Breadcrumb

Asset Publisher

Back 38.000 metro karratuko lursaila erosi du Aldundiak, MUBILen mugikortasun berriaren poloa ezartzeko

38.000 metro karratuko lursaila erosi du Aldundiak, MUBILen mugikortasun berriaren poloa ezartzeko

Foru Aldundiak bost milioi euroko transferentzia ere egingo dio MUBIL Fundazioari, behin betiko egokitzako ekipamendu eta makinaria erosteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluan MUBIL, Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarrirako Zentroarekin lotutako bi erabaki garrantzitsu hartu ditu bere gaurko bilkuran: alde batetik, 38.000 metro karratuko partzela erostea Donostiako Eskusaitzeta poligonoan, MUBILen behin betiko egoitzaren lursailaren ondoan, egitasmo honek sustatu nahi duen poloa bertan ezartzeko. Bestetik, bost milioi euroko transferentzia onartu da, Fundazioaren behin betiko egoitza Eskusaitzetan ekipatzeko behar diren inbertsioak finantzatzera bideratuta. Eider Mendoza foru bozeramaileak azpimarratu duenez, MUBILen behin betiko egoitza errealitate bihurtzeko ahaleginean beste bi aurrerapauso garrantzitsu dira gaur onartu direnak, “proiektuak duen heldutasun maila eta sendotasunaren adierazten dutenak”.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bere agerraldiak MUBIL izan du ardatz, izan ere proiektu honen bilakaerarako oso garrantzitsuak diren bi erabaki hartu baitira. “Gogoratu behar da, gaur gaurkoz, MUBIL martxan dagoen proiektua dela, Tolosako Usabal poligono behin behineko egoitzan. Eskusaitzetako behin betiko egoitza eraikitzeko obraren proiektuaren kontratazio espedientea, berriz, duela hilabete onartu genuen Kontseiluan, eta 2022ko udaberrian martxan hastea espero dugu”, gogoratu du Mendozak. 

Lehenengo erabakiari helduta, Donostiako Udalari zehazki 38.326,6 metro karratuko azalera duen lursaila erostea da onartu du gaurkoan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eskusaitzeta poligonoan. 8,2 milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako foru erakundeak. “Lursail honetan, mugikortasun berriaren garapenarekin zerikusia duten eta MUBIL Fundazioaren egoitzaren ondoan kokatuko diren enpresak ezartzea planteatzen da, eragileen artean harremanak estutu eta sinergiak sortzeko. Behin betiko egoitza gauzatzeko pausu erabakigarriak ematen ari gara asteotan eta, hori dela eta, mugikortasun berriko poloa bultzatzeko unea dela pentsatu da”, adierazi du Mendozak.

Honekin batera, 5 milioi euroko transferentzia onartu du Diputatuen Kontseiluak, MUBIL Fundazioaren alde. Baliabide hauen helburua, Eskusaitzetan bertan kokatzen den Fundazioaren behin betiko egoitza ekipatzeko behar diren inbertsioak finantzatzea da (bulegoko materiala, oinarrizko makineria…). Inbertsio horiek aurreikusiak zituen MUBILek eta, merkatuari aldez aurreko kontsulta egin ostean, hurrengo pausua inbertsioak lizitatzea litzateke, eta horixe da, hain zuzen ere, 5 milioi euro hauen xedea. Horrela, makineria eskuragarri egon ahal izango da Eskuzaitzetako eraikineko obrak amaitzen diren unean, 2023. urtearen erdialdean izango dela espero baita.

“MUBIL proiektua erabat gorpuztuta dagoen proiektua da, eta biharko ekonomia eraikitzeko Aldundia zein Gipuzkoa osoa egiten ari garen apustu nagusietako bat da”, azaldu du Mendozak. “Etorkizunera begira, Gipuzkoa berdeagoa, digitalagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko prozesuan funtsezko papera jokatzen du MUBILek. Etorkizuna Eraikizek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak esku artean duten proiekturik garrantzitsuenetakoa da”, azaldu du. “Anbizioz jokatu nahi dugu MUBILekin, eta Gipuzkoa zein Euskadi arlo honetan erreferente bihurtzeko giltzarri izatea espero dugu”, amaitu du bozeramaileak.

 

San Juan de Dios

Bestalde, gaur onartu du Kontseiluak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Casa Hospital San Juan de Dios entitatearen artean sinatu beharreko hitzarmena, Arrasateko dagoen zentro honetan COVID-19aren pandemia dela eta adineko pertsonentzako isolamendu unitate bat ezartzeko. “Neurria ezagun duzue, diputatu nagusiak iragarri baitzuen azaroaren 30ean. Zentroa bera ere abenduaren 1ean jarri zen martxan, pandemiaren bilakaerak hala behartuta, eta orain formalizatuko dugu hitzarmena”, argitu du Mendoza bozeramaileak.

Foru arduradunak azaldu duenez, “azken asteetan kutsatzeak asko handitzen ari dira Gipuzkoan, eta hau adinekoen egoitzetan islatzen ari da”. Honen eraginez, duela gutxi arte funtzionatzen egon den isolamendu-zentro bakarra, Eibarren Torrekua 48 plazarekin, eskari hori betetzeko nahikoa ez izatea gerta daiteke. Arrasateko baliabide berriarekin, ordea, aldi baterako isolamenduetarako egonaldietarako 22 unitate plaza gehitu dira sistemara. “Gaur gaurkoz, 4 dira zentro honetan dauden adineko zentroetako egoiliarrak, eta beste 10 Eibarren. Arlo honetan, gure lehentasuna pandemiaren aurrean zaurgarrienak direnak babesten jarraitzea da”, azpimarratu du Mendozak.

  

2004