Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak 480.000 euro bideratuko ditu goi mailako ikerlariak kontratatzeko

Aldundiak 480.000 euro bideratuko ditu goi mailako ikerlariak kontratatzeko

Diputatuen Kontseiluak Fellows Gipuzkoa laguntzen deialdia onartu du, lurraldeko I+G+B ekosistemarako.

Aurten, Aldundiak 480.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Fellows programara. Programa horren helburua da doktoretza ondoko prestakuntza eta nazioartean garrantzia duten ikerketa taldeetan esperientzia dituzten langileak Gipuzkoako ikerketa taldeetara bideratzea, eta, horrela, haien maila zientifikoa handitzea. Bi ekintza lerro izango ditu oraingoan ere: batetik, talentua erakartzea, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetan integra daitezen; eta, bestetik, talentua atxikitzea, hiru urtez beren taldeetan mantentzen laguntzeko. Oinarriak laster argitaratuko dira GAOn, eta eskaerak egiteko epea apirilaren 26ra arte egongo da zabalik.

Deialdia Gipuzkoako teknologia zentro, unibertsitate, IKZ, BERC, osasun ikerketako institutu edo enpresetako I+G unitateei zuzenduta dago, eta goi mailako talentua erakartzen eta finkatzen laguntzea du helburu. Ikertzailearen lehenengo urteko kontratazio gastuen % 100 finantzatzen da, betiere azken 3 urteetan Euskadin 6 hilabete baino gehiago lan egin ez badu; kontratazioaren bigarren urtean, gastu horien % 80, eta hirugarren urtean, gastuen % 70; horrela, zentroek ikerketa lanak epe luzeagoan egiten jarraitu ahal izango dute. Aldundiak iazko zuzkidura ekonomikoari eutsi dio, aurreko deialdian programari atxiki zitzaizkion ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzeko.

Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoarekin duten lotura, eta bereziki sustatzen da emakumeen laneratzea, eremu horretan dagoen genero arrakalari aurre egiteko. Aurten, berritasun gisa, Aldundia lanean ari da programa honi atxikitzen zaizkion pertsonek programaren amaieratik haratago jarraitzeko aukera izan dezaten, Ikerbasque Fundazioarekin lankidetzan, Fellows Gipuzkoako ikertzaile gisa bigarren urtean zehar ebaluatu ahal izateko. Une honetan 13 ikertzaile daude Fellows programak finantzatuta, eta horietatik 5 emakumeak dira. 2000. urteaz geroztik, Gipuzkoara 48 ikertzaile ekartzeko laguntza eman da.

Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak nabarmendu duenez, “jarduera horiek laguntzen dute gure I+G ekosistemaren bikaintasuna eta kualifikazioa handitzen, goi mailako fitxaketa horien bidez. Horrela, ezagutza aurreratu gehiago sortu ahal izango dugu, jendearen bizitza eta osasuna hobetzen duten aurrerapenak ekarriko dituena, eta gure ekonomia indartu ahal izango dugu, etorkizun handieneko sektoreetan kokatuz, eta kalitatezko proiektu ekonomiko eta enplegu berriak sortuz. Gipuzkoa bere lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko beharrezko eraldaketetan murgilduta dago, guztiak ere mugikortasunarekin, klima aldaketarekin, zahartzearekin edo digitalizazioarekin lotuta. Eta talentu ikertzailea horiek bultzatzeko palanka bat da». 

Gogorarazi duenez, Gipuzkoak I+Gra bideratutako baliabideen maila EBkoa baino handiagoa da, bai BPGd-aren ehunekoari dagokionez (% 2,4 eta % 2,2, hurrenez hurren), bai dedikazio osoko I+Gko langileei dagokienez (% 2,4 eta % 1,4, hurrenez hurren). Gipuzkoaren posizio ona are nabarmenagoa da konparazioa eskualdeen artean egiten bada, eskualde horien I+Gko gastuaren batez bestekoa % 1,4koa baita. “Baina gure asmoa mundu mailako puntako herrialdeen mailara hurbiltzea da, eta horrek etengabeko ahalegina eskatzen du, Fellows bezalako programen bidez”, adierazi du amaitzeko.

  

1953