Aldundiak 893.074 euro bideratu ditu lehen sektorera, Covid-19aren eragina arintzeko
Aldundiak 893.074 euro bideratu ditu lehen sektorera, Covid-19aren eragina arintzeko
Pandemiak gehien kaltetu dituen jarduerak babesteko Erreskate Plana lurraldeko 290 ustiategitara iritsi da.
Gipuzkoako 290 ustiategik jaso dute lehen sektorerako Erreskate Planaren onura. Horren bidez, Aldundiak Covid-19ak gehien kaltetu dituen azpisektoreei lagundu die, 893.074 euroko zuzeneko laguntzekin: artzaintza, sagardoa, txakolina, nekazalturismoak, lore-mozketa eta zezenketa-ustiategiak. Helburua da pandemiaren ondorioz jarduera horiek izan duten diru-sarrera falta arintzea, jarduera ekonomikoari, enpleguari eta landa-ingurunearen dinamismoari eutsita.
Laguntza horien % 36,2 (323.336 euro) ardi- eta ahuntz-azienden ustiategietara bideratu dira, eta azpisektore horrek izan du eskaera-kopuru handiena, zehazki 141 onuradun. Aitzitik, laguntzen % 26,6 (237.460 euro) sagardo ekoizleentzat izan dira; zehazki, 52 izan dira onuradunak. Txakolinaren kasuan, 115.405 euro banatu dira 26 ekoizleren artean, laguntzen % 12,9. Pandemiak nekazaritza-turismoei ere zuzenean eragin die, eta, beraz, laguntzen % 19 azpisektore horrentzat izan dira. Bestalde, landare apaingarrien ustiategiek laguntzen % 2,6 jaso dute (23.250 euro), eta 5 ustiategi izan dira onuradunak. Azkenik, sei zezen-ustiategik 24.050 euro jaso dituzte, hau da, laguntzen % 2,7.
Krisiak lehen sektorean izan duen eragina desberdina izan da, azpisektore batzuek jarduerari eutsi ahal izan baitiote, batez ere premia biziko elikagaien hornidurari; beste batzuek, berriz, zuzenean jasan dute geldialdi ekonomikoaren eta alarma-egoerak eta ondorengo murrizketek eragindako eskari-krisiaren eragina. Horrek kalte ekonomiko nabarmenak eragin dizkie autonomoei eta ETE-ei.
Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak adierazi duenez, Aldundiak sektoreko eragileei laguntza eskaintzen jarraituko du aurrera egiteko. "Badakigu une zail hauetan laguntzak beharrezkoak direla eta, horregatik, 2021ean ildo beretik jarraituko dugu. Aldundiak jarraipen berezia egingo die pandemiak eragindako ondorio negatiboei, berehala jardun ahal izateko eta lehen sektore indartsu eta dinamiko baten etorkizuna bermatuko duten laguntza-plan eraginkorrak eskaintzeko. Izan ere, krisi honek agerian utzi du jarduerarengarrantzi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa".
Mahatsa biltzeko laguntzak
Bestalde, eta Covid-19ak txakolinaren sektorean sortutako galeren ondorioz, Aldundiak mahatsa biltzeko laguntza bereziak jarri ditu martxan. Helburua Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenean izena eman duten mahastizainek mahats-bilketa kanpainarako sasoikako langileak kontratatzeko baldintza egokiak bete ahal izateko laguntzak ematea da. Deialdi honetarako hasierako aurrekontua 100.000 eurokoa zen, baina eskaera kopurua dela eta, 168.284 eurora igo da. 23 mahastizainek egin dute eskaera eta bakoitzak 25 euroko laguntza jasoko du lan egindako egun bakoitzeko.
2297