Aldundiak 20.000 izokin gazte askatu ditu Urumea eta Leitzaranen
Aldundiak 20.000 izokin gazte askatu ditu Urumea eta Leitzaranen
Basa animalien eta landareen departamentuak 27 urte daramatza izokina berreskuratzeko ekimenean lanean.
Gaur, uztailak 7, Gipuzkoako Foru Aldundiak 20.000 izokin gazte askatu ditu Urumean eta Leitzaranen. Izokin hauek, Basa Animali eta Landareen Zerbitzuak kudeatzen duen arrain haztegitik datoz eta bertan jaioak dira. Aldundiko departamentu honek espezie hau berreskuratzeko duen lan plangintza honakoa da: ibaietan izokin basati gutxi batzuk harrapatu eta arrain haztegira eraman bertan ugaldu daitezen; sei bat hilabete ondoren, izokin-kume guztiak ibaietan birpopulatzen direlarik. Gipuzkoako Foru Aldundiak, duela 27 urte, 1993.urtean jarri zuen martxan izokinak berreskuratzeko plangintza Urumea ibaitan, eta handik bi urtera Oria ibaian.
Aldundiak espezie migratzaile hau birpopulatzeko duen ekimenaren barruan hainbat ekintza burutzen ditu. Batetik, Irungo arrain haztegian izokin basatiak ugaldu eta ondoren izokin gazteekin ibaiak birpopulatzen dira. Bestetik, ibaietan izokin arrainkumeen populazioa ikertzen da, eta Elorrabin (Urumean) eta Orbeldin (Orian) izokin helduen sarrera aztertzen da, ibaian gorako migrazioa hain zuzen, ugalketa garaian itsasotik sartu eta ibaian gora egiten dutenena alegia. Azkenik, izokinen habitata hobetzeko ere hartzen dira neurriak: presak eraistea, arrain eskalak eraikitzea, ur-emari ekologikoak bermatzea, etab.
Dagoeneko nabariak dira birpopulatze ekimen honek eman dituen fruituak, izan ere, Urumean, azkenengo 10 urteotan, batez beste, 181 izokin sartu dira urtero eta Orian, berriz, 58 izokin. Azken urteotan gainera, izokina Oiartzun ibaian ere sartzen ari da eta Irungo haztegiko arrainkumeekin birpopulatu da arro hau ere.
Izokin atlantiarra (Salmo salar), kantabriar isurialdean espezie nahikoa arrunta izan zen XIX. mendera arte. Ondoren, industrializazioaren eragina dela-eta, uraren kutsaduragatik eta han hemenka eraikitako hamaika presen eraginez, Euskal Autonomi Erkidegoan guztiz desagertu zen, Bidasoa ibaian ezik. Orian eta Urumean, berriz, 1940. urte inguruan desagertu zen.
Aldundiaren konpromisoa
Gipuzkoako ibaietan izokin basati populazio iraunkorra bermatzeko, populazioa handitzeko konpromisoa agertu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko departamentuak, eta ondorioz, arroetako behealdean oraindik orain dauden hainbat presa zahar iragazkortzen dihardu: horretarako presak eraitsiz, edo bestela arraientzako pasabide egokiak eraikiz.
Azken urteetan, Aldundiak, proiektu garrantzitsuak garatu ditu ibaiak iragazkortzeko bidean, Europak lagundurik finantzatu diren GURATRANS eta IREKIBAI proiektuak besteak beste. Proiektu hauei esker hobekuntza handia egon da arrain espezie diadromoen artean, itsasoa eta ibaian artean bere ziklo biologikoa osatzen dutenak alegia: izokina, kolaka edota lamprea. Aldundiak lan ildo honekin jarraituko du, arrain espezie migratzailean populazioak berreskura daitezen.
2076