383.390 aitorpen aurkeztu dituzte gipuzkoarrek, atzo amaitu zen 2020ko Errenta kanpainan
383.390 aitorpen aurkeztu dituzte gipuzkoarrek, atzo amaitu zen 2020ko Errenta kanpainan
Jokin Peronak foru diputatuak kanpainaren balorazio positiboa egin du, eta batez ere lan taldea zoriondu du, “egindako lana itzela izan delako”.
Gipuzkoako foru Ogasunak atzo itxi zuen 2020 Errenta kanpaina eta, behin behineko datuen arabera, herritarrek 383.390 aitorpen aurkeztu dituzten epe honetan. Pasa den urtean baino 637 gutxiago dira (-%0,17) baina, behin behineko datuak izaki eta epez kanpo aurkezten diren aitorpenak zenbatu gabe, baliteke oraindik ere pasa den urteko kanpainako zifra berdintzea. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak kanpainaren balorazio positiboa egin du, ezustekorik gabe joan delako eta, batez ere, pandemia egoeran egonda ere, foru Ogasunak “teknologikoki zein giza baliabideen aldetik erakunde sendoa dela erakutsi duelako”.
Perona Bergaran izan da gaur goizean, Ogasunak bertan duen Herritarren Harretarako bulegoa bisitatzen, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariarekin batera. Bertan egin ditu adierazpen hauek. Nabarmendu duenez, pandemia iritsi zenetik egiten den bigarren kanpaina izan da aurtengoa baina, pasa den urtean egin zena ez bezala, aurtengoan “normaltasuna” izan da ezaugarri nagusia. “Pasa den urtean, 2019ko Errenta kanpainan, bulegoak itxita izan genituen lehen asteetan, epeak luzatu genituen, uztailean ere martxan izan genuen kanpaina… Aurten, erronka handia izan da guretzat normaltasunera bueltatzea, batez ere oraindik ere pandemiak gure artean jarraitzen duen bitartean. Eta esan dezakeguna da lana ondo egin dela”, adierazi du.
Foru arduradunak adierazi duenez, bi aste barru egingo du Gipuzkoako foru Ogasunak kanpainaren behin betiko balorazioa, eta bertan emango ditu itzulketei eta jasotako baliabideei buruzko datuak, baina behin behineko aitorpen kopuruaren zifra aurreratu du. Modalitate ezberdinen arabera, 222.639 herritarrek etxean jaso eta onartu dituzten autolikidazio proposamenak izan dira, 60.803 bulegoetan aurkeztu direnak eta 99.948 internet bidez. “Mekanizatuko horietatik, 7.562 hemen atzeko bulego honetan aurkeztu dira”, zehaztu du Peronak.
“Alderaketa nagusia izan da, pasa den urtean ez bezala, aurten baldintza ia normaletan egin dugula kanpaina, eta ondorioz modalitate bakoitza “bere onera” itzuli da”, esan du. Hortik, mekanizatuaren bidez aurkeztu den aitorpen kopurua igo izana, eta gainerako modalitateak murriztu izana. “Hala ere, 2018ko kanpainarekin alderatuz gero, egoera normal batean egin zena, ikusten duguna da joerak egonkortzen doazela: aitorpen presentzialak beheraka doaz, eta herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituzte bide telematikoak”, esan du.
Azkenik, Errenta kanpaina honetan lanean ibili den lan taldeari zorionak eta eskerrak eman dizkio Peronak, “egin dute lana itzela izan delako”. 200 langile inguru ibili dira lanean kanpaina honetan, eta aipamen berezia egin nahi izan dio arreta presentzialeko lan taldeari. 120 lagun inguruk osatzen dute zerbitzu hau, eta “Ogasunaren aurpegia izaten dira kanpainak irauten duen bitartean”. Errenta kanpaina honetan, 11 bulego egon dira zabalik herritarrentzat, lurraldeko 9 herritan banatuta, tartean gaur bisitatu duen Bergarakoa. “Baliabide propioekin, kalitate oso altuko zerbitzua ematen dugu, herritarrek ere asebetetze inkestetan nota bikainekin baloratzen dutena, eta Gipuzkoako Foru Aldundi bezala, gure aitorpena eta esker ona adierazi nahi diet langile hauei”, esan du Peronak.
2260