Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak 3.300.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako nekazal sektorera landa garapeneko laguntzetan, FEADER funtsak lagunduta

Aldundiak 3.300.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako nekazal sektorera landa garapeneko laguntzetan, FEADER funtsak lagunduta

“Ezinbestekotzat jotzen dugu gure baserritarren lana eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea”, azaldu du Imanol Lasak

2016/04/11

Gipuzkoako nekazaritza ustiapenen aldeko landa garapeneko urteko laguntzak onartu eta deialdiak irekitzea erabaki du gaur Diputatuen Kontseiluak. Lehen sektorera bideratutako bi deialdi aurkeztu ditu: mendi zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako titularrei zuzendutakoa batetik, eta bestetik, nekazaritza ingurumenaren eta klimaren arloko eta nekazaritza ekologikorako laguntza. Bien artean, 3.300.000 euro bideratuko dira guztira, Imanol Lasa foru bozeramaleak jakinarazi duenez.

Lehen sektorearen hezurdura indartzeko helburua duten diru-laguntza hauek, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak kudeatuko ditu. Aldundiak estrategikotzat jotzen du lehen sektorea eta honen garapena. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da. Horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea”, azaldu du Lasak.

16 plaza berri Buruntzaldean

Gizarte Politikari dagokionez, Kontseiluak onartu du Aldundiak Lasarteko Udalarekin duen lankidetza hitzarmena zabaltzea, Atsobakar egoitzan eta eguneko zentroan plaza gehiago hitzartzeko. Egoitzan sei lagun gehiagorentzako tokia izango da aurrerantzean, eta eguneko zentroan beste 10 plaza berri. Egoitzako plazak aste honetan bertan, apirilaren 15ean, sartuko dira indarrean; eguneko zentrokoak, berriz, maiatzaren 1etik aurrera izango dira erabilgarri.  Lasak begi onez ikusi du hitzarmena, “itxaron zerrendak murrizteko” urrats garrantzitsua izango dela eta eskualdeko pertsonen “bizi-kalitatea” hobetuko duela argudiatuz.  2016rako, 159.431,90 euroko inbertsio gehigarria eskatuko dute plaza hauek.

Herritar erakundeak eta partaidetza

Azkenik, Gipuzkoako herritar erakundeei zuzendutako diru-laguntza deialdia abiaraztea erabaki du Kontseiluak, herritarren partaidetza sustatzeko. 50.000 euro aurreikusten ditu deialdiak. Herritarren eta Lurraldeko eragileen partaidetza da Aldundia ezartzen ari den gobernantza oneko ereduaren oinarrietako bat. Kudeaketa Plan Estrategikoaren barruan jasotako 50 helburuetako bat ere bada. Gogoratu behar da duela gutxi aurkeztu zela Urteko Partaidetza Plana, 1.065.000 euroko inbertsioa aurreikusten duena alor honetan.

  

1976