Breadcrumb

Asset Publisher

Back 8 dira gaur adinekoen egoitzetan hildakoak eta 95 positibo emandakoak

8 dira gaur adinekoen egoitzetan hildakoak eta 95 positibo emandakoak

Aldundiak eta Gureak-ek arropa garbiketarako zerbitzu berria abiarazi dute lurraldeko egoitza guztientzat martxan jarriko dena.

Eider Mendoza foru bozeramaileak, Gipuzkoako egoitza guztietan jasotako informazioan oinarrituta, jakinarazi du guztira zortzi pertsona hil direla, eta zazpi Covid-19 kasu positibo berri antzeman direla azken datuen arabera. Hortaz, 95 dira birusak eragindako adineko pertsonak, guztira 5.425 pertsona artatzen diren egoitza-sarean. Horietako 19 pertsona Donostiako Gurutze Gorriaren egoitzan daude eta bederatzi pertsona ospitaleratuta. Hildako pertsonak Beasaingo Arangoiti egoitzan, Tolosako Iurramendin, Arrasateko Iturbiden, Irungo Caser Residencial Anakan eta Zarauzko Santa Ana egoitzan bizi ziren.

Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako kasu positiboak 10 zentrotan eman dira, 65 egoitzen artean, eta eman diren azken zazpi kasuak Beasaingo Arangoiti egoitzan, Eibarko Egogainen, Ordiziako San Jose egoitzan eta Zumaiako Otezurin antzeman dira. Desgaitasunen bat duten pertsonei dagokionez, ez dago aldaketarik azken datuekin alderatuz gero, hiru egoitzetako 14 pertsonak eman dute positibo Covid-19an.

Beste alde batetik, bozeramaileak ezagutzera eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gureak-ekin lankidetzan, abiarazitako arropa garbiketa zerbitzu berria, Gipuzkoako adineko pertsonen 65 egoitzei zerbitzua emango diona. Era horretan, egoitzei ahalbidetzen zaie kanpoan egitea Covid-19ak kutsatutako pertsonen arroparen garbiketa, izan ere, Gureak-en garbitoki industrialean sistema automatizatuak erabiltzen dituzte garbiketa eta desinfekzioan, arroparekin kontaktuak gutxituz.

Mendozak azaldu du zerbitzu hau gaurtik martxan dagoela eta “egoitza guztiek izango dituztela eskura poltsa hidrosolubleak eta arropa bertan lagatzeko kaiolak”. Zentro bakoitzaren ezaugarri ezberdinetara “egokitzeko gaitasuna” duen zerbitzua dela gaineratu du, horrela, arropa bilketa egunero egingo da edo bi egunez behin, “zentro bakoitzaren eskaeren arabera”. Era berean, bozeramaileak azaldu du egoitza guztiei jakinarazi zaiela “nahitaezkoa” dela kutsatutako arropa bi poltsa hidrosolubleetan sartzea, bata bestearen barruan, “euren beharren arabera eskatu ahal izango dituztenak”.

  

1580