40 euskal enpresa eta Erresuma Batuan bizi diren 170 profesional Londresen bildu dira, Be Basque Talent Conference biltzarrean
40 euskal enpresa eta Erresuma Batuan bizi diren 170 profesional Londresen bildu dira, Be Basque Talent Conference biltzarrean
40 euskal enpresa eta Erresuma Batuan bizi diren 170 profesional Londresen bildu dira, Be Basque Talent Conference biltzarrean
Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek lankidetzan dihardute Euskadiko enpresetara talentua erakartzeko, Be Basque Talent Network plataformaren bidez
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatu Imanol Pradalesekin izan da Be Basque Talent Conference biltzarraren 11. edizioan, Londresen. Bizkaia Talentek antolatu du, Gipuzkoa Talentekin lankidetzan. Ekitaldian izan dira 40 euskal enpresa eta erakunde eta gaur egun Erresuma Batuan bizi diren goi mailako kualifikazioa duten 170 profesional.
Aldundiek apustu sendoa egin dute Gipuzkoako eta Bizkaiko talentua Euskadira erakartzeko. Lurralde bakoitzak talentuaren arloko bere estrategia badu ere, lankidetzan dihardute hainbat proiektu eta ekimen partekatuz, joan zen urtarrilaren 25ean bi erakundeek sinatu zuten hitzarmenaren esparruan. Hitzarmen horri esker, bi erakundeek talentuaren arloan dituzten estrategiak sustatzeko lankidetzarako bideak zabaldu dira, biek ala biek helburu bakar bat baitute: talentua Euskadiko enpresetara erakarri, eta hari eustea.
Partekatzen dituzten ekimenen barruan eta Be Basque Talent Network sarean kokatzen dira, hain zuzen, Be Basque Talent Conference izeneko nazioarteko topaketak, urriaren 6an Londresen egin dena horien artean. Londresko ETC Venues St. Paul’s aretoan bildu dira 40 euskal enpresa eta erakunde, erdiak gipuzkoarrak, eta Ainhoa Aizpuruk eskerrak eman dizkie bertaratu izanagatik, eta gure lurraldera talentua erakartzeko xede partekatu horretan egiten duten ahaleginagatik eta lankidetzagatik: «Oso esanguratsua da Euskadiko enpresetara hurbiltzeko interesa duten 170 profesional eta horietako 40 enpresa hemen bildu izana, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien babesarekin. Argi geratu da talentuaren inguruko estrategia bat lantzen ari garela, eta guztiok helburu berbera dugula: gure herrialdera eta enpresetara talentua erakartzea».
Be Basque Talent Conference topaketan parte hartu duten 170 lagunen artean, % 73,39 gaur egun Erresuma Batuan bizi diren Euskadiko profesionalak dira, % 20,97 Espainiar Estatukoak, eta gainerakoak, berriz, Erresuma Batukoak, Mexikokoak, Belgikakoak, Frantziakoak eta Venezuelakoak.
Jardunaldian, profesionalek aukera izan dute hainbat gairi buruzko lantegietara joateko, «open discussion forum» batean ideiak eta iritziak partekatzeko, eta hainbat dinamikatan parte hartzeko, esaterako, enpresekin eta erakundeekin zuzeneko harremana izateko balio izan duen «networking» otordu batean.
Honako enpresa eta erakunde hauek hartu dute parte topaketan: ACICAE, ADEGI, Ampo, BATZ, BEAZ, Bilbao Ekintza, CAF Group, CEBEK, Campo & Ochandiano, CIC Energigune, CIE Automotive, Cikautxo, Danobat Group, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Egile, EHU/UPV, Erreka Group, Etxe-Tar, Fagor Arrasate, Fidenet Comunicación, Cluster GAIA, Gestamp, Gestionet, Grupo ULMA, Ibarmia, ieTeam Consultores, IK4 Research Alliance, In Group Consultoría, ITP Aero, Kirolbet, LKS, Matrici, Mondragon Korporazioa, NEM Solutions, Petronor, RETAbet, SALTO Systems, Sidenor, Tecnalia, Velatia, Vicomtech eta Virtualware.
Azken buruan, Be Basque Talent Conferenceren xedea da talentu bila ari diren enpresen eta atzerrian dagoen talentuaren artean elkarguneak sortzea. Batetik, ekitaldira bertaratzen diren profesionalei modua eskaintzen zaie lurraldeko egoera sozioekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa bertatik bertara ezagutzeko, bai eta beren langile taldera talentua erakarri nahi duten enpresekin biltzeko ere. Bestetik, berriz, enpresa horiek goi mailako gaitasunak dituzten profesionalak ezagutzeko eta beren jardunera talentu berria erakartzeko aukera dute. Ainhoa Aizpuru diputatuak adierazi duenez, «aukera paregabea da gure lurraldera goi mailako kualifikazioa duen talentua erakartzeko; hori da, zalantzarik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka estrategikoetako bat. Izan ere, talentua oinarri biziki garrantzitsua da, azken batean, gure lehiakortasuna, sendotasuna eta lurralde gisa dugun etorkizuna bermatzeko».
Nabarmentzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari dela, Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, Gipuzkoa Talent izeneko lurralde estrategia integral bat abiarazteko. Lurraldeko enpresetara eta erakundeetara talentua erakartzea, talentua sortzea eta hari eustea dira estrategia horren ardatzak. Horretarako, Gipuzkoa Talent bulegoa ireki da; estrategia integral horren alde eta Be Basque Talent Network plataformarekin lankidetzan jarduteaz gainera, atzerritik gure lurraldeko enpresetan lan egitera datozen profesionalei harrera egitea du helburu. Gainera, hainbat ekimen daude abian Gipuzkoara talentua erakartzeko, talentua sortzeko eta atxikitzeko, hala nola Talentia, Gipuzkoa Talent Forum, Fellows programa, eta hainbat diru laguntza eta laguntza.
"talentua oinarri biziki garrantzitsua da, azken batean, gure lehiakortasuna, sendotasuna eta lurralde gisa dugun etorkizuna bermatzeko"
2688