Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak 43,5 M € bideratuko ditu desgaitasuna duten pertsonentzako

Aldundiak 43,5 M € bideratuko ditu desgaitasuna duten pertsonentzako

Guztira 1.535 plaza eskainita. Diputatu nagusiak eta Maite Peña diputatuak Etxegune bisitatu dute, Atzegiren eguneko zentro berroa Ikaztegietan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 43.593.932 euro bideratuko ditu 2018an, desgaitasuna duten pertsonentzako gizarte zerbitzuen sareari eusteko eta sendotzeko (1.535 plaza  Gipuzkoan), hau da, iaz baino 2.255.996 € gehiago. Zehazkiago, zerbitzu hauek emateko xedez: egoitza eta etxebizitzakoak (847 plaza, 16 entitateren 62 zentrotan) eta eguneko zentroetakoak (688 plaza, 5 entitateren 31 zentrotan). Horrela eman du jakitera Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua lagun izan duela, gaur goizean egindako bisitan Ikaztegietako Etxegunera, alegia, Atzegiren arreta integraleko baliabide eta eguneko zentro berrira. Guztira, 12 plaza ditu, eta horietako sei arreta integralekoak dira (etxe berean bizi dira, urte osoan), eta beste sei, berriz, eguneko arretakoak (Atzegiren beste etxebizitza batzuetan bizi dira, eta eguneko arreta-zerbitzura joaten dira, goizeko 9etatik arratsaldeko 5etara).

Atzegiren eguneko zentro berria Loperdi Berri etxearen beheko solairuan eta alboko partzelan eraiki da, «horrela, erantzuteko adimen desgaitasuna duten hainbat pertsonaren arreta integraleko beharrari» azpimarratu du Markel Olanok bisitaren esparruan, Peña diputatuarekin batera, lagun izan dituztela Bakarne Otegi, Ikaztegietako alkatea, Mitxel Lakunza, Atzegiko zuzendaria, eta Patxi Izulain, Atzegi Etxebizitza Zerbitzuen arduraduna. Obra horiek egin ahal izan dira Foru Aldundiari esker, zeinak, proiektuaren parte handi bat finantzatzen laguntzeaz gain (260.000 euro, hau da, egindako obra osoaren % 50), hitzeman baitu zerbitzu itunduen sarean sartuko dituela ekimen horretatik sortzen diren plaza berriak.

Orobat, Maite Peña diputatuak nabarmendu duenez, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren bilakaeran, «aldaketa handiak» gertatzen ari dira, «zuzeneko» eragina dutenak Gipuzkoako gizarte zerbitzuen baliabide sareko ostatu eta eguneko arreta zerbitzuetan. «Hautemandako aldaketen artean, azpimarratzekoak dira, alde batetik, artatutako populazioa zahartzea; eta bestetik, laguntzako familia-sarearen ahultze progresiboa, zaintzaileak zahartzearen edo hiltzearen eraginez» azaldu du, eta, aldi berean, gogorarazi du adimen desgaitasuna duten pertsonak ere «adinean sartzen ari direla; beren etapa laborala/okupazionala amaitzen ari dira, eta osasunaren narriadura-egoerak ere handitzen ari dira».

Premisa horrekin, Atzegik eta Gizarte Politikako Departamentuak ikusi zuten beharrezkoa zela baliabide berri bat irekitzea, baliagarria izango dena arreta-zentroen sarea hobetzeko, arreta integraleko zerbitzu bat eskainiz, 24 ordukoa, adimen desgaitasuna duten pertsonentzat, “zeintzuek zailtasunak baitituzte zerbitzu laboral/okupazional batera edo eguneko arretako zerbitzu batera modu iraunkor nahiz iragankor batean joateko nahitaezkotasunak eskatzen duen erritmoari eusteko”, zehaztu du Peñak.

 

Ostatu, mantenu eta jarduerak

Etxegun 2017ko azaroan ireki zen, sei plazarekin. Gaur egun, bederatzi plaza daude okupatuta -arreta integraleko bost, eta eguneko arretako lau-, eta asmoa da okupazio osoa aurtengo apiriletik aurrera lortzea. Mitxel Lakunzak azaldu duenez, zentroaren helburua da artatutako pertsonei “bermatzea bai ostatu eta mantenu zerbitzuak bai behar dituzten jarduera eta laguntza guztiak, egunean 24 orduz”. Eta gaineratu du aldi berean, etxebizitza horrek eskainiko duen arretak helburutzat izango dituela “gaitasunei eustea, autonomia eta garapen pertsonala sustatzea, gizarte partaidetza bultzatzea, eta narriadura fisikoa nahiz psikikoa saihestea, ahal den neurrian”.

Asmoa da “erantzutea” adimen desgaitasuna duten pertsona batzuen “arreta integraleko beharrari, zeintzuk, dagoeneko, Atzegiren Etxebizitza Zerbitzuan sartuta baitzeuden”, adierazi du Lakunzak, baina, baita ere, Foru Aldundiaren itxarote-zerrendan egonik, “oraingoz eguneko arreta zerbitzurik ez dutenei, nahitaezkoa izan baita, orain arte, gure zerbitzuan sartzeko”.

Zerbitzu horrek aurreikusten dituen pertsonen profilak, funtsean, hiru hauek dira:

1)Etxebizitza Zerbitzukoak izanda, adinean aurreratuak izateagatik edo osasun nahiz mugikortasun arrazoiengatik, joaterik ez dutenak egunero kanpoko eguneko arreta-zerbitzu batera, iragankorki edo ez, edo egoitza-arreta integraleko beste zentro batzuetara. 2) Itxarote-zerrendan egonik, oraingoz eguneko arreta-zerbitzurik ez dutenak, eta, modu iragankor batean, harik eta plaza okupazional bat edo kanpoko eguneko zentro bateko plaza bat lortu arte, 24 orduko euskarri-arreta bat behar dutenak. 3) Etxebizitza Zerbitzukoak izanda, beren lan bizitzaren amaieragatik, osasunaren ezusteko narriaduragatik edo gaixondo luzeagatik, arreta integrala behar dutenak, barne hartuta egunekoa modu iragankor batean.

 

Beheko solairua eraberritua

Loperdi Berri etxea 1984tik ari da erabiltzen Atzegi, familia ongile baten lagapenari esker. Bertan, hiru etxebizitza independentek funtzionatu izan dute, 24 pertsonarentzat, guztira, eta beheko solairua gutxiegi erabilita dago. 2016an, Atzegik, beste familia elkartekide baten dohaintzari esker, eraikinaren jabetza eskuratu zuen, eta horrek ahalbidetu zuen zerbitzu berri horri leku ematea.

Osorik eraberritu da eraikinaren beheko solairua, eguneko zentro bezala erabiltzeko, eta hainbat espazio atondu dira egonaldirako eta jardueretarako. Kanpoko ataripe bat gehitu zaio lorategira ematen duen fatxadan, kanpoko galeria gisara, metal-arotzeriako elementu mugikor bat jarrita, zeinari esker ataripea guztiz ireki eta itxi baitaiteke. Orobat egin zen barneko sarbide bat, elkarrekin komunikatzeko eguneko zentroa eta lehen solairuko etxebizitza.

Eta kanpoko partzelari dagokionez, jarduketa garrantzitsu bat egon zen, lursailak kota ezberdinak baitzituen. Urbanizatu egin da eraikinarekin ukipenean dagoen aldea, non egonaldi eta pasealdi zonak atondu diren, eta espazioa irisgarritasun irizpideetara egokitu den. Gainera, sarrera berri bat eman zaio partzelari, baliagarria dena mugikortasuneko zailtasunak dituzten pertsonak ibilgailuz sar daitezen.

Bukatzeko, diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoan, 54.810 pertsona daude desgaitasunen batekin (hau da, Gipuzkoako biztanleen % 7,63), eta mendekotasun graduren bat dutenak, berriz, 28.207 pertsona dira (alegia, biztanleen % 3,93). Horien guztien artean, 16.273 pertsonak dute «bai desgaitasun bai mendekotasun motaren bat». Horiek horrela, Foru Aldundiak desgaitasunen bat duten pertsonekiko duen “konpromisoa” nabarmendu du Olanok; zehazki arlo horretan egindako inbertsioa Gizarte Politikako Departamentuak 2018rako duen aurrekontuaren % 18,3 da. Guztira, aipatu Departamentuko aurrekontua 376,9 milioi euro da; alegia, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen aurrekontu osoaren % 47. «Hau da, aurreko ekitaldian baino 13,3 milioi gehiago inbertitzen dugu Gizarte Politikan. Horrek zera esan nahi du: alde batetik, 2017ko gastua, pertsonako, 507 euro bazen, 2018an, aldiz, 525 izatera pasatzen dela; eta bestetik, 30.000 bat gipuzkoarren beharrei erantzuten diegula», amaitu du Olanok.

  

2113