Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundia eta Jaurlaritza lankidetzan arituko dira Gipuzkoan teknologia kuantikoen Polo bat garatzeko

Aldundia eta Jaurlaritza lankidetzan arituko dira Gipuzkoan teknologia kuantikoen Polo bat garatzeko

Markel Olanok eta Jokin Bildarratzek batera jarduteko protokolo bat sinatu dute «etorkizunerako potentzial handia» duen eremu honetan.

Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jarduera protokolo orokor bat sinatu dute Gipuzkoan teknologia kuantikoen Polo baten garapena elkarrekin bultzatzeko. Markel Olano diputatu nagusiak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur sinatutako akordioaren bidez, bi erakundeak bat datoz honako hau nabarmentzerako orduan: «Bai teknologia kuantikoek etorkizunerako duten ahalmena, bai Gipuzkoan etorkizun horretarantz aurrera egiteko dagoen ahalmena. Nazioartean eta Europa mailan alor hau indartzeko ematen ari den apustua baliatuz, ahalmen horri etekina atera behar diogu». Donostian kokatuko da Poloa, eta akordioaren bidez, horren sorrera bultzatzeko beharrezko jarduerak gauzatzea adostu dute.

          Akordioak lau urteko indarraldia izango du, eta jarraipen batzorde bat sortuko da, akordioan adierazitako helburuak betetzen direla bermatzeko. Batzorde hori osatuko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko bi ordezkarik, Unibertsitate eta Ikerketa atalekoak, hain zuzen; eta Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko beste bi ordezkarik. Bi erakundeen helburu partekatua da Gipuzkoa eta Euskadi erreferente bihurtzea arlo honetan, zeinak, protokoloaren arabera, «ahalbidetuko baitu gizartean eragin handia duten teknologia oso disruptiboak sortzea», eta hori garatzetik «edozein sektorek atera ahalko du etekina, bereziki datu kopuru handiak erabiltzen dituztenek».

          Bi erakundeak norabide horretan urratsak ematen ari ziren aurretiaz, eta, lankidetza honen babesean, urrats horiek indartu egingo dira. Mugarri horietako bat 'Gipuzkoa Quantum' proiektua da. Foru Aldundiak zuzentzen du Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, BERC Donostia International Physics Center fundazioaren eta Multiverse Computing enpresaren eskutik. Bi horiek erreferentziazko eragileak dira teknologia horiei lotutako ikerketa eta enpresa eremuetan, hurrenez hurren. 'Gipuzkoa Quantum' proiektuaren helburua da Gipuzkoa berrikuntza eta enpresen garapenerako hub bihurtzea teknologia kuantikoetan.  Proiektu hau Euskadi Next programaren ekonomia berreskuratu eta eraldatzeko 16 proiektu estrategiko publiko-pribatuetako bat da, Next Generation EU susperraldi eta erresilientzia funtserako aurkeztuya, zeinak 750.000 milioi euroko zuzkidura baitu.

          Gainera, Eusko Jaurlaritzak Ikur 2030 estrategia jarri du abian bikaintasuneko ikerketaren esparruan, Euskadiko sare zientifikoa indartzeko eta nitxo zehatzetan nazioarteko posizionamendua lortzeko helburuarekin. Estrategia horretan, Gipuzkoa aitzindari da teknologia kuantikoen esparruan, DIPC, MPC eta Nanogune zentroen bidez. Horrez gain, Europako funtsekin finantzatutako I+G+b plan osagarrien esparruan, zientzia, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren gaitasunak indartu nahi dira, eta DIPC da komunikazio kuantikoaren esparruko jarduera-programaren liderra.

          Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo dute «bide hau bizkortzeko» balioko duen akordioa. Markel Olanok azpimarratu duenez, «lankidetza funtsezkoa da etorkizuneko ekonomia eraikitzeko eta espezializazio adimendunean sakontzeko. Akordio honek bultzada handia emango dio Gipuzkoan teknologia horiei lotutako ekosistema sendotzeko egiten ari garen lanari; izan ere, teknologia horietan, ageriko gaitasunak eta ezagutza ditugu». Diputatu nagusiaren arabera, «teknologia kuantikoek paradigma aldaketa dakarte, gaitasuna dutelako informazio kantitate izugarriak maneiatzeko eta prozesatzeko, eta aplikazio ugari dituztelako mugikortasunean, energian, zibersegurtasunean edo osasunean. Jarduera ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua sortzeko atea irekitzen dute, eta eskaintzen dizkiguten aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu gure ekonomia eta ongizatea sendotuz jarrai dezagun».

          Bestalde, Jokin Bildarratzek azpimarratu duenez, "gaur sinatzen dugun akordioak oinarriak jartzen ditu Euskadin eta Gipuzkoan abangoardiako ezagutza sortzen aurrera egiteko, bai eta Europan eta nazioartean egungo eta etorkizuneko gure posizionamendu zientifikoa bultzatzeko ere. Ezagutzaren sorkuntzan aberatsak diren gizarteek garapen aurreratua dute ezaugarri, bai ekonomikoa, bai soziala, zientzia-sistema sendoak dituztelako, eta berrikuntzarako gaitasun handiagoa eta hobea dutelako. Berrikuntzarako gaitasun handiagoa eta nazioarteko posizionamendu hobea ere badute, eta alderdi horiek etorkizuneko iraunkortasunean eragiten dute. Ildo horretan, bai Donostia International Physics Centerrek, bai Materials Physics Centerrek, Gipuzkoan kokatutako BERC zentro biek, alor horretan ezagutza sortzen jarraituko dute Gipuzkoan”. Hezkuntza sailburuak gaineratu duenez, "gaitasun zientifikoak ez dira inprobisatzen, eta, beraz, epe luzerako politikak funtsezkoak dira nazioarteko lidergo zientifikoa lortzen lagunduko duten posizionamendua sortzeko”.

  

3614