Breadcrumb

Asset Publisher

Back Adinberri zentroaren lursailaren emakida onartu du Aldundiak

Adinberri zentroaren lursailaren emakida onartu du Aldundiak

Eider Mendoza foru bozeramailearen ustetan, azpiegitura berriak sekulako garrantzia izango du Pasaia, Oarsoaldea eta Gipuzkoa osoarentzat.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak beste urrats garrantzitsu bat onartu du gaur, Adinberriren behin betiko egoitza fisikoa gauzatzeko prozesuan aurrera jarraitzeko. Zehazki, Pasaiako Hospitalillo eremuan lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko 1.026 m2-ko lurpea eta 2.557 m2-ko lurzorua okupatzeko emakidaren baldintzak onartu ditu; ostera, lurpeko aparkaleku horren gainean eraikiko da Adinberri zentroa. “Hau da, Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioaren mendeko Pasaiako Portuko Agintaritzak Aldundiari utzi dizkio lursail horiek, lurpeko aparkalekuaren obrekin hasi ahal izateko. Onarpen hau ezinbestekoa da proiektuaren tramitazioarekin jarraitzeko eta, beraz, gaur obren hasieratik gertuago gaude”, azaldu du Eider Mendoza foru erakundearen bozeramaileak, Adinberri zentroaren lanak aurten hasiko direla gogoratuz.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan gogoratu duenez, Adinberri Etorkizuna Eraikiz ekimenaren markoan jaiotako proiektua da, eta Pasaian eraikiko dena estrategia horretako erreferentziazko zentroetako bat da. “Funtsean, Adinberri Gipuzkoako zahartze osasuntsuko estrategia da, gure lurraldeak duen erronka nagusietako bati erantzutea xede duena: zahartzearena. Helburua da gure lurraldearen berrikuntza gaitasuna zukutzea, zahartze aktibo eta osasuntsua ahalbidetzeko”, esan du Mendozak. 2018ko ekainean sortu zen ekimena kudeatzen duen Adinberri Fundazioa eta, handik gutxira, lan taldea osatu eta Miramonen ari da lanean Adinberri.

          Proiektuaren egoitzari dagokionez, foru arduradunak esan du aurreikuspenen arabera aurten bertan hasiko direlako obrak: lehenengo lurpeko aparkalekua, eta ondoren eraikina bera. Eraikinen multzoa Hospitalillo inguruaren ondoko lurzatian kokatuko da, eta guztira 26.900 metro karratu hartuko ditu. Bertan, erreferentzia zentroa eraikiko da, eta haren barruan arreta zentroa eta berrikuntza unitatea egongo dira. Zehazki, azpiegiturak 120 plaza izango ditu (banako bizitokiekin), zonalde komunekin bizikidetza unitate bakoitzeko (guztiak ere lorategirako sarbide edo terrazarekin), eta 25 apartamentu babestu eta eguneko zentro bat ere izango ditu. 

Halaber, berrikuntza unitateak 500 metro karratuko espazioa hartuko du, eta ikerkuntza, berrikuntza eta esperimentazioa egiteko gunea izango ditu. Multzoak plaza zabal bat ere edukiko du, parke ireki batekin, Pasaiaren hiri ingurunean txertatua, eta kafetegi bat eta udalerri horretako lehen arreta eta elkarteentzako lokalak (900 m2) izango ditu, orobat. Lurpeko aparkalekua errotaziokoa eta bertakoentzakoa izango da; 425 plaza izango ditu gutxi gorabehera. “Zentroak berebiziko garrantzia izango du ez bakarrik Pasaia eta Oarsoaldearentzat, baizik eta lurralde osoarentzat”, nabarmendu du Foru Aldundiko bozeramaileak.

 

2021 urteko salmentak

Bestalde, Mendozak agerraldian iragarri du baita ere 2021eko enpresen salmenten txostena osatu duela Gipuzkoako foru Ogasunak. “Dakizuen bezala, hilabetero kaleratzen dugu txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, gure ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko”, gogoratu du. Kasu honetan, 2021 urteko abenduko txostena da plazaratu berri dena eta, ondorioz, 2021 urte osoaren ikuspegia eskaintzen diguna. Txosten osoa web orrian dago eskuragai, edozein kontsulta izanda ere.

Emaitzak aztertzen hasita, bozeramaileak esan du 2021 urtea positiboa izan zela arlo ekonomikoan, datu onak utzi baitzituen, behintzat, alor makroekonomikoan. Urteko datu metatuetan salmenten igoera +%16,8koa izan zen: 2020an galdutako guztia berreskuratu da, eta gainera, 2019arekin alderatuta ere +%3,9 hazi dira. Adierazle guztiek izan zuten bilakaera positiboa: salmenta osoak +% 16,8; barne merkatua +15,8; esportazioak +18,7; inportazioak +22; enplegua +1,1; eta soldatak +4,3. “Azkenean, 2021ean, non pandemiak oraindik eragin handia izan duen ekonomian, salmentek garai normal batean baino maila handiagoa erakusten dute. Eta hori uste dut albiste positiboa dela lurraldearentzat, denontzat”, azaldu du Mendozak.

Salmentak nabarmen igo badira ere, hazkunde horrek lan etekinak jasotzen dituzten pertsonen kopuruaren gainean izandako eragina askoz ere txikiagoa izan da (+%1,1). “Alde batetik, 2020an bizitako egoeran, enpleguaren portaera ez zelako hain negatiboa izan (ERTEen eragina); eta, bestetik, adierazle hori kalkulatzeko metodologiagatik beragatik”, adierazi du foru arduradunak. Horregatik guztiagatik, orain hobekuntza erlatiboa ere txikiagoa da, batez ere 2020 alor honetan ez zelako hain txarra izan. Bestalde, soldaten bilakaera (+%4,3) enpleguarena baino hobea izan da (+%1,1). “Alde batetik, ERTEen eraginez, enplegua egonkorragoa da: 2020an gutxiago jaitsi zen, eta, beraz, 2021ean gutxiago hazi da. Bestalde, soldatak gehiago jaitsi ziren 2020an, eta, orain, 2021ean, susperraldia handiagoa da”, gaineratu du.

Beraz, datu makroekonomikoei begiratuta, Mendozak esan du baieztatzen dela Gipuzkoa errekuperazio betean dagoela, “gure enpresek gogotik egin dutela lan joan berri zaigun 2021 honetan”. “Hala ere, agertokia ziurgabetasunez beteta ageri da: inflazioa, osagarrien horniduraren krisia, energiaren prezioaren garestitzea, tentsio geopolitikoak… Hainbat dira mahai gainean ageri diren ezegonkortasun elementuak eta, horregatik, zuhurtziari heldu behar diogu etorkizunera begiratzeko”, aldeztu du. “Agertokia hau izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasuna da jarduera ekonomikoa babestu eta sustatzen jarraitzea. Gure enpresen ondoan egoteko momentua da, etorkizunean izan ditzakegun zailtasunen aurrean prest egoteko; ekonomia indartsua izatea, gure ongizate mailaren oinarrian baitago”, amaitu du.

 

Egoitzetako partea

Azkenik, adinekoen egoitzetan COVID-19 gaitzaren pandemia izaten ari den eragina eguneratu du bozeramaileak. Baliabide hauetako erabiltzaileei erreparatuta, momentu honetan 399 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 11 gehiago), 31 egoitzetan (pasa den astean baino 5 gutxiago) eta 71 lagun daude erreferentziako zentroetan. Azken zazpi egunetan 289 egoiliar sendatu dira, 307 positibo berri atzeman eta zazpi lagun zendu dira. Honela, azaroaren azaroaren 29tik hona 33 egoiliar hil dira eta 1.377 sendatu. Egoitzetako langileen kasuan, 191 kasu aktibo daude momentu honetan (pasa den astean baino 63 gutxiago), 47 egoitzetan.

          Diagnosi probei dagokionean, azken astean 3.167 froga egin dira, 1.603 PCR eta 1.564 listu PCR). Hau da, bataz beste, 452 proba egunean. Abendutik hona, 35.402 proba egin dira guztira. Mendozak gogoratu duenez, listu PCRak langileei bi astean behin egiten zaizkie, eta astean behin txertatu gabe daudenei. Horrez gain, antigeno testak ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan, horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, gaineratu du.

  

2168