Aldudiak onartu du Gipuzkoa atxikitzea Bizikletaren Aldeko Hirien Sareari
Aldudiak onartu du Gipuzkoa atxikitzea Bizikletaren Aldeko Hirien Sareari
Garmendia: “2015ean, mundu osoan, Gipuzkoako foru-bidegorrietan hazi zen gehien, proportzioan, bizikletaren erabilera”
Foru Gobernuaren Kontseiluak onartu du Gipuzkoa atxikitzea Bizikletaren Aldeko Hirien Sareari. Espainiako Estatu osoko 91 administrazio publikok osatutako sare horren helburua da bizikletaren erabilera sustatzea, joan-etorrietarako bitarteko iraunkorra eta osasungarria den aldetik.
Mugikortasuneko foru-diputatu Marisol Garmendia sozialistak adierazi du sare horri atxikitzea “beste urrats bat dela bizikletaren erabilerarekin mugikortasun iraunkorragoaren eta ekologikoagoaren aldeko politikak eta dinamikak bultzatzeko. Urrats irmoa da, gainerako erkidegoei azaltzen diena Gipuzkoan zer apustu eta proiektu ari garen egiten eta zer lorpen ari garen izaten”.
Sarearen barruan honako erronka hauei, besteak beste, aurre egiteko lana egiten ari da: bizikleta bidezko joan-etorriak seguruagoak izan daitezen lortzeari; lurraldean azpiegitura eta bidegorri berriak garatzeari; eguneroko joan-etorri laburretan, bizikleta kotxearen ordezko gisa sustatzeari; eta bizikleta erabiltzearen onurak baliarazteari, osasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren aldetik.
Garmendiak gogorarazi duenez, foru-bidegorriek gaur egun 120 kilometro dituzte, eta horiei udal-titulartasuneko bidegorriak gehitu behar zaizkie; hartara, Gipuzkoako lurraldea egituratzen duten 335 kilometrotik gorako bizikleta-bideak ditugu. “Pozten gaituen eta abian jarritako ildoari jarraipena ematera animatzen gaituen datu bat dago. Bizikletaren Mundu Indizearen arabera, 2015ean, mundu osoan, Gipuzkoako foru-bidegorrietan hazi zen gehien, proportzioan, bizikletaren erabilera. Bizikletaren aforo-kontrolaren arloan munduan nagusi den Eco-Compteur enpresaren erregistroek hala egiaztatu dute.”
Txosten horretan jaso diren Gipuzkoako datuek berretsi dute % 12,6 hazi zirela bizikleta bidezko joan-etorriak. “Gipuzkoa beti izan da txirrindularien lurraldea” aditzera eman du Garmendiak. “Uste dut herritarren artean eta foru-erakundean ondo barneratu direla bizikletaren onurak; beraz, hasitako bidetik jarraitu behar dugu, eta beste bidegorri-tarte batzuk garatu behar ditugu, bizikleta —joan-etorri laburretan— errekuntza-motor bidezko garraiabideen alternatiba gisa sustatzeko politika gehiago garatu behar dugu, baita lurraldearen turismo-erakargarritasunak sustatzeko bitarteko gisa ere”.
Ildo horretan, Gipuzkoak Bizikletaren Aldeko Hirien Sareari egingo dizkion ekarpenen artean daude: mugaz gaindiko proiektuak, hala nola Iruñea, Donostia eta Baiona lotzeko konexioan aurrera egingo duen Ederbidea edo Bidasoko Ospitalearen eta Amute auzoaren arteko bizikleta-bide berria; eta Zikloteka bizikletari buruzko dokumentu-zentroak garatzen duen zeregina.
Bizikletaren Aldeko Hirien Sarearekiko atxikipena Zaragozan eman zen argitara, Bizikletaren I. Nazioarteko Foroaren eta “Bizikleta eta Hiria” XIV. Iberiar Biltzarraren barruan. Orain, Gipuzkoako foru-gobernuak atxikipen hori berretsi du.
1826