362,1 milioi euro itzuli ditu Gipuzkoako Ogasunak 2023ko Errenta kanpainan, eta 313,8 jaso
362,1 milioi euro itzuli ditu Gipuzkoako Ogasunak 2023ko Errenta kanpainan, eta 313,8 jaso
· Ondarearen gaineko Zergari dagokion bilketa 74,8 milioira iritsi da. · 2023ko Errenta kanpainan foru erakundeak 38 milioi euro itzuli dizkie Auzitegi Gorenak mutualisten inguruan emandako epaien eraginpeko pentsionistei
Foru Ogasunak 362,1 milioi euro itzuli ditu eta 313,8 euro jaso ditu 2023ko Errentaren kanpainan. Balantzea, hortaz, 48,3 milioi eurokoa da zergadunaren alde. Kopuru hori foru-erakundeak aurtengo kanpainarako egindako aurreikuspenen antzekoa da, 52,8 milioiko saldoa aurreikusten baitzuen zergadunen alde. 2022ko ekitaldiko emaitzarekin alderatuta, diferentzia 87 milioi gutxiagokoa da Ogasunarentzat; izan ere, iazko errenta kanpaina foru-kutxen aldeko 39 milioi euroko saldoarekin itxi zen.
Peronak agerraldia egin du gaur goizean Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariarekin eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, uztailaren 1ean amaitu zen kanpainaren emaitzen berri emateko. Ogasun eta Finantza diputatua pozik agertu da 2023ko errenta kanpainaren bilakaerarekin, eta zergadunek zerbitzu publikoak mantentzeko urtero egiten duten ekarpena eskertu du. Era berean, eskerrak eman dizkie Ogasun eta Finantzetako profesional taldeari eta IZFEri, “kanpaina honen arrakasta bermatzeko egindako ahaleginagatik”.
2023ko Errentaren emaitzei dagokienez, Peronak zifra horien nondik norakoak azaldu ditu. Bere hitzetan, batez ere “Gipuzkoako ekonomiaren bilakaera positiboan oinarritzen dira datu horiek. Izan ere, 2022ko % 6,9tik 2023ko % 5,4ra murriztu ziren langabezia-datuak. Horrek eragin zuzena izan du aurkeztutako aitorpenen kopuruan, eta ildo horretan lortutako zifretan”. Horrela Peronak azpimarratu du “Gipuzkoako ekonomiak portaera ona izan duela, erritmo onean egin baitu aurrera azken urte osoan”.
Zergadunaren aldeko itzulketen hazkundeari dagokionez, Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu du “igoera hori Foru Ogasunak 2023 urte bukaeran onartu zuen duen neurri-sortarekin lotuta dagoela, familiak eta kolektibo ahulenak prezio ekonomikoen inflaziotik babesteko helburuarekin”. Neurri horien artean daude, besteak beste, iaz onartutako % 2,0ko deflaktazio; 200 euroko kenkaria 35.000 eurotik beherako errententzat; eta erregimen berezien aplikazioa, hala nola erregimen bereziak, sektore ahulenei zuzendutakoak (garraioa eta lehen sektorea). Puntu horretan, Peronak nabarmendu du “krisi-testuinguru baten aurrean argi dugu beharrezkoa dela fiskalitatea bezalako tresnak ahalik eta gehien zukutzea gure herritarrak babesteko eta lurraldearen kohesio ekonomiko eta soziala bermatzeko, eta, beraz, horrelako neurrien alde egiten jarraituko dugu, betiere beharrezkoak direnean”.
Aipatutako neurri sortez gain, 2023ko Errenta kanpainaren emaitzetan, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pentsiodunei eragiten dien Auzitegi Gorenaren epaiak ere eragina izan du itzulketei dagokienez. Horrela, foru ogasunak 2024ko urtarrileko epaiaren irizpenaren arabera, bere pentsioaren murrizketa aplikatu behar izan du. Murrizketa hau kalkulatzeko, kontuan hartu dira hartu dira pentsioaren oinarriaren % 100era iristea ahalbidetu zuten kotizazioak, hau da, azken 35 lanurteak, lan-bizitza osoaren lanaldiaren ordez. Horrela, epaiak eragindako pentsiodunei 38 milioi euro itzuli zaizkie 2023ko ekitaldian.
Errentako zifrak
Aitorpen kopuruari dagokionez, zergadunek 412.855 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, iazko marka gaindituz, 11.136 aitorpen gehiagorekin.
Modalitateei dagokienez, 108.320 zergadunek Internet bidez egin dute aitorpena, aurreko kanpainan baino 2.952 gehiagok. Autolikidazio proposamenen bidez 227.496 aitorpen aurkeztu dira, 2022an baino 3.009 gehiago. Azkenik, errenta mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan, 77.039 aitorpen aurkeztu dira bide horretatik, iaz baino 5.145 gehiago.
Emaitzaren arabera, 296.338 aitorpen itzuli behar izan dira (guztizkoaren % 71,8), eta Ogasunak 362,2 milioi euro itzuli ditu, hau da, batez beste 1.222 euro itzuli beharreko zergadun bakoitzeko. Gainerako 116.517 aitorpenak Ogasunari ordaintzera izan dira, 313,8 milioi guztira. Azken horiek egindako aitorpen guztien % 28,2 izan dira eta, batez beste, 2.694 euro ordaindu dizkiete zergadunek lurraldeko zerga-administrazioari.
Ondarearen gaineko Zerga
Bestalde, Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, Foru Ogasunak 74,8 milioi euro jaso ditu 2023ko kanpainan, iaz baino 5,1 milioi gehiago. Guztira, aurreko ekitaldian baino 335 aitorpen gehiago egin dira, 2022ko 8.753 aitorpenetatik 9.088ra. Zergadunek, batez beste, 8.241 euro ordaindu dizkiote Ogasunari. “2023ko finantza-merkatuen bilakaerak isla izan du zerga horretan” esan du Peronak eta gaineratu du “zerga hau finkatua dagoela Gipuzkoan eta azken hamarkadako urtez-urteko joera positiboa dela”.
2023ko Errentaren kanpainan aplikatu den Fortuna Handien Elkartasuneko Aldi Baterako Zergari buruzko emaitzak aztertuta, foru-erakundeak emandako datuek adierazten dute zerga berri horri dagozkion diru-sarrerak 86.519 eurokoak direla. Guztira, 4 zergadunek aitortu dute, batez beste bakoitzak 21.630 euro ordaindu dituelarik.
Zerbitzu karta
Kanpainan Ogasuneko langileek eskainitako zerbitzuari dagokionez, foru arduradunek Errentaren lantaldeak egindako lana txalotu dute. Foru arduradunek emandako errepasoan, nabarmendu dute kanpaina honetan 71.817 dei jaso direla kontsultak egin edo eta proposamenak aldatzeko; galdu diren deiei dagokionez 204 zenbatu dira, hau da, dei guztien % 0,28. Autolikidazio-proposamenei dagokienez, bidalitako 275.900 proposamenetatik, % 82,5 onartu dira. Azkenik, itzulketen batez besteko epea 1,27 egunekoa izan da modalitate mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan; 1,37 egunekoa autolikidazio-proposamenen kasuan; eta azkenik, modalitate telematikoaren kasuan, emandako kasuen % 99,3an 10 egunetik beherako epean egin da itzulketa.
Peronak, atal honetan, foru erakundeak Gipuzkoako “herritarrei zerbitzu eraginkorra, lehiakorra eta kalitatezkoa emateko duen bokazioa” azpimarratu du. “Zergadunei dagozkien zenbatekoak itzultzeko epeen azkartasuna eta Errentaren lantaldeak emandako zerbitzuaren emaitza onak, Aldundiak zergadunei bere gestioak Ogasunarekin den bidea izanda, errazteko duen konpromisoaren isla dira” esan du Ogasun eta Finantza diputatuak.
Mutualistei egindako itzulketak
1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pentsiodunei eragiten dien 255/2023 epaiaren itzulketa 38 milioi eurokoa izan da foru Ogasunarentzat. Zenbateko hori itzuli egin da 2023ko Errentaren kanpainaren baitan. Guztira, 102.500 aitorpeni aplikatu zaie murrizketa hori. Aipatutako 38 milioi euroko itzulketa horrek bat egiten du foru Ogasunak errenta kanpaina hasi aurretik zituen aurreikuspenekin.
Zenbaki horri Gipuzkoako Ogasunak itzuli dituen 21 milioiak gehitu behar zaizkio, 1967ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten 34.705 pentsiodunei egindako gutxitzearen kalkulua egin ondoren, apirilaren 19ko 673/2024 azken epaiaren ildotik. Azken irizpen horren arabera, 1967ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pertsonak salbuetsita daude egun hori baino lehen egindako ekarpenei dagokien pentsioaren zatia aitorpenean sartzetik. Foru Ogasunak, behin errenta kanpaina amaituta, uztailaren 2tik uztailaren 5era arte hartutako konpromisoaren ildotik, foru erakundeak epai horri dagokion kalkulua egin du. Aipatutako 34.706 zergadunetatik 26.056k itzuli beharreko emaitza bat lortu dute, eta, joan den astean zehar, dagokien diru-sarrera jaso dute beren banku-kontuetan.
Jokin Peronak azaldu duenez, ebazpena apirilaren 19an eman zenez, aurtengo kanpainarekin hasi aurretik hain zuzen ere, “2023ko kanpainari dagokion itzulketa bi zatitan egin da: 2023ko errenta kanpainan 2024ko apirilaren 19a baino lehen ebatzitako epaiei dagozkien zenbatekoak itzuli dira, eta joan den astean apirilak 19ko azken epai horri dagokion itzulketa egin da, behin kanpaina amaitu ondoren”. Amaitzeko, honakoa adierazi du: "Uztaileko lehen astean itzulketak egingo genituen hitza eman genuen, eta herritarrekin hartutako konpromisoa bete dugu”.
Testuinguru horretan, gaineratu du “azken epai horrek eragiten dien pentsiodunek posta arruntez eta posta elektronikoz jasoko dutela jakinarazpena, aplikatutako murrizketaren kalkuluarekin”.
Epai guztien ondorioz egindako itzulketen guztizko zenbatekoa 59 milioi eurokoa da 2023ko Errentaren kanpainarako.
Mutualistei egin beharreko itzulketak preskribatu gabeko ekitaldiak
Prentsaurrekoan Peronak adierazi du urtea amaitu baino lehen egingo direla preskribatu gabe dauden ekitaldien (2019, 2020, 2021, 2022). zuzenketak mutualisten sententziak kontutan hartuz.Ogasun eta Finantzetako eta IZFEko profesionalen taldea lanean ari da aldaketa horiek ahalik eta lasterren egiten hasteko”.
Amaitzeko, Ogasun eta Finantza diputatuak eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu duten langileei alde batetik eta bestetik herritarrak eskertu ditu lurraldeko ongizate-estatuari eusteko egiten duten ekarpenagatik.
4335