Breadcrumb

Asset Publisher

Back 89 ikaslek jaso dute diploma Jakiunderen Jakin-mina programan parte hartzeagatik

89 ikaslek jaso dute diploma Jakiunderen Jakin-mina programan parte hartzeagatik

Markel Olano diputatu nagusiak eman die ziurtagiria bosgarren edizioan parte hartu duten gaztetxoei

Markel Olano diputatu nagusiak diploma eman die gaur Jakiundek antolatzen duen Jakin-mina programan parte hartu duten ikasleei. Programa honen helburua da gazteen interesa, jakin mina eta motibazioa sustatzea hainbat esparrutako ezagutzaren inguruan, ospe handiko adituek beraien alorretan eskainitako hitzaldi eta erakustaldien bidez: informatika, kimika, zuzenbidea, antropología, medikuntza, enpresa…

DBH 4ko ikasleei dago zuzenduta Jakin-mina. Bosgarren edizioa izan du aurtengoa, eta hazten joan da urterik urtera. 26 ikastetxeetako 123 ikaslek parte hartu dute, guztira, eta horietatik 89k jaso dute diploma gaur foru jauregian, hitzaldien %75ra joan direnak, hain zuzen. Unibertsitateko, ikerketa zentroetako eta enpresetako adituek eman dituzte hitzaldiak, eta Donostian eta Arrasaten izan dira, Joxe Mari Korta zentroan, eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan, hurrenez hurren. 15 saio egin dira guztira, hiru taldetan banatuta.

Olanoz gain, ekitaldian izan dira Jesus Ugalde Jakiundeko presidentea, Jose Mari Asua Basque Center for Macromolecular Design and Engineering-Plymat-eko zuzendaria, eta Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitatekoa. Juan Ignacio Perez Iglesias, UPV-EHUko Kultura Zientifikoko katedrako zuzendariak koordinatzen du programa.

Diputatu Nagusiak zorionak eman dizkie ikasleei, eta Jakiunderi, ezagutzaren transmisioan eta hedapenean egiten duen lanagatik. “Honelako ekimenak ezinbestekoak dira etorkizuneko belaunaldien formakuntza osatzeko. Zientzia, kultura eta ezagutza garapen pertsonalerako eta intelektualerako gakoa dira, eta baita Gipuzkoan gizarte garapen eredu aurreratu, jasangarri eta orekatuaren alde egiten jarraitzeko gakoa ere”.

Ildo horretan, dei egin die jakin mina eta motibazioa sekula gal ez dezaten, “horiek baitira ate berriak, eta hazkunde personal eta kolektiborako aukera berriak zabaltzen dituztenak”. Banaketa ekitaldia amaituta, Olanok berak bisita gidatu eskaini die ikasleei Aldunditik. 

 

  

1537