Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aitortza Zumaian 1937ko neguan bortxaz bota zituzten herritarrei

Aitortza Zumaian 1937ko neguan bortxaz bota zituzten herritarrei

Markel Olano diputatu nagusiak iragana berreskuratzeko lanean dabiltzanen esfortzua eskertu du, “oroitzea baita berriro ez errepikatzeko bermerik onena”

Markel Olano zumaia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumaiako Udalak eta lurraldeko hainbat udalerrik erakunde aitortza eskaini diete gaur 1937ko neguan Errepublikaren aurka altxatu zirenek bortxaz euren herrietatik kanporatu zituzten herritarrei, gehienak emakume eta haurrak eta arrazoi politikoak medio. “80 urte dira gertakari triste hauek jazo zirela”, gogoratu du Markel Olano diputatu nagusiak, azpimarratuz oroimena lantzea dela gertatutakoa ez errepikatzeko bermerik onena. “Gaurkoa aurrerapauso garrantzitsua da zentzu honetan, eta ikusgarritasuna ematen dio 80 urtez aitortzarik jaso ez duen gertakari tamalgarri hauei”, esan du.

Aitortza Zumaiako Ignazio Zuloaga Plazan egin da, herri hau izan baitzen behartutako erbesteratze kopuru gehiena pairatu behar izan zuena. Olano eta Oier Korta alkateak hartu dute hitza ekitaldiaren baitan. Monolitoa inauguratu da 1937ko gertakariak oroitzeko, duela 80 urte 252 zumaiar herritik botatzeko elkartuko zituzten Zubitxikitik gertu, eta omenduak izan dira kanporatuen familiartekoak. Guztira, Gipuzkoan 750 pertsona izan ziren euren herrietatik kanporatuak, aipatutako Zumaiaz gain, jazarpena Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Donostia, Elgoibar, Getaria, Lazkao, Mendaro, Mutriku, Zarautz eta Zestoara ere heldu baitzen. Herri guzti hauetako alkateak egon dira presente gaurko ekitaldian, eta baita Maribel Vaquero, Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendaria ere, beste hainbat agintari eta herritarren artean. 

Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, gogoratu du pertsona hauek familiartekoren bat “gorrien gunaen” zutelako behartu zituztela erbestera altxatuek, separatismoa egotziz. “Demokrazia eta giza eskubideen balioen aldeko konpromisoagatik izan ziren jazarriak emakume, haur eta gizon hauek” adierazi du. Honen harira, azpimarratu du gaur egun nazioartean milaka direla bortxaz bere etxea uztera behartuak diren pertsonak. “Pertsona hauekiko intolerantzia mezuen aurrean, ez dezagula inolaz ere ahaztu nondik gatozen eta zein den gure iragan hurbila”, aldeztu du.

Olanok adierazi duenez, 1937an euren bizilekuak uztera behartuak izan ziren pertsona hauen historiak “herriaren oroimenean” iran du egun arte, eta Gipuzkoan herri mailan iragana berreskuratu eta memoriaren eraikuntzan diharduten eragileen lana azpimarratu du. “Kasu honetan, Erkibe Kultur Elkarteak egindako esfortzua goraipatu beharrean nago, kanporatuen historia gizarteratzeko egin duten lanagatik”, txalotu du foru arduradunak. Zentzu honetan, gaurko ekitaldia eta inauguratutako monolitoa “herri honen memoriaren mugarri fisiko eta materialak” direla gehitu du, “gertakari hauek ahanzturaren atzaparretatik babestuko dituztenak”.

Oier Kortaren adierazpenak

Era berean, Zumaiako alkateak, Oier Kortak, bereziki Zumaia eta zumaiarrek bizitakoari egin nahi izan dio erreferentzia bere hitzaldian “bidegabeko gertakari haiek betirako aldatu zutelako bai Zumaia baita familia zumaiar askoren bizitza ere”, azaldu du.  Bide horretatik, Udalak bizikidetzaren alde egiten duen apustu sendoa berretsi eta herriaren historia ezagutaraztea eta bereziki zumaiarren bizipenei ahotsa ematearen garrantzia azpimarratu du. “Gerra Zibileko protagonista guztiei, emakume zein gizonei, haur, gazte eta helduei aitortza bat zor diegu eta bide horretan, Udalak ere badu bere erantzukizuna” azaldu du Kortak. Horretarako, Zumaiak lanean dihardu Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera “herriko memoria historikoa berreskuratu eta gure iragana gaurkotzeko” gehitu du Kortak. 

Gaurko ekitaldiaren bitartez, herriak eta herritarrek bizitako unerik lazgarri eta tristeenari, “ilusioz, maitasunez eta zorionez” beteriko oroitzapen atsegin bat eskaini nahi izan diola adierazi du alkateak. Zumaiak jasandako errepresioaren eta kanporaketen aurrean herritar askok “haien bizimodua, elkarbizitza, zoriona eta noski, haien etorkizuna” atzean utzi behar izan zutela azaldu du. “Orduz geroztik gogor borrokatu behar izan zuten etxera itzuli eta haien bizitza berreskuratu ahal izateko eta etengabeko borroka, adore eta kemen hori da gaur hemen omendu nahi duguna” gehitu du Kortak.

 

Horren harira, hitzaldian zehar, heroitzat jo ditu kanporatuak izan ziren haur eta emakumeak garaiko indarkeriari, sufrimendu eta oinazeari aurre egin eta egoera bortitzenen aurrean inoiz amore eman ez izanagatik eta amaitzeko, eskerrak eman dizkie guztiei, “haien etengabeko borrokak ahalbidetu baitu gure iragana eta gure historia bizirik mantentzea” bukatu du Kortak.

  

1868