik, 329 gaztek hasi dute beren proiektu profesionala programaren laguntzarekin. Hala, 188k hasi dute familiartekoen ustiategiak

gobernatzen, belaunaldi txandaketa bermatuz, eta 118k, berriz, negozio berriak irekitzen. Azpimarratzekoa da ustiategien arrakasta-ehuneko handia, haien % 90ek beren jarduerarekin jarraitzen dutela, eta uko egin diotenen ehunekoa oso txikia dela. Aipagarria da, orobat, nekazaritza ekologikoaren gorakada, halako 71 ustiategi baitaude 2016az geroztik.

Diputatu nagusiak nabarmendu du lehen sektorea egituratzearen eta indartzearen aldeko apustua egiten jarraituko duela Aldundiak, sektore honen garapena “estrategikoa” delako lurralderako. “Gipuzkoako jarduera eta bizimodua beti egon da lehen sektoreari estuki lotuta. Eta hala behar du etorkizunean ere, elikadurari, ingurumenari edo klima aldaketari lotuta dauzkagun erronkei aurre egin nahi badiegu, nekazaritza, abeltzaintza edota basogintza ezinbestekoak direlako. Lehen sektore sendo, lehiakor eta dinamiko bat behar dugu Gipuzkoa orekatu eta jasangarri bat izateko, arlo guztietan”.

Izan ere, lehen sektoreari esker “lanpostuak eta kalitatezko produktuak” ditugu, baina, horrez gain, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren % 80 kudeatzen du; beraz, “berebiziko garrantzia du landa ingurunearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik, eta baita lurralde orekaren ikuspegitik ere”. Izaera estrategiko horren jakitun, legealdi honen hasieran Lurralde Oreka Berdeko departamentua sortu dela azpimarratu du, “sektorea sustatzeko politikak indartu eta koordinatzeko euskarri gisa, eta gure konpromiso politikoaren erakusgarri”.

Nafarroara irteera

Pasa den urtean bezala, aurten ere, Iturrarango ekitaldiaren ondoren, azken urteetan sektorera jauzi egin duten hainbat gaztek, hauen monitoreek eta Aldundiko zuzendari eta teknikariek Nafarroara bisita egingo dute. Bi eguneko egonaldia burutuko dute eta Intiako kideekin batera, Etxarri Aranatz, Amaiur eta Almandozeko hainbat gazteren ustialeku eta proiektuak (sagarrondoak, haragitarako behiak, Euskal Txerria, zatikatze-zentroa… besteak beste) ezagutuko dituzte. Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, gazteek elkar ezagutu, harreman-sareak sortu eta dinamikak lantzearen garrantzia azpimarratu du. “Enpresa-proiektu berriei ilusioz helduko dieten gazte ekintzaileak sektorean izatea albiste bikaina da, erreleboa bermatu behar duelako sektoreak, baina hori bezain garrantzitsua deritzogu erronkei elkarturik aurre egingo dien Gipuzkoako gazte nekazarien harreman-sare sendo bat izatea”.

  

2239