Breadcrumb

Asset Publisher

Back 27 poligonoko sarbide berria eraikitzeko proiektuari heldu dio berriro ere Aldundiak

27 poligonoko sarbide berria eraikitzeko proiektuari heldu dio berriro ere Aldundiak

Diputatuen Kontseiluak industriagunea eta GI-2132 errepidea Astigarraga parean lotzeko egitasmoa jasotzen duen kontratazio espedientea onartu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du GI-2132 errepidea Astigarraga parean Donostiako Martutene auzoan dagoen 27 poligonoarekin lotzeko proiektuaren kontratazio espedientea. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, proiektua urte hasieran onartu zuen Aldundiak baina gero, COVID-19 pandemiak eragindako krisia zela eta, behin behinean gelditu zuen. “Orain, finantza agertokia argituta da; batez ere Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioari esker, defizit gaitasuna eman diguna. Honi esker, gai gara honelako proiektuak berriro ere martxan jartzeko”, esan du. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 6.709.300,98 euro da  (%21eko BEZa barne) eta lanak gauzatzeko epea hamar hilabete.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “27 poligonoa enpresa parke zabala da, gaur egun sarbide bakarra duena, GI-40 errepidean dagoen biribilgune batetik egiten dena. Proiektu honen helburu nagusia bide horretako trafikoa arintzea da”, azaldu du.           “Sarbide berriak edukiera handiko sarearekin lotune ia zuzena eratzea ekarriko du. Honek asko arinduko du gaur egungo biribilguneak jasaten duen trafikoa”, zehaztu du Mendozak. “Martuteneko biribilgunean, egunero eta ordu puntatan, trafiko handia pilatu ohi da. Donostiako sarrera bat da erabiltzaile askorentzat eta, hori dela eta, bertan batzen diren 27 Poligonora sartu edo irteten diren ibilgailuak, Ospitaletik datozenak edo hara doazenak, Donostian sartu edo irten nahi dutenak eta AP-8tik sartu edo irteteen ari direnak. Industriagunera sarbide berriarekin, 27 poligonoko trafikoa asko arinduko da eta, ondorioz, Martuteneko biribilgunea deskongestionatzen lagunduko du”, gaineratu du.  

Honela, sarrera berri honen irekierak mesede egingo dio GI-40ko zirkulazioari, ibilgailu kopurua murriztu eta hauen fluxua hobetuko baitu. Foru bozeramaileak gogoratu duenez, Donostia eta Astigarragako udalek egindako eskariei erantzuten die proiektuak, Martuteneko 27 poligonorako sarrera-irteerak eta inguruko trafikoak arintzeko neurriak eskatzen baitzituzten. Proiektuan proposatzen da lotura erdi bat egitea GI-2132 errepidearen 7,200 kilometro puntuaren parean, Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik poligonorako eta poligonotik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetzeko, hartara, gaitasun handiko sareko sarbidea ahalbidetzen da. “Bide berri bat sortuko da lotura erditik, zeinak Petritegiko bidea gurutzatuko duen; ondoren, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko ditu; eta, azkenik, 27 poligonoko Ubarburu pasealekuari lotuko zaio”, azaldu du foru arduradunak.

 

Berdintasuna

Bigarren puntuan, berdintasunaren arloan erabaki garrantzitsua hartu du Diputatuen Kontseiluak: onartzea emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten jarduketetarako emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko beste erakundeei zuzendutako 2021eko dirulaguntza deialdia. Guztira, 400.000 euro bideratuko dira esparru honetara. Azaroan zehar argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hilabeteko epea egongo da proiektuak aurkeztu ahal izateko. 

“Dakizuen bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lehentasunen artean dauka gai hau jorratzea, gure kudeaketa osoa ahalik eta desberdinkeria gutxien duen Gipuzkoa eraikitzera baitago bideratuta. Eta, desberdintasunak borrokatzeaz ari garenean, ikuspegi anitzetatik ari gara: gizartea, generoa, hizkuntza…”, adierazi du Mendozak. Gaineratu duenez, “argi dago” ahalegin hau ezin duela Aldundiak bere kabuz egin, eta Gipuzkoa gizarte antolatuaren eta norbanakoen inplikazioa ezinbestekoak direla. “Testuinguru honetan, funtsezkoa da bultzada ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erdiestera bideratutako aurrera eramaten dituzten elkarteei, eta emakumeen autonomia sustatu eta beren posizio soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala sendotzen dutenei ere”, azaldu du.

Foru bozeramailearen ustetan, eta “zorionez”, lurraldeak mugimendu feminista “oso sendoa” du, elkarte sare ugari eta oso dinamikoa baitu. Hau babesteko, dirulaguntza deialdi honek 2020 urtean izan duen ibilbideko datuak mahai gaineratu ditu: aurten ere 400.000 euro bideratu dira lerro honetara, eta guztira, 37 elkartek jaso dituzte berdintasuna bultzatzeko laguntza hauetatik baliabideak: 6 elkartek beren eguneko jardunetako dirulaguntzak jaso dituzte, eta beste 31 elkartek gizartearentzat orokorrena eta emakume zaurgarrienentzat bereziki zuzendutako proiektuentzako laguntzak. “Berdintasunaren esparruan aurrera pausoak emateko, funtsezkoa da gizarte aberastasun hau bultzatzen jarraitzea eta, ondorioz, alor honen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu”, azpimarratu du.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 114 kasu positibo daude, 17 egoitzetan banatuta: 19 Donostiako Alai-Etxen; 1 Bergarako Mizpirualden; 5 Donostiako Berran; 24 Donostiako Lamourousen; 10 Zumarragako Argixaon; 1 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan; 12 Donostiako Txara II-n; 2 Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan; 11 Donostiako Zorroaga; 1 Zumaiako Otezurin; 1 Oiartzungo Petra Lekuonan; 2 Hondarribiko San Gabrielen; 12 Beasaingo Arangoitin; 1 Donostiako Villa Sacramenton; 10 Andoaingo San Juan Bautistan; 1 Irungo Caser Residencial Anakan; eta 1 Donostiako Berminghamen. Hauetatik 2 ospitaleratuta daude, eta beste 78 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 44 egoiliar hil dira, eta 98 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 87 kasu positibo daude, 38 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 139 langile sendatu dira, eta guztira 47 zentrotan egon dira kasu positiboak langileen artean. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 17 positibo berri atzeman dira, eta 6 desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan, denak egoitzetan. Sare honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan 5 positibo atzeman dira, eta gogoratu behar da sare honetan 54 baliabide daudela, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan dituztenak. Azkenik, adingabeei arreta emateko baliabideen sarean, non 400 plaza dauden, positibo bat atzeman da. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 36.508 proba egin ditu, hauetatik 4.337 pasa den astean, egoiliarren eta egoitzetako langileen artean.

  

1935