Breadcrumb

Asset Publisher

Back 40 enpresak 4.0 industriara jauzi egingo dute garapen agentzien laguntzaz.

40 enpresak 4.0 industriara jauzi egingo dute garapen agentzien laguntzaz.

Diputatuen Kontseiluak lurralde garapenerako programako diru laguntzak onartu zituen astearteko bileran.

Diputatuen Kontseiluak, joan den astearteko bileran, Industria 4.0 eredutik abiatuta lurraldea garatzeko programari dagozkion diru laguntzak onartu zituen, eta 2018an 200.000 euro xedatuko ditu horretarako.  Programa iaz jarri zen abian Etorkizuna Eraikiz lurralde garapenerako laborategian; jakina denez, laborategi horrek esparru horretan gobernantza eredu berri bat gauzatzea du helburu, toki garapeneko eskualdeetako agentziei bere lanean lagunduz. Kasu honetan, industria enpresa txiki eta ertainen egoerari buruzko azterketa egiten gara agentziekin batera, haien hurbiltasuna aprobetxatuz, «4.0 industria ereduak lehiakortasuna hobetzeko eskain ditzakeen aukerak, hutsune nabarmenenak eta potenziala agerian jarrita», azaldu du Imanol Lasa bozeramaileak.

Horretarako, hain zuzen, sortu zen lan talde bat Orkestrarekin, eta jarduketa bera egin da eskualde guztietan. Garapen agentziak 20 eta 100 langile bitarteko Gipuzkoako enpresa guztiekin elkartu dira, «guztira 500», bakoitzaren egoera aztertzeko, eta, kasu batzuetan, 4.0. industria ereduaren kontzeptua azaltzeko. Azterketaren emaitzen arabera, 80 enpresa inguruk ez zuten inolako esperientziarik eredu horrekin, baina «abian jartzeko baldintzak betetzen dituzte», bai egiten duten produktuagatik edo bai enpresaren beraren egituragatik.

Diagnostiko horretan oinarrituz, eta asteartean onartutako deialdiaren bidez, 10 agentziak lanean hasiko dira, bakoitzak 4 enpresa babespean hartuta -guztira 40 sartuko dira programan- eta 4.0. eredura aldatzen lagunduko die, marketinean, merkaturatzean, estrategian edo teknologian behar duten laguntza eskainiz. Urtebeteko lan plan bat egingo da, 2019an inbertsio proiektu bat aurkeztu ahal izateko.

Lasak nabarmendu du Foru Aldundiaren, garapen agentzien eta enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza emaitza onak ematen ari dela dagoeneko «ekonomiaren susperraldia sendotzeko, gure enpresen lehiakortasuna indartzeko, eta enpresa sarea enpresa lehiakorren eredurantz aldatzeko bidean. Etorkizunean ere Gipuzkoa ekonomia aurreratu eta jasangarriaren eredu izatea nahi dugu, kalitatezko lanpostuak sortuko dituena».

Enpresa txiki eta ertainek pisu handia dute gure lurraldeko sare ekonomikoan, bereziki industrian, 900 enpresa txiki eta ertain baino gehiago baitaude, «guztira 31.000 lanpostu baino gehiago dituztenak, Gipuzkoako industriak dituen enpleguen ia erdia». Gainera, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen % 53k 25 urte baino gehiago dute, eta horrek argi eta garbi erakusten du «oso sustraituta daudela». Hori dela eta, bozeramaileak azaldu du lehentasuna izaten jarraitu behar duela enpresei laguntzea «hobeak eta indartsuagoak izaten jarraitzeko, produktu eta zerbitzu berriak eta negozio aukera berriak sortzeko», gero eta aldakorragoa eta lehiakorragoa den testuinguru batean.

Ogasuneko LPEaren data zehaztu dute

Era berean, zerga iruzurrari aurre egiteko pertsonal teknikoaren Lan Publikoko Eskaintzari dagozkion azterketen data jakinarazi du Aldundiak. 2019ko urtarrilaren 11n izango da aurrenekoa, Ficoba azoka gunean. 651 lagun aurkeztu dira Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako departamentuan lan egiteko deialdira, lehiaketa-oposaketa bitartez eta txanda librean atera diren 35 plazetarako. Foru erakundearen lehentasun nagusietako bat da iruzur fiskalari aurre egitea, fronte guztietan: pertsonalaren kontratazioan, tresna teknologikoetan eta sentsibilizazioan. LPE horren bitartez, baliabide gehiago edukiko ditu “guztion kalterako diren portaera horien aurka horien aurka aritzeko. Politika publikoak eta ongizate sistema mantendu eta indartzeko beharrezkoak diren errekurtsoak kentzen dizkigu iruzurrak”, esan du Lasak.

Aurkeztu diren pertsonek hiru ariketa egin beharko dituzte, guztiak ere derrigorrezkoak eta gainditu beharrekoak: ezagutza teorikoen proba bat, hipotesi teoriko-praktikoen proba bat, eta konpetentzien ebaluaziorako probak. Halaber, merituen atalean, kontuan hartuko dira administrazio publikoetan pilatutako eskarmentua; formakuntza akademiko gehigarria, beti ere atera diren plazen funtzioekin lotura zuzena eta espezifikoa baldin badauka, eta hizkuntzak jakitea.

Legealdi honetan foru gobernua “enplegu publikoaren alde” egiten ari den apustu “sendoa” goraipatu du foru bozeramaileak. Lan Publikoko Eskaintzak eta lan poltsak aintzat hartuta, hautapen prozesuetara 6.000 lagunetik gora aurkeztu dira. Legealdia amaitu baino lehen, aurreikusten da beste hiru LPEren azterketak egitea: Administrazio Orokorreko Teknikarienak, 30 plaza baino gehiagorekin, gizarte langileenak, 25 plaza ingururekin, eta desgaitasuna eta mendekotasuna baloratzeko medikuenak –hiru plaza-. Orotara, Aldundiaren asmoa da lehiaketa-oposaketara 330 plazatik gora ateratzea. Hautapen probak datozen hiru urteetan zehar egingo dira.

Neurri hori ezinbestekoa da belaunaldi aldaketa gauzatzen hasteko, 900 baino gehiago baitira datozen zazpi urteetan erretiroa hartuko duten foru langileak, plantilla osoaren erdia, gutxi gora behera. Baina baita Aldundiko enplegu publikoaren “egonkortasuna” areagotzeko ere, %30etik gorakoa den behin-behinekotasun tasa murrizteko balioko baitu. Izan ere, oinarri guztietan administrazio publikoetan jardundako urteak aintzat hartuko dira.

Soldata igoera

Beste alde batetik, Kontseiluak onartu du Foru Aldundiko langileen soldatak % 1,5 igoko direla 2017koen aldean, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta % 0,25 gehiago, 2018ko uztailaren 1etik aurrera. Bozeramaileak adierazi duenez, estatuko legeriak onartzen duen gehienekoa da. 6/2018 Legeak, uztailaren 3koak, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, dio sektore publikoko langileen ordainsariak ez direla globalki % 1,5 baino gehiago igoko, 2017ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.

Horrez gain, lege horren arabera, 2017an Barne Produktu Gordinaren hazkundeak % 3,1 gaindituko balu (prezioak aldatu gabe), soldata igoerari % 0,25 gehituko litzaioke 2018ko uztailaren 1etik aurrera, eta hala gertatu da.

Bozeramaileak adierazi duenez, horrek argi eta garbi adierazten du «foru gobernuak duen konpromisoa», sektore publiko «indartsua, egonkorra eta kalitatezkoa» izateko, eta herritarrentzat «goi mailako» zerbitzuak bermatzen dituzten baldintzak dituena. «Erabakia arrazoizkoa da eta egoera ekonomikoaren hobekuntzari erantzuten dio».

  

1434