Akordioaren “ateak zabaltzeko” BNetako taldeekin aurrekontuen negoziazioari ekin dio foru gobernuak
Akordioaren “ateak zabaltzeko” BNetako taldeekin aurrekontuen negoziazioari ekin dio foru gobernuak
Diputatu nagusiak gaur hasi ditu bilerak Batzar Nagusietako ordezkariekin, EH Bildurekin elkartuta; astelehenean PPrekin, Elkarrekin Gipuzkoarekin eta PSE-EErekin elkartuko da eta asteartean, berriz, EAJrekin
Foru gobernuak gaur goizean ekin die, EH Bilduren ordezkariekin izandako bilera batekin, 2024 foru aurrekontuen inguruko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoekin kontaktuei, “akordioaren ateak zabaltzeko” lehen kontaktu gisa. Batzarkide taldeen “iritziak entzun eta balizko ekarpenak aintzakotzat hartzeko borondate eta konpromiso irmoarekin” ekin die bilera hauei foru gobernuak, kontuen proposamena osatu eta beren onarpena lortzeko determinazio guztiz. Gaurko bileraren ostean, datorren astelehenean PPrekin, Elkarrekin Gipuzkoarekin eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) batzarkide taldeekin elkartuko da diputatu nagusia eta, asteartean, berriz, Eusko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko ordezkariekin bilera egingo du.
Mendozarekin batera, gaurko bilkuran izan dira Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordea eta Jasangarritasuneko diputatua, eta Jokin Perona, Ogasuna eta Finantzetako diputatua. EH Bilduren izenean, estraineko topaketa honetan parte hartu dute, Maddalen Iriartek, Estitxu Elduaienek eta Jon Altolagirrek.
Diputatuen Kontseiluak joan den asteartean, hilak 31, onartu zuen aurrekontu orokorren proiektua eta, beraz, gaur hasitako bilera sortatik abiatuz, batzarkide taldeen kontrastea jasoko du foru gobernuak. Gipuzkoako Ganberan kontuak eztabaidatzeko epea zabalik da; eztabaida hori lehenik batzordean gauzatuko da, gero zuzenketen bidez eta, azkenik, osoko bilkuran emango da.
Eider Mendoza diputatu nagusiak gogoratu duenez, aurrekontu proiektu honen bitartez, foru gobernuak “konfiantza, indarra eta elkarlana” eskaintzen dio Gipuzkoako ekonomia eta gizarte sareari, eta baita batzarkide taldeei ere. "Gipuzkoako etorkizunerako giltzarri den une batean gaude, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren egoera global batean. Horregatik, garrantzitsua izango da guztiok gure ekarpena egin eta akordioak lortzea eta ahalegin zintzoa egingo dugu akordioei ateak zabaltzeko”, gehitu du.
1300