80.000 euro, 64 denda eta 8.700 bonu, kultura sustatzeko eta oparitzeko
80.000 euro, 64 denda eta 8.700 bonu, kultura sustatzeko eta oparitzeko
Liburu dendetan literatura, musika eta zinea erosteko balioko dute; 2.700 euskarazko produktuetarako izango dira eta 6.000, beste hizkuntza batzuetako produktuetarako.
Euskarazko produktuek 12 euroko hobaria izango dute gehienez eta gainerakoek 8 eurokoa. Bonuak abenduaren 3tik urtarrilaren 29ra arte erabili ahal izango dira.
Harkaitz Millan, Kultura diputatua: “lortu nahi dugu bonua ahalik eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea literatura, musika eta zinema erostera animatuz”.
Eguberriei begira, Kultura Departamentuak kulturaz gozatzea sustatu, saritu eta fidelizatu nahi du, eta kultur edukien merkataritza eta banaketa sarea indartu, liburu dendek kultura produktuen eskaintza zabala baitute, Gipuzkoa bezalako gizarte moderno eta multikultural bati dagokion bezala.
Lurralde osoko 64 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin herritarrek bonuak eros ditzaten. Atxikitako establezimenduek bereizgarri bat izango dute, bonua erosi nahi duten pertsonek erraz ezagutzeko modukoa, eta erosketa egin den establezimendu berean kontsumitu beharko da abenduaren 3tik urtarrilaren 29ra bitartean.
Harkaitz Millan, Kultura diputatua: “Eskerrak eman nahi dizkiet kanpainarekin bat egin duten eta berriz ere kanpaina honetan konfiantza erakutsi duten establezimenduei; kanpaina honek kulturaz gozatzeko nolabaiteko sukar kutsakorra sortzen du, eta sukar hori urte osora zabaltzea espero dugu. Lortu nahi dugu bonua ahalik eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea, eta Gipuzkoa osoko hurbileko merkataritza bultzatzea. Halaber, euskarazko eta gaztelaniazko produktuetarako bonuak bereizi ditugu, euskarazko kulturaren kontsumoa bermatzeko.
Guztira 8.700 kultura bonu jarriko dira salgai: 2.700 euskarazko kultur produktuetarako izango dira, eta 6.000, beste hizkuntzetako kultur produktuak erosteko. Horretarako, Kultura Departamentuak 80.000 euroko partida bideratu du.
Kultura bonuak bi motatakoak izan daitezke:
Euskarazko kultura produktuen bonuaren hobaria, 12 euro artekoa, 20 eurotik gorako erosketak eginda.
Beste hizkuntza batzuetako kultura produktuen bonuaren hobaria, 8 euro artekoa, 20 eurotik gorako erosketa eginda.
Bonuarekin erosi ahal izango dira liburuak (testuliburuak, ikasketa liburuak eta profesionalenak izan ezik), bai eta ikus-entzunezko produktuak ere (edozein euskarritan).
Bonuak eskuratu ahal izango dira liburuak eta ikus-entzunezko produktuak (edozein euskarritan) saltzen dituzten eta kanpainarekin bat egin duten Gipuzkoako saltokietan. Lurralde eta eskualde orekaren eta establezimendu bakoitzaren pisu espezifikoaren arabera banatuko dira.
Ekimen honen helburua da, batetik, herritarrei laguntzea kultur ondasunak eta produktuak eskuratzen eta, bestetik, kulturaren sektoreko enpresak indartzea. Horregatik, kultura bonua banatzeko sare bat egongo da, literatura, filmak formatu komertzialean eta musika saltzen duten Gipuzkoako saltokiena.
1469