Breadcrumb

Asset Publisher

Back Abian da Foru Aldundiaren 2020ko egutegia osatzeko Argazki Lehiaketa

Abian da Foru Aldundiaren 2020ko egutegia osatzeko Argazki Lehiaketa

Gipuzkoako ingurumena da aurtengo gaia eta guztira 4.000 euro banatuko dira saritan

2019/08/02

Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketako hirugarren edizioa martxan da; oraingo honetan ere, Gipuzkoako herritarrek osatuko dute erakundearen 2020ko egutegia. Gipuzkoako ingurumena da aurtengo gaia eta argazkien bitartez lurraldeko ingurumena eta biodibertsitatea balioan jarri nahi dira. Parte hartu nahi dutenek kontzeptu hori islatu beharko dute argazkietan, eta argazki horiek Easypromos plataforma digitalean partekatu beharko dituzte. Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da eta horretaz gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana (pertsona berak ezingo du sari bat baino gehiago jaso).

Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Gipuzkoako ingurumena gaitzat hartuta, pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu gehienez ere, originalak eta lehenagotik argitaratu gabekoak. Foru Aldundia herritarrekin tresna eta komunikazio bide berriak finkatzeko egiten ari den apustuari jarraituz, sare sozialek garrantzi handia dute lehiaketa honetan. Argazkiak www.easypromosapp.com plataformatik gauzatuko da eta parte-hartzaileek bertara sarbidea Aldundiko sare sozialen bidez izango dute: Facebook (www.facebook.com/OrainGipuzkoa), Twitter (www.twitter.com/OrainGipuzkoa) edo Instagram kontuetatik (www.instagram.com/oraingipuzkoa), #GipuzkoakoIngurumena traola erabiliz.

Lanak aurkezteko epea irekita dago eta irailaren 30ean itxiko da. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak (izen-abizenak, NAN, helbide osoa, telefonoa eta helbide elektronikoa). Argazkiak TIFF edo JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, alde txikienak gutxienez 3.000 pixel dituelarik, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira, lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo dira aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez dira onartuko egilearen sinadura edota logotiporik daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina aurten manipulazioa eta hartutako irudiaren gaineko elementuak gehitu edota ezabatzea ez da onartuko.

Argazki sarituen hautaketa

Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako batzorde hautatzaile bat arduratuko da 13 argazkirik onenak aukeratzeaz, eta kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana kontuan hartuko dituzte. Urrian emango da lan irabazleen berri, eta hilabete horretan bertan egingo da sari banaketa. Era berean, erakusketa bat egingo da Gipuzkoako Foru Aldundian abenduan, lan sarituak ezagutzera eman eta beren balioa aitortzeko. Urtero legez, abenduaren 21ean egingo da egutegi inprimatuaren banaketa Foru Aldundian.

Iazko lehiaketan, 300 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte eta 350 lan aurkeztu ziren. Foru Aldundiaren egutegia ekimen ezaguna da eta arrakasta handia izaten du; iaz 10.000 aletik gora banatu ziren doan herritarren artean. Gobernantza departamentuko foru diputatu Eider Mendozak “gipuzkoarrei zabalduta” dagoen ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak, eta azpimarratu du gure lurraldean “argazkigintzarako zaletasun eta maila handia” dagoela. “Aurten argazkien bitartez Gipuzkoako ingurumena eta biodibertsitatea balioan jarri nahi ditugu, hala nola energia berdea, garapen iraunkorra, natura, etab. Ingurumen erronkak ditugu etorkizunera begira Gipuzkoan eta herritarrek hausnartzea nahi dugu, ondoren irudietan islatzeko”, esan du Mendozak. Lehiaketa iragartzeko eta horrenbestez, parte-hartzea sustatzeko asmoz, datozen asteetan publizitate kanpaina bat egingo da lurraldeko hedabideetan.
  

1960