Aldundia ekintzak burutzen ari da Plaiaundin arrano arrantzalea eta txirritxo txikia berreskuratzeko
Aldundia ekintzak burutzen ari da Plaiaundin arrano arrantzalea eta txirritxo txikia berreskuratzeko
Aldundia ekintzak burutzen ari da Plaiaundin arrano arrantzalea eta txirritxo txikia berreskuratzeko
Bi errutegi artifizial eta plataforma flotatzaile bat instalatu dira, ugalketa errazteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea Departamentuak bi jarduera berritzaile jarri ditu abian Txingudiko paduretan mehatxatutako bi hegazti espezie berreskuratzeko: arrano arrantzalea eta txirritxo txikia. Ekintzak Plaiaundin burutu dira foru erakundearen Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuaren eskutik, horren eskumenen artean baitaude basa fauna kontserbatzeko eta Natura 2000 sarearen baitako ibai eta estuarioetako espazioak kudeatzeko eskumenak. “Espazio horiek funtsezkoak dira biodibertsitatea eta hegaztien biziraupena kontserbatzeko, eta gure helburua da lantzea horien zaintza eta gizartearen sentsibilizazioa”, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azpimarratu duenez.
Lehen jardueraren protagonista da arrano arrantzalea. Joan den abenduan, espezie horrentzako bi errutegi artifizial jarri ziren Plaiaundin, bata San Lorenzo aintziran eta, bestea, Itzaberrikoan. Helburua da Txingudin ugaltzaile gisa finka dadin laguntzea. Habia artifizialak lehendik bazeuden zuhaitzetan jarri dira. San Lorenzoren kasuan, zurzuri bat aukeratu dute, eta plataforma 17 metroko altueran dago (bosgarren pisu baten pare); horrek adierazten du jarduketa zein konplexua den, errutegiak 1,5 m-ko kanpo diametroa baitu eta 150 kg izatera ere irits baitaiteke. Itzaberriren kasuan, makal beltz bat aukeratu da, eta habia beherago dago (12 m ingurura).
Txingudi espezie honen instalatu berri diren eta zabaltzen ari diren bi populazioren artean dago (Bizkaikoa -Urdaibai- eta Frantziakoa -Landak-), gertueneko bikote habiagiletik (Marais d´Orx) 40 km-ko hegazti hegaldira. Hartara, Txingudik aldeko baldintzak ditu bikote ugaltzaile bat instala dadin, eta espezie hori garai egokian ikusi izan da jarrera lurraldekoiarekin, gizakiak eragindako eragozpenengatik kumerik egin gabe. Animalien eta Landareen Zerbitzuko teknikariek aurreratu dute jarri berri den errutegi batean dagoeneko ikusi dutela aleren bat jarrita, eta horrek itxaropena ematen du etorkizunean ugalduko den.
Espezie migratzailea da eta, beraz, neguan etorri ohi dira Europa iparraldeko aleak, baina udan ere hemen instala litezke negua penintsularen hegoaldean eta Afrikan pasatzen duten aleak, Txingudin ugaltzeko. 52 eta 60 cm arteko garaiera duen hegazti harraparia da, 152 eta 167 zm arteko hego-luzera duena.
Bigarren jarduketa txirritxo txikiari zuzendu zaio. Plaiaundin plataforma flotatzaile bat instalatu da, nolabait irudikatzen dituena espezie honek ugaltzeko behar dituen baldintza naturalak, alegia, erreketako legarren eta harri-koskorren eremuak, txirritxoak hor erruten baititu arrautzak, inolako habiarik egin gabe, eta arrautzak bikain kamuflatuta geratzen direlako harrien artean. Plaiaundiko habitatetan gertatu diren aldaketek harri-koskorrak dauden eremu biluzien azalera gutxitu dute eta, ondorioz, espezie horretako bikote
ugaltzaileak urritu egin dira. Espezie migratzailea da eta udan bisita egiten digu ugaltzeko, eta jarduketa honekin leheneratu nahi da gainbehera hori. Txirritxo txikia espezie kaltebera gisa sailkatua dago Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogoan. Gehienez ere 15 zm luze izaten da, eta intsektu, armiarma, krustazeo txiki eta zizarez elikatzen da. Hondarraren edo lohiaren gainean zapalduta ere ehizatzen du, azpian ezkutatuta dauden harrapakinak aurkituta.
“Datozen urteetan, ikusiko dugu espezie mehatxatuetara bideratutako jarduketa zehatz eta espezifiko horiek espero diren emaitzak lortzen dituzten”, adierazi du Arrutik. “Gipuzkoan balio handiko ingurumen ondarea dugu eta guztion artean bermatu behar dugu zaintzen dela, hurrengo belaunaldietara irits dadin. Legegintzaldi honetan jarraituko dugu natura ingurunea eta biodibertsitatea sendotzen, oreka berdearen aldeko eta klima larrialdiaren aurkako borrokaren baitan”, gaineratu du, balioan jarrita Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendaritzako talde teknikoak “espezie horien inguruko jarraipen, babes eta biziberritzean” egindako lana.
1418