Breadcrumb

Asset Publisher

Back 30 milioi euroko hobekuntzarekin itxi du Gipuzkoako Ogasunak 2017ko Errenta kanpaina

30 milioi euroko hobekuntzarekin itxi du Gipuzkoako Ogasunak 2017ko Errenta kanpaina

Ondarearen gaineko Zerga 10 milioi eurotan hazi eta 74 milioi euroko zerga bilketara iritsi da

2018/07/23

22 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi du Gipuzkoako foru Ogasunak 2017ko Errenta kanapina, aurreko urtekoa 30 milioi eurotan hobetuz. Guztira, 266 milioi itzuli eta 244 milioi euro jaso ditu foru erakundeak. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak emaitzen irakurketa positiboa egin eta kanpaina “oso ona” izan dela adierazi du. Hobekuntzaren arrazoia, azaldu duenez, ekonomiaren bilakaera positiboa da, hazkunde fasean jarraitzen baitu. “Jarduera ekonomikoak enplegu gehiago eta soldata hobeak dakartza, eta hau gero zerga bilketan islatzen da”, zehaztu du.

            Larrañaga hedabideen aurrean agertu da gaur foru Jauregian, kanpainaren xehetasunak azaltzeko. Berarekin egon dira Ogasuneko foru zuzendari den Jokin Perona eta Zerga Kudeaketako zuzendariorde den Yolanda Dominguez. Adierazi dutenez, guztira 377.389 aitorpen aurkeztu dira, aurreko urtean baino 2.798 gehiago. Honela, krisialdiko beherakaden ostean, bigarren urtez jarraian hazi da Errenta aitorpena aurkezten duten zergadunen kopurua, ekonomiaren suspertzearen adierazle hau ere.

            Foru arduradunak, bere hitzaldian, gipuzkoarrek urtero-urtero egiten dituzten ekarpenak eskertu ditu. “Ekarpen hauek zerbitzu publikoak finantzatzera daude bideratuta eta, beraz, funtsezkoak dira gure ongizate mailari eusteko”, esan du. Larrañagak gogoratu duenez, Foru Aldundia legealdiaren lehen eguntik ari da ekonomia sustapenaren alde egiten, hori baita “errezetarik onena” krisia gainditu eta zerga-bilketa berreskuratzeko eta, oraingoz, “zenbakiek arrazoia ematen digute”. “Erronka, orain, etorkizunean gure ongizate mailari eusten jarraitzeko zer egin behar dugun erabakitzea da, eta horregatik jarriko dugu martxan aurki gure biharko gizarte eredua definitzen hastek hausnarketa prozesua”, esan du.

            Gipuzkoako foru Ogasuneko langileek “beste behin ere” egin duten lan onean ere jarri du azpimarra Larrañagak. “Aurtengo berritasun nabarmenetakoa ZergaBidea laguntza programaren bertsio berria izan da, eta esperientzia oso ona izan da, 90.500 aitorpen inguru aurkzten baitira bide honetatik”, azaldu du. Foru diputatuaren esanetan, erreminta hauen helburua Errenta aitorpena aurkezteko erraztasunak ematea da zergadunei, eta foru Ogasuna “apustu argi eta irmoa” ari da egiten teknologia hauen alde. “Estatu mailan, zerga guztiak lainoan dituen administrazio bakarra izango gara datorren urtean, eta honek erreferente egiten gaitu arlo honetan”, nabarmendu du.

 

Errenta kanpaina

Zenbakietara jaitsita, Larrañagak adierazi du foru Ogasunak 266 milioi euro itzuli eta 244 milioi euro jaso dituela. Honela, kanpainaren saldoa negatiboa izan da, 22 milioi eurokoa, pasa den urteko emaitza 30 milioi eurotan hobetuz. Hobekuntza, esan bezala, enplegu eta soldaten gorakadaren ondorio zuzena da. “Oso albiste ona da bai Ogasunarentzat zein Gipuzkoako osoarentzat, baina ezin dugu erlaxatu. Lanean jarraitu behar dugu hazkunde agertoki hau egonkortzeko”, azpimarratu du.

            Peronak, bere aldetik, zehaztu du 213.680 autolikidazio proposamen onartu direla, bidali direnen %85,8, aurreko urtekoa baino ehuneko zertxobait txikiagoa. “Aitorpena aurkezteko modurik erosoena da. Gaur egun hazkunde marjinak oso txikiak dira, baina proposamenak hobetu eta aldaketekin onartzeko baldintzak zabaltzeko lanean ari gara”, adierazi du. Aitorpen mekanizatuak, bere aldetik, 73.135 dira, eta internet bidez aurkeztu direnak 90.574. Azken hauetatik, 71.797 aholkulari bidez aurkeztu dira, eta gainerako 18.777k norbanakoenak dira.

            Emaitzaren arabera, foru zuzendariak azaldu du 260.654 izan direla itzultzera eman duten aitorpenak (2016an baino 4.416 gutxiago), eta beste 116.735 aitorpenak ordiantzera izan dira (pasa den urtean baino 7.214 gehiago). “Itzultzera diren aitorpenak zenbateko osoaren %69,1 dira, eta batez beste 1.020 euro jaso dituzte”, zehaztu du Peronak. Ordaintzerakoak, berriz, gainerako %30,9a dira, eta zergadun bakoitzari 2.092 euro dagozkio.

 

Ondarearen gaineko Zerga

Ondarearen gaineko Zergari dagokionean, foru Ogasunak 74,5 milioi euro jaso ditu, aurreko urtean baino 10,2 milioi euro gehiago. Honela, zerga honen inoizko kanpainarik onena izan da. Peronak gogoratu du gorakada 2015eko udazkenean egindako erreformaren ondorio zuzena dela. Izan ere, ekonomiak hobera egin ahala, aldaketa “bere fruituak ematen hasi da”. Guztira, 7.749 aitorpen aurkeztu dira, eta batez beste 9.620 euroko ekarpena egin dute; hau da, hazi egin da bai aitortzaile kopurua zein batez beste ordaintzen dutena.

            Azkenik, Dominguezek Ogasuneko langileek eginiko lan ona txalotu du. Adibide bezala, zerbitzu kartatik ateratako zenbait datu mahaigaineratu ditu, dokumentu honek jasotzen baititu foru erakundeak kanpainan zergadunekiko hartzen dituen konpromisoak. Honela, nabarmendu du 36.990 kontsulta jaso direla telefono bidez, zailtasun ertain edo altukoak, eta hauetatik 50 bakarrik galdu direla (%0,1). Itzulketen batez besteko epea 1,34 egunekoa izan da proposamenetan, eta 1,32 egunekoa mekanizatuan. “Zenbakiak nahiko argigarriak dira, eta Ogasuneko langileek eginiko lan onaren adierazle garbia dira”, esan du Dominguezek.

  

2169