Breadcrumb

Asset Publisher

Back 822 langile 116 enpresaren jabetzan sartu ziren 2022an, Foru Aldundiaren zerga-pizgarriek lagunduta

822 langile 116 enpresaren jabetzan sartu ziren 2022an, Foru Aldundiaren zerga-pizgarriek lagunduta

Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu du langileen parte-hartzea “lurraldeko ehun ekonomiko eta industrialaren indargune handi bat” dela eta, batez ere, “etorkizunerako balio bat”

Partaidetzaren eguna

822 pertsona, 558 gizon eta 264 emakume, Gipuzkoako 116 enpresaren jabegoan sartu ziren joan den urtean, Aldundiaren pizgarri fiskalen laguntzarekin, eta ia 6,4 milioiko inbertsioa egin zuten horretarako. Orain arteko zifrarik altuenak dira, bai langileei dagokienez, bai konpainia kopuruari dagokionez, 2016an parte-hartzea sustatzeko Foru Araua onartu zenetik, eta % 34ko igoera izan da onuradunen kasuan aurreko urtearekin alderatuta, orain arteko errekorra gaindituz. Zerga-araudi hori indarrean egon den zazpi urteetako emaitza metatuei erreparatzen bazaie, 548 enpresa dira, 3.172 pertsona, eta horiek 39,1 milioi euroko inbertsioa egin dute guztira.

Zerga pizgarri horien balantzea Chillida-Lekuko Zabalegi baserrian Aldundiak antolatzen duen Partaidetzaren Egunaren hirugarren edizioaren baitan egin da. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak foru erakundeak alor horretan egindako apustua eta bere politiken emaitzak partekatu dituzte bertan lurraldeko enpresa-, politika-, sindikatu- eta gizarte-ordezkariekin. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatua ere bertan izan da. Orobat, Sabin Azuak hitzaldia eskaini du jardunaldian, "Pertsonen komunitateak. Abantaila lehiakorrak sortzen" izenburupean. Ondorengo mahai-inguruan, berriz, Smartlog, Sutargi eta Mondragon Corporation enpresek partaidetzak talentu iraunkorrerako funtsezko elementu gisa jokatzen duen papera jorratu dute.

Pizgarri fiskalez gain, Aldundiak urtero bideratzen ditu laguntzak Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailetik, lurraldeko enpresetan parte hartzeko proiektuak sustatzeko, ezagutza sortzeko, tresnak sortu eta garatzeko, esperimentatzeko eta partaidetza-kultura zabaltzeko. Aurten, guztira, 23 ekimen babestu dira, eta 736.000 euroko dirulaguntza jaso dute. Azken 6 urteetan 680 enpresatara eta 16.900 langiletara iritsi da; % 85 100 pertsona baino gutxiagoko enpresetara bideratu dira eta % 42 industriara, eta guztira 6,1 milioi euroko laguntzak eman dira. Era berean, enpresa jabegoaren eskualdatze prozesuak babesteko beste laguntza-ildo bat ere badago: 22 konpainia onuradun dira aurten, eta 323.000 euroko foru-inbertsioa.

Ildo beretik, Aldundiak hogei bat proiektu esperimental sustatu zituen beste horrenbeste enpresatan Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan, eta 2016az geroztik finantzaketa-tresna bat du, Elkargirekin garatutakoa, langileak kapitalean sartzea finantzatzeko. Abalen bidez, 2,1 milioi euroko maileguak dituzten 7 proiektu lagundu dira aurten. Guztira, zazpi urte hauetan, kopurua 9 milioitik gorakoa da. Neurri horiek foru erakundeak hamarkada batez baino gehiagoz hedatutako estrategia integral baten parte dira, enpresan parte-hartzea sustatzeko, dela kudeaketaren esparruan, dela erabakiak hartzerakoan, dela kapitalean. Jens Lowitzsch irakasleak, arlo horretako aditu

ezagunenetakoa dena, praktika aurreratu erreferentzial gisa aitortu zuen Gipuzkoa 2021ean, eta ‘Europa Sozial berri baterako partaidetza finantzarioa’ izeneko azterlanean jaso zuen.

Jardunaldiaren hasieran, Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi du langileen parte-hartzea “lurraldeko ehun ekonomiko eta industrialaren indargune handi bat” dela. “Errealitate horrek garrantzi handia du orainaldian, baina, batez ere, etorkizuneko balio garrantzitsua du, gure ehun ekonomikoa eta industria fisikoa bultzatzen laguntzen baitu”. Ildo horretan, Mendozak gogorarazi du parte-hartzea bultzatzeak “enpresen lehiakortasuna” hobetzen duela, “enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa” sortzen duela, eta, gainera, “funtsezko tresna” dela “konpainien errotzea areagotzeko”.

Horregatik guztiagatik, Mendozak “oso positiboki” baloratu du “Gipuzkoak esparru horretan egindako ibilbide kolektiboa”, bai eta “hori bultzatzeko abian jarritako neurrien emaitzak ere. Gero eta berritzaileagoa, mundura irekiagoa, iraunkorragoa den enpresa-eredu bat defendatzen dugun bezala, erakundeen partaidetza-kulturan sakondu behar dugu, egungo munduak planteatzen dizkigun eraldaketei berme handiagoz aurre egin ahal izateko”. Diputatu nagusiak konpromisoa hartu du “ahalik eta gehien sakontzeko Aldundiaren zerga-eskumena eta laguntza-programetan, Gipuzkoa partaidetza bere antolaketa- eta enpresa-kulturan integratzeko egiten ari den ahaleginari jarraipena emateko, bai eta belaunaldi-erreleboko egoera baten edo zuzendaritza-aldaketa baten aurrean bere enpresetan parte hartzea erabakitzen duten langileen ahalegina babesteko ere”.

Bestalde, Ane Insaustik gaineratu du “kultura parte-hartzailea funtsezko eraldaketa-prozesuei ekiteko palanka bat” ere badela enpresetan, “hala nola kontziliazio erantzukideari, berrikuntzari, barne-ekintzailetzari edo talentuari. Azken horri dagokionez, enpresa-proiektu erakargarriak behar ditugu talentua fidelizatzeko eta erakartzeko. Eta enpresa osatzen dutenen hazkundea eta inplikazioa bultzatzen duen proiektua beti izango da erakargarriagoa, horretarako aukerak ematen ez dituena baino”.

Haren esanetan, “badugu tradizio bat, kultura bat esparru honetan, indargune nabarmena dena. Badugu lan ona egiten duen akonpainamendu ekosistema bat. Badugu ibilbide luze bat egina, Europa mailan aitortua izan dena, arrakasta-kasu gisa. Baditugu apustu garrantzitsuak egiten dituzten enpresak eta pertsonak, etorkizunaren alde, eta epe luzeko ikuspegiarekin. Baina ziurgabetasunez betetako testuinguru bat ere badugu, erantzunak baino gehiago galderak planteatzen dituena. Esperientziak erakusten digu partaidetza-ereduetan oinarritutako enpresek hobeto erantzuten dietela krisiei eta ziurgabetasun-garaiei. Baina ezin gara konformatu. Urratsak ematen jarraitu behar dugu, apustuak egiten, eta elkarrekin ikasten, elkarlanetik abiatuta”.

Fiskalitate aitzindaria

Langileen partaidetza sustatzeko araudia 2016ko abenduan onartu zen, eta urte horretako urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, atzeraeraginarekin. Halako eragiketetan parte hartzen duten bi aldeentzat ditu abantailak. Eroslearentzat (hau da, enpresan parte hartu nahi duen langilearentzat) % 15eko kenkaria dakar PFEZn, gizonezkoa bada, eta % 20koa emakumea bada, enpresaren jabetzan sartzen den pertsonaren alde. Kreditu fiskala 6.000 eurokoa da gizonezkoentzat eta 8.000 eurokoa emakumeentzat. Pizgarria lau urtean aplikatzekoa da, eta urteko mugak 1.500 eurokoak dira gizonentzat eta 2.000 eurokoak emakumeentzat.

Saltzailearen adin muga 65 urtetik 60 urtera murriztu zen, eta salmentaren ondoriozko ondare irabazia salbuetsita geratu zen (ez, ordea, kanpoko operadore bati salduz gero).

Duela zazpi urte, foru araua onartu zenean, hauek ziren helburu nagusiak: enpresak lurraldean finkatzea eta, hala, erabakiak hartzeko guneak bertan ainguratzea, deslokalizazioei aurre egiteko; langileak kudeaketan eta erabaki estrategikoak hartzeko prozesuetan sartzea, enpresaren lehiakortasuna indartzeko; langileek enpresa proiektuarekin duten konpromisoa indartzea; eta talentuari eustea. Horrekin batera, araudian genero ikuspegia sartu zen, enpresagintzaren arloan dauden desberdintasunak murrizten laguntzeko.

 

  Emakumeak Gizonak Guztira Enpresa kopurua Inbertsioa (eurotan)
2016 40 107 147 40 2.066.104
2017 49 163 212 48 3.104.610
2018 91 289 380 58 4.291.215
2019 110 310 420 86 7.036.604
2020 167 412 579 87 9.447.053
2021 175 437 612 113 6.795.314
2022 264 558 822 116 6.390.351
Guztira 806 2.276 3.172 548 39.131.252

 

  

1157