25 urte bete ditu IZFEk
25 urte bete ditu IZFEk
Markel Olanok adierazi du Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea “ezinbesteko bidelaguna” dela 5.0 gizartearen erronkei aurre egiteko .
IZFEk, Informatika Zerbitzuen Foru Elkarteak, bere 25. Urteurrena ospatu du, Donostiako Eureka! Zientziaren Museoan egindako ekitaldian. Bertan parte hartu dute denbora horretan zehar edo gaur egun Elkarteko plantillako kide izandakoek edo direnek, eta ordezkari instituzionalek, horien artean Markel Olano diputatu nagusiak, Aitor Olaizola gaur egungo IZFEko zuzendariak, edota Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak. Ospakizunaren barruan, formakuntzan eta motibazioan aditu den Victor Kuppers unibertsitate irakaslearen hitzaldia izan da.
Foru Elkarteak egindako ekarpena aitortuz, Olanok oroigarri bana eman die azken 25 urteetan arduradun izan direnei: Xabier Txapartegi, Joaquin Villa, José Ramón Guridi, Jon Peli Uriguen eta Imanol Lasa presidenteei; eta Mikel Fernández Miner, Carlos Etchepare, Javier Gómez, Elixabete Ostolaza eta Aitor Olaizola zuzendariei. Elkartea sortu zenetik, 230 pertsona izan dira guztira lan taldeko kide.
IZFEren egitekoa da azpiegitura eta aholkularitza eskaintzea informatika eta teknologia zerbitzuetan, bai Foru Aldundiei, bai entitate publikoei, eta baita Gipuzkoako udal guztiei ere. Adibidez, gizarte zerbitzuen eskura extranet bat jartzen du, 1.700 erabiltzaile eta hainbat entitate konektatuta dauzkana: udalak, eguneko zentroak, adinekoen egoitzak, edota udal esparruko oinarrizko gizarte zerbitzuak -5.000.000 tramite egin dira guztira horren bitartez-. Administrazio elektronikoa ahalbidetzen du, zerbitzu digitalen plataforma oso batekin, administrazio guztiekin konektatuta dagoena eta eragingarria dena.
Zerga alorrean, bestalde, Zerga eta Kontua proiektuaren bitartez, zergadun guztiek hodeian lehen artxibategi fiskala edukitzea ahalbidetzen du, dagoeneko tresna horrekin 4000.000 aitorpen baino gehiago egin direlarik. IZFEren azpiegiturari esker, 250.000 gipuzkoarren Errenta aitorpenaren autolikidazio automatikoa jasotzen dute etxean, eta herritarrek PFEZaren itzulketaren dirua eskura dute aitorpena aurkeztu eta egun bakarrera, duela hamar urte baino gehiagoz geroztik.
Adibide horiei helduta, Markel Olanok balio handia eman dio IZFEk bere ibilbidean zehar egindako lanari, Gipuzkoako gizarteari “zerbitzu publiko eraginkorra” eskaintzeko orduan. Aurrera begira, “ezinbesteko bidelaguntzat” jo du lurraldeak etorkizunari berme guztiekin aurre egin diezaion. “5.0 deritzon gizarteak etengabeko aldaketak dakartza. Paradigma ekonomikoak, harremanak, kultura, baita zerbitzu publikoak ere etengabe aldatzen ari diren etorkizunera egokitzeko gaitasuna izan behar dugu. Adimen artifiziala edo sistema kognitiboen iraultza bezalako egoera desberdinetara egokitu behar dugu. IZFEk aukera ematen digu teknologian erreferente propioa edukitzeko, eta bertako profesionalen gaitasunak aprobetxatzeko”.
Diputatu Nagusiaren arabera, Big Data eta Analitika Aurreratua bezalako teknologia berrietan izandako aurrerapenak “palanka garrantzitsuak dira Gipuzkoak behar duen funtsezko eraldaketa modu iraunkor eta jasangarri batean bultzatzeko eta bizkortzeko”. Eraldaketa digitala hori, herritarrekin harremanak edukitzeko kanal berriak ezartzea baino “askoz gehiago da”, haren esanetan. “Hori dagoeneko egiten dugu lurraldean, eta egoki gainera. Erronka da, analitika aurreratuaren teknikak erabiliz, horrenbeste datuetatik adimena ateratzea, ateak irekitzen dizkigulako herritarren egonezinak eta kezkak hobeto ulertzeko, haiei beharrei erantzuteko, eta erabakiak modu egokiagoan eta azkarrago hartzeko”.
Adierazi duenez, hainbat alorretan eraginkorrago jarduteko aukera ekarriko du teknologiak: iruzur fiskalaren aurkako borrokan, gizarte ongizatearen kudeaketan, zerbitzu publiko hobeak ematen, lehiakortasuna hobetzen eta garraioan eta trafikoaren fluxuan konponbide berritzaileen bitartez lurraldearen jasangarritasuna lortzen, hondakinen kudeaketan eta eraginkortasun energetikoan. “Berrikuntza da Etorkizuna Eraikiz dinamikaren oinarri nagusietako bat. Pisu handia dauka Gipuzkoaren etorkizuneko proiektu guztietan, baina guk argi daukagu tresna dela, beti ere, lurralde etikoagoa, bidezkoagoa, berdintasunezkoa, lehiakorragoa eta gardenagoa eraikitzeko”, laburbildu du.
Lurralde aitzindaria
IZFEko zuzendari Aitor Olaizolak Foru Elkartearen jatorriak izan ditu izpide. 1.993an sortu bazen ere, aurreko ekimen bat du oinarri, orain 37 urte sortutako Datuak Pozesatzeko Zentroa –CPD delakoa-, hain zuzen. “1981. Urtean, Gipuzkoak Kontzertu Ekonomikoa berreskuratu zuen, zergak biltzeko eta kudeatzeko gaitasunarekin. Informatika sistema potentea behar zen eskumen hori garatzeko, eta horretarako inguruko perfil onenak fitxatu ziren, tartean estatuko ogasuneko langileak. Garai horretan, ordenagailu zentral nagusi batekin egiten zen lan: langile batzuk Gipuzkoan zeuden, beste batzuk Ibaetan eta egoitza desberdinetan… 1.982. urtean, lehen lurralde eredua izan zen zerbitzu digital bateratuak izaten; gure ingurunean, estatuan eta ziurrenik Europan”, nabarmendu du.
Hasieratik Gipuzkoako informatika osotasunean hartu zen, Foru Aldundia, Foru Ogasuna, erakunde publikoak eta udalak elkarrekin konektatuz; gure lurraldearen oreka eta berdintasuna bermatzeko “oinarrizko” lorpena da hori, Olaizolaren arabera. “122 biztanle dituen Gaintza bezalako herri txiki batek Errenteria bezalako herri batek dituen zerbitzu teknologikoak lortzea ez da edonolakoa. Estatuko beste hiriburu batzuk ere ez dituzten zerbitzuak ditugu administrazio elektronikoan, adibidez. Hori izan zen eta oraindik ere hori da gure balio erantsirik aberasgarrienetariko bat, lurralde oreka”. Iragarri duenez, datien “tratamendu adimentsuan” dago orain erronka nagusia: “IZFEk Gipuzkoaren modernizazioan eta digitalizazioan eragile aktiboa izaten jarraituko du”, berretsi du.
2256