236 pertsonak parte hartu dute Gipuzkoako Harrera Familien XVIII. Topaketan
236 pertsonak parte hartu dute Gipuzkoako Harrera Familien XVIII. Topaketan
Markel Olano: “358 adingabe baditugu ere harrera familietan, beste 421 tutoretzapeko zentroetan daude. Horietatik 64 ateratzeko moduan daude harrera familia aurkitu bezain azkar”
236 lagunek (120 familia, 62 adingabe eta 54 profesional) parte hartu dute gaur Harrera Familien XVIII. Topaketan. Topaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak antolatu dute. Gaurko topaketa honetan, Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Pedro María Pérez Beroako lehendakariak eta Javier Monzón EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Koordinazioko dekanordeak parte hartu dute. Haiekin batera bertaratu direnek aukera izan dute familia harreraren prozesuan dituzten esperientzia eta bizipenak partekatzeko, baita egunero sortzen diren erronken berri elkarri emateko ere.EHUko Carlos Santamaría zentroan ospatu den topaketan, Maitane Salinasek ·Nire errealitatea, zure errealitatea… gure errealitate…» eszenifikazioa muntatu du, eta tradizio den bazkaria egin dute. Markel Olanok esan duenez, «familia harrera babes figura sendotu bat da gure lurraldean». «Horren erakusle da Gipuzkoan 358 ume eta nerabe ditugula harrera familietan bizitzen. Familia horiek, elkartasunez, adingabe horiek aukera ezin hobe bat ematen diete, gurasoek, arrazoi desberdinengatik, ezin dituztenez zaindu».
Alabaina, Olanok gehitu duenez, «beste 421 tutoretzapeko zentroetan daude. Horietatik 64 bizi diren lekutik atetzeko moduan daude harrera familia aurkitu bezain azkar. Familia bat behar dute, beraien zaintza eta heziketaren kargu egingo dena; baina familia horretako beste kide bat izateaz gain, jatorrizko familiarekin harremanetan jarraitzeko aukera ere nahi dute, nahiz eta beraiekin ez bizi».
64 kasu horietatik seitan, familia zabal batek hartzeko aukera aztertzen ari dira; 37 kanpoko familia boluntario batera bideratuta daude, eta 21 (12 neska eta 10 mutil) familia espezializatu batera (pertsona bakarra edo bikotea), profesionala izan behar duena, psikologian, pedagogian, hezkuntzan edo gizarte lanetan prestatua, edo, osasunaren profesionala izan behar duena, behar eta inguruabar berezietan dauden adingabeak hartu behar baitituzte.
Jarraipena eta laguntza ekonomikoa
Orobat, Olanok azaldu duenez, «harrera familia guztiek profesionalen laguntza dute adingabeari, familia hartzaileari eta jatorrizko familiari jarraipena egiteko eta laguntzeko. Diru laguntza ere izaten dute, harreran dauden haur eta nerabeen oinarrizko premiak asetzeko. Hileko diru konpentsazioaz gain, beste behar batzuk estaltzen dira: eskolaz kanpoko laguntzak, osasun publikoak estaltzen ez dituen tratamenduak, arreta psikologikoa, eta abar».
Zentzu horretan, topaketara bertaratu direnei gogorarazi die harrera mota bakoitza (larrialdikoa, alde batekoa eta behin betikoa) umeak bizitzaren une jakin batean duen beharraren araberakoa dela. «Eta guztiok batera, Beroa elkartearekin, laguntzen dizueten Laukako profesionalekin eta talde guztien funtzionamendua egokia izan dadin lan egiten duten Foru Aldundiko teknikariekin, ezinbesteko talde bat osatzen duzue ume horiek hazteko».
Orobat nabarmendu behar da jada adinez nagusi diren 56 gaztek Emantzipaziorako Laguntza Programan parte hartzen dutela, eta harrera familiak izan dituztenekin bizitzen jarraitzen dutela. Horrez gain, programa horretan parte hartzen duten gazte horiek jarraipen eta laguntza ekonomiko bat dute. Berriki, EHUan unibertsitate ikasketak egiten dituztenentzat, «Arrakasta» hitzarmena sinatu dute Foru Aldundiak eta EHUk, laguntzak emateko prestakuntza horretan arrakasta izan dezaten.
Bestalde, Beroa elkarteak aisialdia eta topaketa informalak eskaintzen die familia hartzaileei eta umeei, eta asoziazionismoa sustatzen dute esperientziak partekatzeko eta administrazioaren hobekuntzak sustatzeko esparru horretan.
Olanok, amaitzeko, nabarmendu du: «Gipuzkoan, gaurko eta antzeko topaketetan erakusten den elkartasun honi esker, familia harrerak gero eta indar handiagoa du. Gainera, esan dezakegu Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden sei urtez beherako haur gehienak harrera familia batean daudela». Hala, berriz gogorarazi du 64 ume eta nerabe horiek zain jarraitzen dutela, eta dei bat egin du «tutoretzapeko adingabe horiek hartzeko prest dauden familien kopurua handitzeko». Harrera familien zerbitzuarekin harremanetan jartzeko telefonoa eta posta elektronikoa hauek dira: 943 11 25 22 / familiaharrera@gipuzkoa.eus.
1843