Breadcrumb

Asset Publisher

Back 237 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen Ogasunak 2019 urtean

237 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen Ogasunak 2019 urtean

Iaz, foru erakundeko talde profesionalek eginean 300 jarduketa baino gehiago egin zituzten zerga ihesaren kontra.

2020/05/28

Gipuzkoako foru Ogasunak 236,9 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen 2019 urtean. Zergaz zerga, azaleratutako zenbatekoaren zatirik handiena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan dago, 85 milioi euro atzeman baitira; Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, 58,7 milioi euro azaleratu dira; Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) 56,1 milioi euro; eta beste 37,1 milioi euro gainerako zergetan. “Emaitzetatik harago, balioan jarri nahi dut Ogasuneko lan talde guztiak urte osoan zehar egin duen lana. Epe luzeko ikuspegiarekin jokatzen den partida da zerga iruzurrarena, eta gaur egiten ari garen lanaren zati handi bat aurrerago ikusiko dugu”, azaldu du Jabier Larrañaga, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak.

          Foru arduraduna Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean agertu da gaur, azken urtean zerga iruzurraren kontra egindako lanaren emaitzak aurkezteko eta 2020 urterako aurreikusten diren lan lerro nagusiak aurreratzeko. Berekin izan da Ogasuneko foru zuzendari den Jokin Perona. Foru diputatuak gogoratu du guztiz ezohizkoa dela egungo egoera, COVID-19 gaitzak eragin duen mundu mailako pandemiak sortu duen krisi sanitario, ekonomikoa eta soziala dela eta. Honen eraginez, gaur aurkeztu diren emaitza eta etorkizuneko planen aurkezpena aste batzuk atzeratu behar izan da.

          2019 urtera itzulita, eta Larrañagak azaldu duenez, foru erakundeak 120.257 jarduketa egin zituen zerga iruzurraren aurka. Hau da, egunean 300 jarduketatik gora. Zergaz zerga xehatuta, 65.873 jarduketa egin ziren PFEZan edo Ondarearen gaineko Zergan; 5.310 Sozietateen gaineko Zergan; 41.458 BEZan; eta 7.706 gainerako zergetan. Foru diputatuak beste zerga administrazioekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin duten elkarlanean jarri du azpimarra. Esan duenez, “Ogasunak ezin du isolatuta egin lan, gutxiago alor honetan”. “Beste zerga erakundeekin eta eragileekin sare partekatuak eraikitzen jarraitu behar dugu eta, zorionez, azken urteetan esan dezakegu pausu garrantzitsuak eman ditugula alor honetan. Lan honi esker, zerga iruzurrak baliatzen dituen espazio eta tarteak gero eta estuagoak dira”, nabarmendu du. 

          Foru diputatuak 2019 urtearen irakurketa positibo egin du zerga iruzurraren atalean. Bere ustez, jarraipenekoa izan da urtea. “Aurreko urteetako errezeta berdinarekin jarraitzen dugu: pertsonetan inbertitzen segitzen dugu; gure informazio iturriak zabaltzen jarraitzen dugu, beste eragileekin dugun elkarlanari esker lortzen duguna; teknologiaren alde egiten jarraitzen dugu, gero eta gehiago hazten ari den informazio fluxu hori guztia ezagutza bihurtzeko; eta kontzientziazioaren alde egiten jarraitzen dugu, hori baita zerga iruzurrari aurre egiteko modurik eraginkorrena”, azaldu du. Larrañagak gogoratu duenez, iruzur fiskalaren kontrako borrokak Gipuzkoako foru Ogasunak dituen lehentasun nagusien artean jarraitzen du legealdi honetan ere.

 

2020ko Egiaztapen Plana

Bestalde, aurtengo Egiaztapen Planari dagokionean, Larrañaga eta Peronak azaldu dute plangintza egokitu behar izan dutela, COVID-19 gaitzak eragin duen krisialdia dela eta. Foru diputatuak agertokia oso delikatua dela gogoratu du, “eta orain inoiz baino gehiago gizarteak erakundeen beharra ikusten du”, eta hauek eskura dituzten baliabide guztiekin erantzuten ari direla. “Egoera honek asko estutuko ditu finantza publikoak datozen urtetan, eta beharrezkoa izango da zorpetze maila altuagoetara iristea eta baliabideen kudeaketa ezin hobea egitea, honela gure zerbitzu publikoei eta ongizate mailari eutsi ahal izateko”, ohartarazi du. 

          Hari honetatik tiraka, adierazi du “oso tristea izango litzatekeela zerga betebeharrak modu egokian betetzearen garrantziaz. Edo, beste era batera esanda, zein kaltegarria den zerga iruzurra”. Honela, iritzi dio momentu honetan laguntza publikoak jasotzen ari diren herritarrak “iruzurrari aurre egiten lehenengoak” izan beharko luketela, “ez baita justua irabaziak norberarentzat gorde eta galerak gizarteratzea”. “Ogasunak egin ditzaken hainbat eta hainbat jarduera baino eraginkorragoa da gizartearen gaitzespena. Gure egunerokotasunean, herritar denok dugu eskuartean gaitz honi aurre egiteko aukera. Hau esanda, balioan jarri eta eskertu egin du badirela zergadunak beraien zergen ordainketa aurreratzea eskatu dutenak, “arduragatik eta gizarteari egin nahi izan dioten ekarpen bezala”.

          Egiaztapen Planaren edukiari eutsita, urtero bezala, hiru lan lerro nagusi ditu: informazio lortzeko jarduketak, prebentzio jarduketak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehenengo atalean, nazioarte mailan informazio trukatzeko hitzarmenen ustiaketan, nazioarteko fiskalitate arloan dabiltzan zergadunen azterketan, zerga administrazio eta beste administrazioekin dauden informazio trukaketa prozesuen egonkortzean eta negozio eredu berrian (merkataritza elektronikoa, txanpon birtualak…) sakonduko da.

          Jarduketa prebentiboen arloan, bere aldetik, Larrañagak foru Ogasuna egiten ari den zerga iruzurraren aurkako erreminta hobetzeko teknologiaren aldeko apustuan jarri du azpimarra. Honela, esan du foru erakundeak aurrera jarraitzen duela Berehalako Informazio Hornidura (BIH) edota Ticket Bai proiektuekin, eta Big Data edota konputazio kuantikoaren arloetan hainbat ekimen dituela martxan. Gainera, zerga betebeharren borondatezko betetzea errazteko programen alde ere egiten ari dela gogoratu du. Bestalde, hezkuntza arloan egiten ari den kontzientziazio lanean ere jarri du azpimarra, bereziki zergei buruzko unitate didaktikoa nabarmenduz, aurtengo ikasturtean 91 ikastetxetan eta 3.000 ikasle baino gehiago lantzen ari direna. Azkenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketen esparruan, foru diputatuak esan du aurreko urteetako lanari jarraipena emango zaiola.

  

2262