Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundia espazio erabilgarriak identifikatzeko lanean ari da, Jaurlaritzaren zerbitzura jartzeko

Aldundia espazio erabilgarriak identifikatzeko lanean ari da, Jaurlaritzaren zerbitzura jartzeko

Foru erakundeak ezohizko neurri-sorta gehigarria onartu du, Covid-19aren hedapenari aurre egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ezohizko neurri gehigarri gehiago onartu ditu gaur, Covid-19aren hedapenari aurre egiteko. Horrela, foru erakundeak bere baliabide guztiak Eusko Jaurlaritzaren eskura jarri ditu, erakunde honek gaur goizean osasun emergentzia egoera aktibatu izanaren ondotik. “Momentu hauetan espazioak identifikatzen ari gara, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura jartzeko eta hauek behar izanez gero erabiltzeko”, azaldu du foru bozeramaileak. “1.800 langile ditugu eta, ondorioz, lurraldeko enpresa nagusietakoa gara. Horregatik eredugarriak izan behar dugu birusaren hedapena ekiditeko neurriak hartzerako orduan”, gaineratu du.         

Garbiketaren arloan, foru langileek beraien praktikak indartuko dituzte, honako gomendio hauei jarraiki: eskuak urarekin eta xaboiarekin garbituko dira maiz; langileak arnas arazoak baditu, ahoa eta sudurra estali behar ditu eztul egitean edo doministiku egitean, erabilera bakarreko musuzapi batekin edo, halakorik ezean, ukondoarekin; ustekabeko eztula sortzen bazaio langileari eta, nahigabe, eskuarekin estaltzen badu, ez ukitu begiak, sudurra edo ahoa, eta garbitu eskuak berehala; langileren batek aipatutakoen antzeko sintomaren bat badu, eta arrisku eremu batera joana baldin bada edo balizko kasuren batekin harremanetan izan badu, etxean gelditu behar du eta 900 20 30 50 telefonora deitu. Eta azkenik, eta ahal den neurrian, langileei eskatzen zaie beren lan eremutik irten gabe geratzeko, eta langileen kontzentrazioa saihesteko.  Ondorioz, jantokiak eta kafe guneak itxi egingo dira.

          Gainera, foru langileen lanaldia 5 ordura murrizteko erabakia hartu da, 7:00etatik 15:00etara bitartean egingo dena. Langileei malgutasuna emango zaie, ordu tarte horretan beraien bizitza pertsonala eta laborala kontziliatzeko. Lanaldiaren murrizketa nahikoa ez den kasuetan, mendeko adingabeak edo adinekoak ardurapean dituzten Aldundiko langileentzat, eta ikastetxeen edo adinekoen zentroen itxierak eragiten badie, egoera hori ahalik eta azkarren egiaztatu beharko da, eta horren berri eman, kasu bakoitzean, dagokion idazkaritza teknikoko langileen arduradunari, lanaldia telelanaren bidez betetzeko aukera aztertu dezan, edo beste era bateko neurriak hartu beharra balioetsi dezan. Neurri sorta hau foru langile guztiei aplikatuko zaie, suhiltzaileen zerbitzua eta Kabia, Uliazpi eta Egogaineko zaintzaileak salbu, eskaintzen duten zerbitzuak ezinbestekoak baitira. Aldundiko lan zentro guztiak 15:00etan itxiko dira, aurreko esaldian aipatutako salbuespenak salbu.

 

Suhiltzaileen zerbitzua

Bestalde, Aldundiak ezohizko neurriak hartu ditu baita ere suhiltzaileen foru zerbitzuan, Covid-19 birusaren hedapenari aurre egiteko. Horrela, ez dira onartuko txanda aldaketak, lizentzia deuseztagarriak eta parke aldaketak, eta anulatu egiten dira orain arte onartu direnak. Ondorioz, suhiltzaileek dagokion parke eta txandan bakarrik jarraitu ahal izango dute lanean, kutsadurak ekiditeko. Gainera, bertan behera geratzen dira birziklapen eta formazio ikastaroak, sarjentuen praktikak, kontaktu fisikoa dakarten praktikak ekidingo direnak eta bilera guztiak debekatuko dira. Suhiltzaileak komunitatearentzako funtsezko kolektiboa dira, eta horregatik eskatzen zaie beraien bizi pribatuan ahalik eta ardura gehienarekin aritzea, ekitaldi eta kutsadura arriskua duten tokiak ekidinez.

          Bestalde, Bai Esan emergentzien arretarako zerbitzua 0 zona bihurtuko da: zerbitzu hau ematen den aretoa ezingo du kanpoko inork bisitatu; langile bakarra egongo da momentu oro, bat egunez eta bestea gauez, eta ordenagailu ezberdinekin egingo dute lan. Azkenik, garbiketa zerbitzua parke bakoitzeko turno aldaketetara moldatuko da. Neurri hauek gaur bertan sartuko dira indarrean, eta datorren 15 egunetan egongo dira indarrean, egoera normaltasunera itzuli arte.

 

Gizarte Politika

Gizarte Politiken departamentutik, berriz, indartu egin dira adineko pertsonak eta mendekotasun egoeran daudenak Covid-19aren aurrean babesteko prebentzio eta jarduketa neurriak. Hori horrela, mendekotasun, desgaitasun eta arreta goiztiarreko balorazioak etengo dira, urgentziazko kasuak izan ezik, zeinak indibidualki aztertuko diren. Areagotu egingo dira prebentzio eta jarduketa neurriak adineko pertsonen egoitzetan.

Aldi baterako egonaldiei dagokienez, hauek ere gelditu egin dira behin-behinean, egoitzetan kutsatutako pertsonak isolatzeko logelak libre eduki beharko balira. Neurri hauen helburu nagusia birusaren transmisioa saihestea, eta bere kasuan, gelditzea da zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen artean. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik, Osakidetzak eta Osasun Sailak egindako gomendioak eta ezarritako neurriak jarraitzen segituko dugu.

 

Errepideak

Errepideen arloan, Bidegik aparteko prebentzio eta euste-neurriak hartu ditu AP-8 eta AP-1 autobideetako ordainlekuetan lan egiten duten langileentza. Horrela, tele-ordainketako gailuen eta banku-txartelen bidez ordaintzea lehenesten da, kontaktu fisikoa saihestuz. Gainera, kabinako langileen presentzia eta txanponekin eta billeteekin ordaintzeko aukera minimora murrizten da: pertsona bakarra egongo da ordainleku bakoitzean lan honetan. Gomendatzen da modalitate hori ez erabiltzea, kutsatzea saihesteko. Ondorioz, ordainketa sistema horrek auto-ilarak sortu ditzake.

          Bestalde, Aritzetako bezeroen arretarako zerbitzuan, Usubilen kokatuta dagoena, Aritzetan eten egin da Abiatu 2.0aren gailu berrien entrega presentziala. Aritzetara ez joatea eta gestioak eta kontsultak info@bidegi.eus helbide elektronikoaren bidez eta 943 105106 telefonoaren bidez, astelehenetik ostiralera lanegunetan, 08:00etatik 20:00etara egitea gomendatzen da.

 

Koldo Mitxelena, Txuri Urdin eta museoak

Kultura departamentutik, bestalde, Koldo Mitxelena, lau museo foralak (Igartubeitia, Zumalakarregi, Euskal Itsas Museoa eta Ekainberri) eta Txuri Urdin izotz jauregia behin behinean ixteko erabakia hartu da, hasiera batean 15 egunerako. Neurria era adostuan hartu da, behin behinean eta 15 eguneko epearekin. Kultura departamentutik berretsi denez, Covid-19ak izaten duen bilakaera gertutik jarraituko dute, eta egunez egun aztertuko da egoera. Ondorioz, biztanleak babesteko beharrezko neurriak hartuko dira, bereziki infekzioren bat jasateko arrisku gehien duten herritar taldeen kasuan.

 

Autobusak eta Lurralde Antolaketa

Autobusen kasuan, bere aldetik, eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan hartu diren ezohizko neurriei jarraiki, ezingo da autobusera aurreko atetik igo, atzeko eta erdiko ateak izango dira sarbide bakarrak. Gainera, ez da onartuko eskudirua garraio txartela ordaintzeko eta Mugi txartela ez daukaten erabiltzaileei beharrezko informazioa emango zaie, kiosko eta egunkari saltoki ohikoetan erosi ahal dutela gogoratuz. Gainera, gidaria isolatuta egongo da, aurreko eserlekuetan jarriko diren zinta batzuen bitartez. Edozein zalantza izanda ere, www.lurraldebus.eus edota 943 300 340 telefonoa kontsultatu ahal izango da. Bestalde, Lurraldebus sagardotegietarako zerbitzu berezia bertan behera utzi du, eta baita ere gaueko zerbitzu guztiak.

          Azkenik, Lurralde Antolaketako zuzendaritzak erabaki du obretara bisitarik ez egitea, osasun alerta indarrean dagoen bitartean. Gainera, desjabetze prozeduretan aktak altxatzeko deialdiak ere bertan behera geratu dira.

  

1644