Breadcrumb

Asset Publisher

Back 50.000 € Larreseko ibarreko ingurumena hobetzeko

50.000 € Larreseko ibarreko ingurumena hobetzeko

Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak 48.387 euroko konpromisoa hartu du Larreseko ibarrean zuhaiztia landatzeko.

2019/12/27

Jose Ignacio Asensio: "Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren helburuetako bat da hiria berroneratzeko eta espazioak naturalizatzeko udal jarduerak sustatzea, lurraldearen erresilientzia hobetzeko eta klima aldaketara hobeto egokitzeko"

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio eta Hiri Guneetako zinegotzi Marisol Garmendia Altzan (Donostia) izan dira, Larresko ibarrean zuhaitzak landatzeko egiten ari diren obrak ikuskatzen. Izan ere, eremu horretan 176.052 m3 lur isuri ziren detektatutako amiantoa isolatzeko, eta, egokitze prozesu horren ondoren, aurtengo uztailaren amaieran, Altzako parke berria ireki zen herritarrentzat. Gune berde berri hori osatzeko, bi bidezidor nagusi eta bigarren mailako lau bidezidor egokitu dira; Aiako Harria ikusteko begiratoki bat jarri da, eta piknika egiteko gune bat, haurrentzako jolasak egiteko beste bat eta ibilbide osoan hainbat banku ere jarri dira.

Orain, kutsatutako lurrak berreskuratu ondoren, Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza arduratu da inguru horretan zuhaiztia landatzeaz, hiri berroneratzea hobetzea, espazioa naturalizatzea eta CO2a xurgatzeko ahalmena handitzea helburu hartuta. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak adierazi duenez, “Ingurumen Departamentuaren helburuetako bat hiria berroneratzeko eta espazioak naturalizatzeko udal jarduerak sustatzea da, horrela lurraldearen erresilientzia hobetzeko eta klima aldaketara hobeto egokitzeko”.

Jarduketa horrek 48.387 euroko inbertsioa dakar Ingurumen Zuzendaritzarentzat. Zuhaitzen landaketa egiteko, batik bat espezie autoktonoak –hala nola haritzak eta haltzak– eta tamaina handikoak hautatu dira, eta oso trinkoak ez diren masa irregularreko zuhaiztiak eta sailak osatzeko moduan antolatu dira, ikusmen oztopoak saiheste aldera.

Jarduera Ingurumen Zuzendaritzaren eremu degradatuen programaren barruan kokatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Klima 2050 Estrategian ezarritakoari erantzuten dio. Estrategia horrek azpiegitura berdeen tokiko eta eskualdeko estrategiak sustatzeko beharra ezarri du, bai eta hiria berroneratzeko, hiri espazioak naturalizatzeko eta berdeguneak sortzeko udal proiektuak eta jarduketak babesteko beharra ere. Neurri horiei esker, lurraldearen erresilientzia hobetzen da, CO2a xurgatzeko eta klima aldaketara egokitzeko ahalmena handitzen da, eta, gainera, horrekin batera, biztanleriaren ongizatea eta bizi kalitatea handitzen dira, osasun indizeak hobetu, pertsonen berezko izaerarekin berriro konektatu, eta espazioen paisaia kalitatea handitzen da.

 

  

1593